Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek aurten 500.000 eurotik gora izango ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzei aurre egiteko

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/04/08

Eusko Jaurlaritzak bigarren urtez jarraian partida handitu izanak aukera emango du eskaera gehienei erantzuteko Udalak laguntza horien zati bat bere gain hartu beharrik izan gabe. Udalak laguntzak emateko aurtengo irizpideak onartu ditu eta tramitazioa eta baita eskaerak egiteko prozesua ere, urriaren 22ra arte zabalik egongo dena.

Eibarrek 525.526 euro bideratuko ditu aurten Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL); Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Politiketako Sailak egiten du partidaren ekarpena eta Udalaren Gizarte Zerbitzuen arloak kudeatu. Eusko Jaurlaritzaren ekarpen horrek —gora egin duena nabarmen azken bi urteetan— aukera emango du eskaera gehiagori erantzuteko; izan ere, nahiz eta Eusko Jaurlaritza izan laguntzen erakunde eskuduna, azken urteotan ez zen nahikoa jarritako partidarekin, eta Udalak jarri behar zuen dirua eskaera guztiei erantzun ahal izateko.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan “Bigarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena handiagoa da, eta aurrekontu horrekin aurre egin ahal izango zaie egiten diren GLLetako eskaera gehienei. Aurtengo aurrekontuak agerian uzten du Gizarte Politiketako Sailak duen konpromisoa laguntza hauekin, hain beharrezkoak familia askorentzat".

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak emateko aurtengo irizpideak onartu ditu Udalak, bai eta laguntzen gehieneko zenbatekoa eta tramitazio prozesua ere.

Aurtengo oinarrien arabera, eskaera-epea zabalik dago jadanik eta urriaren 22an amaituko da. 2021ean emandako laguntzak justifikatzeko epea abenduaren 31n amaituko da.

Gizarte Larrialdietako Laguntzak, besteak beste, erabiltzen dira ohiko etxebizitza edo bizitokia ordaintzeko; etxebizitza-maileguen interes eta amortizazioei aurre egiteko edo etxebizitza mantentzeko, eta oinarrizko premiei erantzuteko.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak aldizkakoak ez diren laguntza ekonomikoak dira eta gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren gastu zehatzei (ohikoak edo ez-ohikoak) aurre egiteko nahiko baliabide ekonomikorik ez duten pertsonen beharrizanak betetzera zuzenduta daude.

Iaz Eibarko Udalak 619 eskaera onartu zituen guztira, 555.000 euroko partida batekin. Egin ziren eskaera motari dagokionez, nabarmen gehitu ziren etxebizitza alokatzeko laguntzak. Beste eskaera batzuk izan ziren mantentze eta energia gastuak ordaintzeko, etxearen maileguari aurre egiteko, edo oinarrizko premiak asetzeko.