Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek 350.000 euro inbertituko ditu Azitain industrialdeko bi ezponda egonkortzeko lanetan

Eibarrek 350.000 euro inbertituko ditu Azitain industrialdeko bi ezponda egonkortzeko lanetan

Azitain industrialdeko irudia.

2019/09/18

Udalak “Industrialdeetarako Renove Plan”era jo du; horren bidez, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren dirulaguntza bat adjudikatu zaio, kostuaren erdia ordaintzeko. Egikaritza proiektua prestatze-fasean dago, eta aurreikusten da obrak urte honen amaieran adjudikatzea.

Eibarko Udalak luizien ondorioz kaltetutako bi ezponda egonkortzeko lanei ekingo die laster Azitaingo industrialdearen inguruan. Ezpondetako bat Azitain enpresaren ostean dago, poligonoaren amaiera aldean, eta bestea Egascaren atzealdean, Erisonon. Bi lanen aurrekontua gutxi gorabehera 350.000 eurokoa izango da, eta diru horren erdia SPRIk jarriko du (Eusko Jaurlaritzari atxikitako erakundea).

Udalak aste honetan jaso du SPRIren jakinarazpena adieraziz lan horietarako 145.453 euroko diru-partida bat ematen diola. Dirulaguntza berretsita, udal zerbitzu teknikoek lanean dihardute bi ezpondak egonkortzeko egitasmoan, eta uste dute urria amaierarako izango dutela prest proiektua eta hasi ahalko direla obra kontratatzeko izapideak egiten, hala, urte-amaierarako adjudikatu eta obrei 2020 urte-hasieran ekiteko.

Luizi horiek sortutako arazoaren berri izan ondoren, Udalak hainbat azterketa geologiko eta geotekniko enkargatu zizkion Lurtek aholkularitza-enpresari, eta horien ondorioz esku-hartzea erabaki da, horretarako Industrialdeetarako Renove Planera joz; Renove Plana SPRIk sustatzen du eta haren helburua da Euskadiko industrialde eta enpresa-guneetan sor daitezkeen kalteak zuzentzeko neurriak hartzea.

Lehenbiziko luizia ABC enpresaren ostean dagoen harrizko ezpondan kokatzen da. Luizia pendiz aldakorreko mendi-magal batean gertatu zen. Harrizko ezponda gainean hormigoizko pista bat dago, inguruko baserri batzuei sarbidea ematen diena. Inguruan bi dorre elektriko daude. Ezponda horretan, 2008an antzeko luizi bat gertatu zen.

Bigarren kasuan, konponduko den gunea harrizko ezponda batean dago, Egasca enpresako instalazioen atzealdean, poligonoaren goi aldean, Erisono I izenez ezagutzen den lekuan. Harrizko ezponda bat da, bere garaian Egasca, Iris eta Rafael Lapeyra enpresetarako industria-nabeak kokatzeko egin zena.  Luiziaren ondorioz, harrizko bloke handiak jausi ziren.

Lurtek etxeak egindako bi azterketen bidez, informazio geologiko eta geoteknikoa lortu nahi da, ezponden oraingo egonkortasun-baldintzak ezagutzeko, bai eta egonkortzeko neurriak diseinatzeko ere. Azterketa horietan oinarrituz, Udalak egin beharreko obraren egikaritza-proiektua prestatuko du, behin betiko aurrekontua zehaztea ahalbidetuko duena; eta, etorkizunean beste luizi batzuk gertatzea saihestu edo arriskua murriztu egingo duena.