Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak aho batez onartu du erabiltzaile eta kontsumitzaile ahulen eskubideak defendatzeko mozioa

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2022/03/07

Testuan jasotako puntuetan, Eibarko Udalak Administrazioarekin egin beharreko izapideak eskuragarriago egiteko konpromisoa hartzen du, eta herritarrei zerbitzuak ematen dizkieten herriko beste erakunde batzuei eskatzen die kontuan har ditzatela pertsona horien behar bereziak, sarbidea eta erabilera errazteko.

Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak aho batez onartu du erabiltzaile eta kontsumitzaile ahulen eskubideak defendatzeko mozioa.

Mozio horretan nabarmentzen da indarrean dauden araudiek ez dutela lortu kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko behar den besteko emaitza; izan ere, bezeroari arreta emateko zerbitzu gehienek gabezia handiak dituzte, batzuetan gabezia interesatuak, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak ahultasun eta babesgabetasun saihestezineko egoeran jartzen dituztenak.

Alde horretatik, Jon Iraola alkateak zera azpimarratu du: “Joan den urteko apirilean, mozio bat onartu genuen, Eibarko Pentsiodunen Mahaiak proposatuta. Mozio hartan, bankuei eskatu genien ematen dituzten zerbitzuak hobetzeko, arreta gertukoa, pertsonala eta presentziala behar duten edadeko pertsonak eta/edo pertsona zaurgarriak zerbitzuetara heltzea bermatzeko. Hala, testu berri honekin, zerbitzuren bat ematen duten herriko erakunde publiko eta pribatu guztietara zabaltzen dugu eskaera hori, baita Udalera bertara ere, behar duen arreta ez jasotzeagatik pertsona bakar bat bera ere ez dela zerbitzurik jaso gabe geratuko bermatzeko.”

Horregatik, Udalbatzak akordio hauek hartu ditu, pertsona nagusiekin,  mugitzeko zailtasunak dituztenekin eta gaitasun kognitiboa edo zentzumen-aniztasuna duten pertsonekin enpresek eta erakunde publiko eta pribatuek lagunkoi joka dezaten bermatzeko:

  • Eibarko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu: administrazio publiko honetan egin behar dituzten izapideetan zailtasun bereziak izan ditzaketen edadeko pertsonen eta edozein edadetako pertsonek dituzten zailtasunak aztertzea eta euren premiak kontuan hartzea zerbitzu-eskaintzan.
  • Eibarko Udalak hauxe eskatzen die udalerrian dauden enpresei eta zerbitzuak hemen ematen dituzten entitateei: pertsona kontsumitzaile zaurgarriei arreta pertsonalizatua ematea, edadeko pertsonak direlako eta zailtasun bereziak izan ditzaketelako.
  • Eibarko Udalak hauxe eskatzen die erakunde publiko zein pribatu horiei: kolektibo horien behar bereziak kontuan hartzea eta gertuko arreta azkarra ematea, kalean itxaron beharrik izan gabe.
  • Eibarko Udalak, banketxeei bereziki, hauxe eskatzen die: aurrez aurreko zerbitzua lanaldi osoan eskaintzea, adineko pertsonei zerbitzu horiek eten izanak sortzen dizkien kalteak gainditzeko.
  • Eibarko Udalak banketxeei, erakunde publikoei eta elektrizitatea eta gasa kudeatzeko bulegoei, besteak beste, hauxe eskatzen die: sistema digitalak edo makinak erabili beharrik ez izatea eskaintzen dituzten zerbitzuak edo produktuak eskuratzeko.
  • Udal honek konpromiso hau hartzen du: herritarrei arreta eskaintzeko ezarritako orduetan aurrez aurreko arreta eskainiko duela bere zerbitzu guztietan.
  • Era berean, Eibarko Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari hauxe eskatzen die:  aurrez aurreko arreta ematea beren eskumeneko zerbitzu bakoitzean, behar duten pertsonei beren eskaerak kudeatzean sortzen zaizkien arazoei erantzuteko, kalean zain egon gabe.
  • Eibarko Udalak tokiko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak honetara gonbidatzen ditu: edadeko pertsonei eta zailtasun bereziak dituzten pertsonei laguntasuna emateko neurriak hartzera, hala nola, erraz irekitzeko moduko ateak, heldulekuak sarreran, itxaroteko jarlekuak, poltsetarako eta paketeetarako euskarriak, probaleku erosoak eta irisgarriak, letra argi eta handiko kartelak, informazio eskuragarria, etab. Horretarako, Udalak sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina bat egingo du pertsona edadetuei eta zailtasun bereziak dituztenei laguntzeko praktika egokiei buruz.