Eibarko Udala
Asteklima 2024

Eibarrek bat egingo du beste behin Asteklima 2024 ekimenarekin

2024/10/17
Asteklima 2024 ekimenaren kartela.
Asteklima 2024 ekimenaren kartela.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez, hainbat jarduera antolatuko ditu, Asteklima urriaren 18tik 27ra egingo dela aprobetxatuz. Klima-aldaketari aurre egiteko ekimen honetan, hainbat jarduera eta ekintza egingo dira: tailerrak, ipuin-kontaketak, bisita gidatuak eta publiko guztientzako beste mikrotopaketa batzuk, tokiko eta eskualdeko hainbat erakundetan.

ASTEKLIMA Klimaren eta Energiaren astea bosgarren aldiz egingo da Euskadin, 2024ko urriaren 18tik 27ra, ‘Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da’ lelopean. Ekimen honek, 2019ko martxoan jaio zenak, trantsizio energetiko eta klimatikoaren beharraz kontzientziatzea eta mobilizatzea du xede, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatzen du, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren laguntzarekin.  

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez eta Ihoberen laguntzarekin, hainbat jarduera egingo ditu urriaren 18tik 27ra bitartean, eibartarrak gaur egun dugun erronka handienetako baten inguruan sentsibilizatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso pertsonalak hartzearen garrantziaz ohartarazteko.   

Hala, urriaren 18tik 27ra bitartean, Asteklimari buruzko interesgune bat jarriko da Udal Liburutegian. Bertan, klima-aldaketarekin lotutako hainbat liburu egongo dira eskuragai, bai eta helduentzako eta haurrentzako irakurketa-gidak ere.

Urriaren 19an, larunbata, 10:00etatik 14:30era bitartean, Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azokaren bigarren edizioa egingo da Untzaga plazan, "Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia" lelopean. Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak eta Egoaizia GKEak antolatu dute azoka, Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailarekin eta Garapenerako Lankidetza Arloarekin, Debemen Debabarreneko Landa-Garapeneko Elkartearekin eta ENNEK-Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean.

Urriaren 20an, igandea, 11:30etik 15:00etara, KLIMA AZOKA izeneko esperientzia interaktiboa egingo da Untzagan (euria bada, Errebal Plazan), herritarrak klima-aldaketari aurre egiteko beharraz mobilizatu, hezi eta kontzientziatzeko.

Azoka honetan, ibilbide bat egitea proposatzen da hainbat gai jorratuko dituzten karpetan barrena, hala nola klima-aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumoa, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua. Gainera, bertaratzen direnei aukera emango zaie gai horien inguruko banakako konpromiso bat formalizatzeko.

KLIMA AZOKAk “pasaporte” formako dinamika ludiko bat proposatzen du,  autodiagnostiko-probak, informazioa, eta balizko jarduketak proposatuz. Karpa bakoitzak jolasak ditu eguneroko bizitzaren hainbat alderdiri eta klima aldaketan duten eraginari buruz sentsibilizatzeko. Azken helburua da bisitariek erronka bat hartzea eta ekintzaren batekin konprometitzea.

Urriaren 26an, larunbata, 18:00etan, Portaleko Areto Nagusian, Udal Liburutegiaren laguntzarekin, "Bazen behin oihan zikin bat" izeneko ipuin-kontaketa saio bat antolatu da 3 eta 7 urte bitarteko umeentzat. Txikienek modu desberdin batean ikasiko dituzte klima-aldaketari buruzko zenbait gauza. Jarduera euskaraz da eta 50 minutuko iraupena du. Aldez aurretik izena eman behar da urriaren 21etik 24ra (biak barne), formulario honetan: https://formularioak.eibar.eus/es/oihanazikinbat/.

Azkenik, urriaren 27an, igandea, 19:30ean, Lurgaia Fundazioaren eta Eibarko Baso Biziak elkartearen laguntzarekin “Botanika, baso-kudeaketa eta klima-aldaketa (Pagaegikorta proiektua)” izeneko ibilbidea egingo da. Ibilbide horren bidez, Izua inguruan, zehazki, Udalak iaz erositako Pagaegikortako udal lursailean, baso autoktonoa berreskuratzeko egiten ari diren proiektua ezagutuko da. Gainera, ezagutzera emango dira Eibarko baso-ekosistemak, bertako flora eta fauna, basoko elementu ezberdinen arteko interakzioak, basoaren papera karbono-erreserba gisa eta klima-aldaketari erantzuteko duen gaitasuna. Jarduera herritar ororentzat izango da eta 4 ordu iraungo du. 4 km-ko ibilbide bat egingo da Eibarko ingurune naturalean zehar, Urkora joateko Izuako aparkalekutik abiatuta.

Plazak mugatuak dira. Izen-emateak urriaren 24ra arte egin ahal izango dira (egun hori barne) info@lurgaia.org helbidera e-mail bat bidaliz. Parte-hartzaileen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat (ustekabeetarako) adierazi beharko dira. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da e-mailez konfirmazioa jasotzea. Jarduera euskaraz eta erderaz egingo da.

Azkenik, Eibarko sei ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek eskoletan bertan emango diren tailer zientifiko batzuetan hartuko dute parte.

Informazio gehiago ingurumena@eibar.eus helbidean eta 943 70 84 08 telefonoan. 943 70 84 08.