Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek bat egingo du beste behin Euskadiko Klima eta Energiaren Asteklimarekin

Asteklima 2023ko kartela.

Asteklima 2023ko kartela.

2023/09/22

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez, hainbat jarduera antolatuko ditu Asteklima irailaren 23tik urriaren 2ra egingo dela-eta. Klima-aldaketaren aurkako borrokan, tailerrak, hitzaldiak, txangoak, jolasak eta bestelako mikrotopaketa batzuk antolatuko dira publiko guztiarentzat; 935.665 biztanle biltzen dituzten 55 toki-erakundek eta 7 eskualde-erakundek hartuko dute parte.

ASTEKLIMA Klimaren eta Energiaren astea 2023ko irailaren 22tik urriaren 1era bitartean egingo da laugarren aldiz, ‘Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da’ lelopean. Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea 2019ko martxoan hasi zen, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatuta, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bitartez, eta helburua da herritarrak trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez eta Ihoberen laguntzarekin (Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoa), hainbat jarduera egingo ditu irailaren 22tik urriaren 1era bitartean, gaur egun dugun erronka handienetako baten inguruan sentsibilizatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso pertsonalak hartzeak duen garrantziaz ohartarazteko.  

Horrela, Eibarko Astekliman egingo den lehenengo jarduera irailaren 25ean eta 26an izango da (irailaren 25ean 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era eta irailaren 26an 10:00etatik 13:30era, goizez bakarrik) Untzagan (Errebal plazan euria eginez gero). Erakusketa didaktiko bat antolatu da, non 18 horma-irudiren bidez, eragileak, inpaktuak eta konponbideak jasotzen diren, herritarrei klima-aldaketaren nondik norakoak modu errazean helarazteko; halaber, hainbat gairi buruzko informazioa emango da, hala nola berotegi-efektuko gasak isurtzen dituzten sektore nagusiek azken urteotan tokiko mailan izan duten joera, udal-jarduerari lotutako karbono-aztarna, eta Udalak azken urteotan arlo honetan egin dituen jarduera nagusiak.  Erakusketa jende orori zuzenduta dago eta bisita doakoa izango da. Ingurumen-dinamizatzaileak egongo dira bertan, zalantzak argitu eta azalpenak emateko.  

Horrekin batera, irailaren 25ean, astelehena, 17:00etatik 19:30era, umeentzako jolasak izango dira Untzagan (Errabalgo Plazan, euria eginez gero). Jolasetan parte hartzeko bi txanda egongo dira, bata 17:00etan eta bestea 18:30ean.

Lehenengoan Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) landuko dira, oinarritzat antzararen jokoa hartuta. Bigarren jolasa “Ipar Poloa salbatzera goaz!" jarduera kooperatibo bat da, lima-aldaketak Ipar Poloko animalietan duen eragina lantzen duena. Taldeak egingo dira eta parte-hartzaileek elkarlanean jardun beharko dute klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko. Jolasak 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat dira eta bakoitzak 45 bat minutu iraungo du.

Irailaren 27an, asteazkena, 18:00etan, Coliseoan Jonathan Clayren “Gure planetaren mugak. Begirada zientifiko bat.” proiektatuko da. Pelikula-dokumental horretan David Attenboroughek eta Johan Rockström zientzialariak lurraren biodibertsitatearen kolapsoa aztertzen dute eta nola oraindik ere garaiz gabiltzan krisi hori saihesteko.  Filma gaztelaniaz izango da eta 12 urtetik gorakoentzat gomendatzen da. Sarrerak doakoak dira, eta aldez aurretik har daitezke Coliseoko lehiatilan, astelehen eta ostiraletan, 17:30etik 19:30era, edo Kutxabankeko online plataforman.

Irailaren 28an, osteguna, 18:00etan, umeei zuzendutako “Azken eguzkilorea” antzezlana eskainiko da.  Ikuskizun bat da, marionetak eta maskarak erabiltzen dituena. Publikoaren imajinazioarekin jolastuz, euskal mitologia landu eta klima-aldaketaren ondorioak salatzen ditu. Ikuskizun hau euskaraz da eta 5 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Sarrerak doakoak dira eta Coliseon eskura daitezke, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era, edo Kutxabanken.

Azkenik, urriaren 1ean, igandea, 19:30ean, Lurgaia Fundazioaren eta Eibarko Baso Biziak elkartearen laguntzarekin  “Gure basoak eta klima-aldaketa” jarduera egingo da. Ibilbide bat eginez, Eibarko baso-ekosistemak ezagutuko dira, bertan bizi diren animaliak eta landareak, basoko elementu ezberdinen arteko interkazioak, basoaak karbono-erreserba gisa duen garrantzia, eta klima-aldaketaren aurrean erantzuteko duen gaitasuna. Jarduera herritar ororentzat izango da, 4 ordu inguru iraungo du eta 6 km inguruko ibilbidea izango du Eibarko ingurune naturalean zehar, Santa Kurutz ermitatik abiatuta (Mandiola bailara, 1). Izen-emateak irailaren 28ra arte egin ahal izango dira (egun hori barne) info@lurgaia.org helbidera e-maila bat bidaliz, parte-hartzaileen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat adieraziz. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da emailez konfirmazioa jasotzea. Jarduera euskaraz eta erderaz egingo da.

Azkenik, Eibarko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek eskoletan bertan emango diren tailer zientifiko batzuetan hartuko dute parte.

Jarduera hauek guztiak antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat jaso du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik.

Informazio gehiago ingurumena@eibar.eus helbidean eta 943 70 84 08 telefonoan. 943 70 84 08