Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek 2.150.000 euro jasoko ditu Next Generation Europako Funtsetatik Txontako birgaitze integralaren proiekturako

Txonta auzoko artxiboko irudia.

Txonta auzoko artxiboko irudia.

2022/07/06

Partida honi gehitu behar zaizkio Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak lehendik jarritako diru-kopuruak. Txontako birgaitze-proiektua martxa onean doa eta bizilagun-komunitate batzuek bete dute dagoeneko dirulaguntzak eskuratzeko aurretiazko prozesua.

Eusko Jaurlaritzak aurreko astean Eibarko Udalari jakinarazi zionez, Next Generation Europako Funtsek 2.150.000 euroko partida bat bideratu dute Txonta auzoaren birgaitze integralaren proiekturako. Egitasmoa martxan dago dagoeneko, eta erritmo onean doa.

Hasiera batean, Txonta birgaitzeko proiektua auzoko 17 atari eta 224 etxebizitzatarako zen arren, atarietako bik proiektuan ez sartzea erabaki zuten, eta, beraz, proiektuan guztira 187 etxebizitza sartu ziren. Horietatik, 75ek (15, 17, 27, 44, 46, 48, 50 eta 52 zenbakiei dagozkienak) 2.150.000 euroko partida eskuratu ahal izango dute, proiektuaren hasiera-data eta hura jasotzeko ezarritako energia aurrezteko  portzentajeak betetzen dituztelako.

Datozen egunetan, Eibarko Udaleko zerbitzu teknikoek eta Eusko Jaurlaritzak aztertuko dute nola helarazi Europako Funts hauetako zenbatekoa bizilagunen erkidegoetara, eta baita zer eragin izango duten orain arte dauden gainerako dirulaguntzetan.

Gogora dezagun 2.150.000 euro hauei gehitu behar zaizkiela Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2017ko amaieran Txonta auzoari emandako 2.300.000 euroak (zenbateko hori 2.535.000 euroraino handitu zen 2020ko uztailean).  Gehitu behar dira, halaber, Udalak emandako 400.000 euroak, honako kasuan eman direnak: birgaitze-lanak egiteko Jabeen Erkidegoei emandako gainerako dirulaguntzen zenbatekoa obretako partiden baturaren % 60 baino txikiagoa denean, BEZa barne.  

Laguntza hauen xedea da, alde batetik, igogailuak, arrapalak eta etxebizitzen irisgarritasuna bermatzeko balio duen beste edozein obra instalatzea, eta, bestetik, eraikinaren inguratzailea hobetzea (fatxadak, teilatua, hegalak). Halaber, energiaren kontsumoa murrizteko borondatezko beste jarduera batzuk lagunduko dira diruz, hala nola galdara indibiduala ordeztea errendimendu altuko gas naturaleko beste batez; ur beroa lortzeko sistemak ezartzea eguzki-xafla termikoen bidez; edo berogailu-sistemak eta ur bero zentralizatua izatea, biomasa-galdara edo energia berriztagarriko beste sistema batzuk jarrita.

Jon Iraola Eibarko alkateak zera esan du: “Eibarko Udala apustu irmo eta etengabea egiten ari da gure herriko bizitegiak birgaitzeko eta hobetzeko. Gainera, bai Eusko Jaurlaritzak, Iñaki Arriola sailburu sozialistaren eskutik, bai Espainiako Gobernuak, beharrezko babesa eman digute herriko auzo enblematikoenetako baten eraikuntzak —horrela nahi izan duten komunitateak, gutxienez—  modu integralean berroneratzeko helburua betetzeko; horretan dihardugu atsedenik gabe duela ia 5 urtetik, eta, azken txanpan sartzen ari gara.”

Gaur egun, proiektua oso aurreratuta dago, eta Txontako hainbat erkidegok bete dituzte dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak.  Izan ere, erkidego batzuetan dagoeneko hasi dira lanak, eta beste batzuetan amaitu egin dituzte; gainerakoek, berriz, auzoko birgaitze integralerako proiektuaren gestioak eta izapideak egiten jarraitzen dute.

Txonta Opengela

Eraikinak birgaitzeko prozesu osoan bizilagunei laguntzeko, Txontak auzo-bulego bat du, proiektua martxan hasi zenetik ia, eta bulego horrek, leihatila bakar gisa, auzotarren eskaerak bideratzeko balio du, bai eta proiektuaren garapenean sor daitezkeen arazo guztiei erantzuteko eta konpontzeko ere. Bulego horri Txonta Opengela deitzen zaio. Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektua da hiri-berroneratzearen bidez, hirietako bizi-kalitatea hobetzea duena helburu. Orain arte, bi proba pilotu egin dira bi auzotan: Otxarkoagan (Bilbo) eta Txontan.