Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek bat egiten du, beste urte batez, "Klimatoia, Eibarko Gazte Ekoekintzaileak 2019" ekimenarekin

2019/10/18

Asteburuko maratoi honetan planetaz arduratuta dauden ikasle eta gazte profesionalek enpresa-irtenbide sortzaile, inklusibo eta jasangarriak diseinatzen dituzte klima-aldaketaren aurka. Eibarrek Climate-Kic Europako hirien sarearen parte izatearen aldeko apustua egiten du, hiri horiek ekoekintzailetzatik klima-aldaketari, efizientzia energetikoari eta energia berriztagarriei buruzko ikerketa-ekosistemak bultzatzen baitituzte enpresa- eta hezkuntza-eremuan.

Urriaren 25, 26 eta 27an, Eibarren "Klimatoia, Gazte Ekoekintzaileak Eibar 2019" egingo da, gazte profesionalei eta unibertsitateko (gradu eta masterrak) eta lanbide-heziketako azken urteetako ikasleei zuzendua. 

Topaketa honen helburua da ideia berritzaile eta iraunkorrak bultzatzeko  aukerak eskaintzea, enpresei irtenbideak emateko, klima-aldaketara egokitzearen arloan aurrera egiteko.

Jon Iraola, Eibarko Udaleko Ingurumen zinegotziak hauxe adierazi du: “lehen edizioaren emaitza onak animatu egiten gaitu Klimatoia garatu eta beste behin ere antolatzera. Ingurune aparta da, eta bertan jende gaztea eta prestatua biltzen dugu, benetako proiektu eta negozio lerroak dituzten enpresa eta erakundeekin batera, guztiak ideia komun baten alde: enpresa-soluzioak —alegia, ingurunerako lana eta aberastasuna—, ingurumena eta ditugun baliabide naturalak balioetsi eta errespetatuko dituztenak.

Horretarako, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute www.climatoneibar.org webgunearen bidez urriaren 24ra arte, hau barne. Ondoren, enpresek eta erakundeek planteatutako erronkei aurre egiteko taldeak eratuko dira. Horietan, taldeek berek lan egingo dute klima-aldaketaren eta ekintzailetzaren arloko adituekin batera, irtenbide bideragarriak identifikatu eta diseinatzeko, ekintzailetza- edo barne-ekintzailetzako proiektuetan oinarrituta.

Hala, “Klimatoia” posible izateko, beharrezkoa da instituzioek, enpresek edo erakundeek erronka bat, premia bat edo ideia berritzaile bat nabarmentzea produktu bat edo prozesu bat hobetzeko, non aldaketa klimatikoa, aurreztea, eraginkortasun energetikoa, hondakinen tratamendua edo kutsadura faktore erabakigarriak izango diren.

Ekimen honekin Eibarko udalerria eta Debabarrena eskualdea Europako mapan jarri nahi dira; alegia, aldaketa klimatikoaren aurka diharduten enpresa berritzaileen alde eta eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarrien alde egiten duten hirien barruan kokatu nahi dira.

Eskualdeak badu esparru horietan industria eta hezkuntza-egitura garrantzitsu bat, ikerketa eta ekintzailetza-ekosistema bat aktibatzeko, eta Klimatoia izan daiteke bultzada hori.

Ekimen hau Eibarko Udaleko Ingurumen eta Garapen Ekonomikoko arloen, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eta Eibarko Clima Lab (klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko ikerketa eta ekintza sustatzeko lanean diharduen erakundea) laguntzari esker antolatu da.

etiketak: Klimatoia, Eibar