Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek bat egingo du beste behin Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin

Eibarrek bat egingo du beste behin Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin

Kartela.

2019/11/19

“Konprometitu gaitezen Eibarrekin" lelopean, azaroaren 22an hondakinen prebentzioarekin lotutako hainbat jarduera egingo dira.

Beste urte batez, eta “Konprometitu gaitezen Eibarrekin” lelopean, Eibarko Udalak bat egingo du Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea ekimenarekin. Hala, azaroaren 22an, Udalak hainbat jarduera egingo ditu, eta guztien helburua izango da herritarrak sentsibilizatzea produktuak berrerabili, hondakin gutxiago sortu eta behar bezala kudeatzearen beharraz. 

Horrela, Udaleko Ingurumen arloak informazio gune bat jarriko du Untzagako plazan egongo den karpan, 10:00etatik 14:00etara eta 16: 30etik 19: 30era, Eibarko herritarrek birziklapenaren egoeraren berri izan dezaten eta hondakinak ondo bereiztearen garrantziaz kontzientziatu daitezen; materia organikoa eta errefusa azpimarratuko da bereziki.

Informazio guneak leku bat izango du jendearen zalantzak argitzeko: hainbat informazio-panel eta material egongo dira, birziklatzeari buruzko informazioa emateko eta gure kontsumo-ohiturak aldatzea eta ekonomia zirkularra bultzatzea sustatzeko. Gainera, nahi duenak ekarpenak egin ahalko ditu inkesta bat betez.

Informazio-guneaz gain, 16:30etik 18:30era haurrentzako bi tailer egingo dira, bata karterak eta txanpon-zorroak brick-ak berrerabiliz egiteko, eta bestea hondakinekin musika-tresnak egiteko.

18: 30etik 19: 30era, errefusako edukiontzi baten erakustaldi publiko bat egingo da, birziklatu litekeen edukiontzi grisean zenbat zabor desegoki botatzen diren ezagutarazteko, zabor desegoki horien tipologia ezagutzeko eta zentzu horretan hobetzeko aukerak zein diren jakiteko. Horretarako, gune bat egokituko da plastikozko olana batekin eta kolore ezberdinetako kuboekin, edukiontzi grisetik datozen hondakinekin betetzen eta pisatzen joateko. Hala, bertaratzen diren guztiek ikusi ahalko dute nola egiten dugun bereizketa gure etxean, eta, horrela, zalantzak argitu eta gure birziklatzea hobetzeko neurriak hartu ahalko ditugu, guztiok baikara gehiago eta hobeto birziklatzearen eta hondakin gutxiago sortzearen erantzule.

Eibarren birziklatzearen eboluzioa oso positiboa izan da azken urteotan, 2007an % 18,2-ko tasa izatetik 2018an % 56,2 inguruko tasa izatera, eta 2019ko irailean % 57,3 tasa; horrek erakusten du eibartarrek arlo horretan sentsibilizazio handia dutela.

Hala ere, nahiz eta birziklatze-portzentajea handitzen ari den, azken urteotan Eibarko bizilagunek gero eta zabor gehiago sortzen dute biztanle bakoitzeko, 2013an biztanleko eta urteko 334 kilo ekoiztetik 2018an 401 kilo ekoiztera igaro baita. Hala ere, 2017tik 2018ra jaitsiera txiki bat izan zen. (2017an 415 kg pertsona bakoitzeko 401 kg sortzera 2018an).

Beraz, oraindik ere ezinbestekoa da sortzen dugun hondakin-kopurua murriztea, gure kontsumo ohiturak aldatzea eta ekonomia zirkularra sustatzea.

Horregatik, Eibarko Udalak, beste behin azpimarratu nahi du hondakinak prebenitzearen garrantzia, eta sortzen ditugun hondakinak birziklatu eta egoki kudeatzeko beharra. Eta horretarako, funtsezkoa da herritarrek behar besteko informazioa izatea, eta hondakin gutxiago sortu, birziklatu eta zaborraren sailkapen egokia egiteak duen garrantziaz jabetzea.

Gure etxeetan sortzen dugun zaborraren % 40 materia organikoz osatua dago, bereziki janari-hondakinez. Horregatik, ezinbestekoa da jakitea zer bota dezakegun Debabarrenako Mankomunitateak doan banatzen dituen poltsetan (konpostagarriak), eta beharrezkoa da baita dagokion edukiontzi marroian lagatzea ere. Azken urtean dezente hazi dira organikoak ez izanik edukiontzi marroietan laga diren hondakinak, alegia, edukiontzi bati ez dagokion hondakina.  

Bestalde, etxean erabilitako olioaren birziklapena ere protagonista izango da sentsibilizazio-kanpaina honetan. Horretarako, azaldu egingo da nola birziklatu olio hori eta herritarrek gai horretan dituzten zalantzak argituko dira.  

BH-ko 1. mailako ikasleek herritarren sentsibilizazio-kanpainan parte hartuko dute.

Iazko esperientzia ona ikusita, aurten ere Eskola Agenda 21 proiektuan parte hartzen duten Bigarren Hezkuntzako bi ikastetxek (La Salle Azitain eta IES Eibar - Isasi) modu aktibo eta zuzenean parte hartuko dute Hondakinak Prebenitzeko Europako Aste honetan. Hala, eta tailerraren parte gisa, DBH 1. mailako 11 ikasle-talde kalera irten eta eragile ezinbesteko bihurtuko dira eibartarrei gaiaren inguruko informazioa jakinarazteko.