Eibarko zarata maila nabarmen murriztu da 2009an egindako azken neurketetatik

Egun biztanleen % 7,3k zarata maila handia jasaten dute, duela 12 urte baino % 37,7 gutxiago; horretan lagundu dute, besteak beste, trenbidearen estaldura partzialak, saihesbidea egin izanak edo erdiguneko abiadura-murriztapenak. Zarata Mapa berriak, astelehenean, hilak 6, aurkeztu zena eta hilabetez jendaurrean egongo dena, Ekintza Plan bat egitea planteatzen du, kutsadura akustikoa murritzeko neurriekin.
Zarata-mailak nabarmen jaitsi dira Eibarko kaleetan 2009an egindako azken neurketetatik, eta gaur egun, trenbidetik gertuen dauden tokietan, zenbait industrialde eta errepidetan eta bide-ardatz nagusi batzuetan izan ezik, herriaren gainerakoan hiri-eremu lasaiei dagozkien mailak daude.
Azken Zarata Maparen ondorioak —Udalaren enkarguz ACC Centro de Acústica Aplicada taldeak egindako lanetik ateratakoak— astelehenean aurkeztu ziren Udalaren osoko bilkuren aretoan egindako jendaurreko ekitaldi batean. Aurkeztutako lana zarata-maila handiena sortzen duten lau fokutan oinarritzen da: errepideetako bide-trafikoa, kaleetako bide-trafikoa, trenetako trafikoa eta jarduera industrialak.
Oro har, azterlan honen arabera, nabarmen jaitsi da zarata-foku guztien eragina, baina nabarmentzekoa da asko jaitsi dela kaleetako trafikoaren eragina. Hala, 2009an Eibarko biztanleen % 37k (lurretik 4 metroko altueran eragindako biztanleria) kalitate akustikoaren helburuetatik gorako mailak jasaten zituzten, eta gaur egun kopuru hori % 7,4koa da.
Jon Iraola alkateak: “Zalantzarik gabe, herrian, biztanle-kopuruagatik eta eskaintzen dituen zerbitzuengatik, egunero hainbat zarata mota sortzen dira. Eta egia da ere Eibarren toki batzuek zaratatsuak izaten jarraitzen dutela. Nolanahi ere, neurketa berri hauen datuek erakusten digute azken urteotan hartutako neurri zuzentzaileak eragina izaten ari direla eta laguntzen ari direla erdigune osasungarriago bat izaten”.
Hala, Iraolak zera gaineratu du: “Lanean dihardugu Eibarren oinezkoa protagonista izan dadin eta erdiguneko trafikoa ahalik eta gehien murrizteko, eta horrek guztiak lagunduko du zarata-mailak murrizten datozen urteotan”.
Eibarko Zarata Mapa berriaren arabera, kutsadura akustikoaren jaitsieran bi alderdik lagundu dute: zarata mapa egitean bide-trafikorako erabilitako kalkulu-metodoa aldatu izana (kalkulu bateratu europarreko metodo berria, araudiak markatzen duena) eta herrian azken hamabi urteetan egindako zenbait jarduketa. Jarduketa horietan sartzen dira Amañako geltokiaren eta Ardantzako geltokiaren arteko trenbidearen estaldura partziala.
Eragina izan du baita ere Eibarko saihesbidea eta haren adarrak amaitu izana, horiei esker hiriguneko zirkulazio-igarobidea murrizten baita; eta baita Euskotreneko lineatik pasatzen den bidaiari-tren unitateak aldatu izana, oraingoak ez dira-eta lehengoak bezain zaratatsuak.
Gainera, azterlanaren arabera, aldaketa garrantzitsuak egin dira Eibarko mugikortasunean hiriguneko trafikoa lasaitzea ekarri dutenak, hala nola abiadura orduko 30 km-ra murriztea; horren ondorioz, kaleetan sortutako zarata dezente jaitsi da.
Horren harira, Zarata Mapan islatutako emaitzetatik hainbat ondorio ateratzen dira. Lehena da zarata maila altuena duten tokiak, egun, AP-8 autobideak eragindako guneei dagozkiela, nagusiki Iparragirre, Fray Martin Mallea eta Urki Kurutzekua inguruetan. Kaleetako bide-trafikoari dagokionez, maila altuenak Otaolatik Barreneraino doan ardatzeko etxebizitzetan daude, Isasi, Urkizu edo Karmen kaleetatik igaroz, eta baita San Andres kalean ere.
Trenbideari dagokionez, zarata maila altuak atzeman dira gauez Euskotren linea inguruan; daturik altuenak, Ardantza eta Amaña geltokien artean estali gabe geratzen den tokian.
Jarduera industriala dela-eta, eragina honako lekuetan bakarrik atzematen da: industrialdeetan, Ospitalearen aldean eta Alfa inguruan. Bizitegi erabilerako lurzoruan, atzeman da toki gehienetan gune lasaiei dagozkien zarata-mailak erregistratzen direla.
Dekektatu da, halaber, badirela zenbait ikastetxe, zeinetan ezarritako kalitate akustikoen helburuak gainditzen diren.
Eragindako biztanleriari dagokionez, adierazi dute zarata gehien eragiten duen aldia gaua dela. Altueran egindako ebaluazioan (adierazle bat erabiliz, kontuan hartzen dituena altuera bakoitzerako zaratarekiko esposizio desberdina eta biztanleriaren banaketa eraikinetako solairu guztietan, eta ez soilik 4 metroko altueran), eragindako biztanleria osoa % 3,4 da, eta foku handiena errepideetako bide-trafikoa da.
Ondorio hauek jasota, zarata-mapa onartzen denetik urtebeteko epean, 5 urtera begirako ekintza-plan bat egin beharko da, zehaztuko duena zer estrategia eta neurri zuzentzaile eta prebentibo hartuko diren kutsadura akustikoa saihesteko.
Azkenik, azterlanak gomendio batzuk aurreratzen ditu kontuan hartu beharko direnak ekintza-planean. Jarduketa horien artean planteatzen da zarata-maila urratzen duten tokiak Babes Akustiko Bereziko Gunetzat har daitezela eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aplika daitezela.
213/2012 Dekretuaren arabera, mapari buruzko dokumentazioa jendaurrean egongo da hilabetez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Alegazioak aurkezteko epea 2022ko uztailaren 2an amaituko da (egun hori barne). Espedientea paperean dago aztertu nahi duenaren eskura, Hirigintza eta Ingurumen Sailaren bulegoetan (Untzaga plaza, 1). Halaber, dokumentua eskuragarri dago udal webgunearen Ingurumen Sailaren atalean.