Eibarko Udala
aspace 50. urteurrena

Eibarrek Aspaceren 50. urteurrena ospatuko du, jai-giroko programa inklusibo batekin

2025/04/02
Aspaceko kideak eta udal ordezkariak.
Aspaceko kideak eta udal ordezkariak.

Larunbatean, apirilak 5, urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dira.

Eibar prestatzen ari da Aspaceren 50. urteurrena ospatzeko, elkartearen lana balioan jarriko duen jarduera ludiko eta kulturalez betetako jardunaldi batekin. Ekitaldia larunbat honetan egingo da, eta herritarrentzako elkargunea izango da;  ikuskizunak, musika eta merienda bat egongo dira, besteak beste.  

Kalejira batek emango dio hasiera ekitaldiari, 17:00etan. Untzagatik irten eta Errebaleraino joango da jendea kalejiran, trikitilariekin eta Algaraklown taldeko pailazoekin batera.  Errebalera iritsi eta, 18:00etatik aurrera, Algaraklown taldekoek bideratutako jolasak eta animazioak egingo dira, baita Simón Ezquiagaren emanaldia eta Alain Zulaika ilusionistaren ikuskizun bat ere. Ospakizuna Fredy eta Hugo DJek girotutako diskoteka batekin amaituko da, eta Azitaingo sukaldaritza-eskolarekin elkarlanean antolatutako merienda bat ere egongo da.

Aspace Gipuzko taldearen historia guraso batzuen eskutik sortu zen orain dela mende erdi, garun-paralisia zuten euren seme-alabentzako arreta berezitua bermatzeko asmoz. Hasieran, Gipuzkoan kaltetutako familiei arreta ematea zuen xede elkarteak, eta lehen zerbitzuak Donostian eskaini zituen 1972an. Nolanahi ere, hasiera-hasieratik ikusi zen familiei bitartekoak hurbiltzeko premia zegoela, alegia, eskualdean ere zentroak sortzekoa.  

1973an inauguratu zen Eibarko Aspace elkarteko lehen zentroa, garai bateko Tuberkulosiaren aurkako Sanatorioko lokalen Udalaren doako dohaintzari esker,  eta obrek Umeen Benefizientziarako Eibarko Patronatuaren finantzazioa izan zuten. Zentro hau arreta integraleko modelo baten mugarria izan zen, eboluzionatzen joan zena profesional berriak formatuz eta garrantzi handiko figurak sortuz, hala nola begiraleak eta terapeuta okupazionalak. 

Eratu zenetik, Aspace Gipuzkoa lanean aritu da garun-paralisia duten umeen eskolaratzea sustatzeko, eta heziketa bereziko aukerak eskaini ditu laguntza handiagoa behar dutenentzat. 50 urte hauetan zehar, ehundaka ikasle pasatu dira Eibarko eskolatik. Gaur egun, zentroak heziketa bereziko bi gela ditu, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin  hitzartutakoak.

Egun, Eibarko Aspacek erreferente izaten jarraitzen du garun-paralisia eta antzerako alterazioak dituzten umeen heziketan eta arretan. Errespetuan eta ikasle bakoitzaren bakarkako gaitasunen balorazioan oinarritutako metodologia ardatz, zentroaren helburua ikasleen garapen integrala bultzatzea da, eta baita haiek gizarteratzea ere. 

Aspace Gipuzkoaren helburuak lehengoa izaten jarraitzen du: kalitatezko arreta bermatzea, gizarteratzea erraztea eta ikasleen ongizatea hobetzea. Gaur-gaurkoz, eskolan heziketa-premia handiko 10 ume daude, eta haietako bakoitzari egokitutako ikaskuntza-ingurua eskaintzen zaio.

Jon Iraola Eibarko alkateak bat egin nahi izan du urteurren honen ospakizunarekin, aitortza-mezu baten bidez Aspace Gipuzkoari eta 50 urte hauetan zentroaren zerbitzua  ahalbidetu duten pertsona guztiei: “Herritar guztiak gonbidatu nahi ditut urteurren garrantzitsu honetarako antolatutako jarduera guztietan parte hartzera. Aspaceren ibilbidea eta elkarteak inklusioaren eta aukera-berdintasunen alde egiten duen lana aitortzeko egokiera ona da. Eibar aniztasunarekin eta justizia sozialarekin konpromisoa duen herria da, eta honelako ekitaldiek balio horien indartzea ahalbidetzen digute”.