Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalaren deklarazio instituzionala: "Ahanzturarik ez". Omenaldia Alejandro Telleria Estala jaunari (Eibarko Udaleko alkate-udalburu ohia)

Alejandro Telleria "Alkate Txikixa" omentzeko ekitaldiaren irudia.

Alejandro Telleria "Alkate Txikixa" omentzeko ekitaldiaren irudia.

2020/09/25

Alejandro Telleria "Alkate Txikixa" (1876-1939) omentzeko ekitaldia hartu zuen atzo, irailak 24, Coliseo Antzokiak, horretarako egin zen ezohiko udalbatzarrean. Bertan izan ziren Eibarko alkate zenaren senideak, Eibarko entitate nagusiak eta gure herriko alkate izandakoak.

Ekitaldia streaming bidez eskaini zen Eibarko Udalaren Youtubeko kanal ofizialean, eta ondorengo adierazpen instituzionala onartu zen:

Alejandro Telleria, Alkate Txikixa 

Gizon txikia zen, Eibarko grabatzaile bat, eta beste askok bezala,  kezka sozialak eta herri hobe bat egiteko ilusioa zuen; horrela heldu zen 1920an herriko alkate izatera, harik eta, 1921eko otsailean, argitalpenen kontrola ez zuela bete eta sediziora bultzatu izanaren akusaziopean, kargutik kendu eta auzitegi militar batek epaitu zuen arte, Ejertzitoaren aurkako irainak zeuzkan orri solte batek Alkatetzaren zigilua zeramalako. Azkenean, 1922an absolbitu zuten. 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan berriro alkate hautatua, handik bi egunera Errepublika aldarrikatu zen Eibarko udaletxeko balkoian. Haren agintepean eraiki ziren baserri-auzoetako eskolak,  Txontako labaderoa, Untzagako musika-kiosko berria…

 Alkatetzan egon zen 34ko urriko iraultzara arte. Iraultza hartan, 238 eibartar gehiagorekin, 15 hilabetez egon zen Iruñeko espetxean giltzapetuta; azkenean, 1936an amnistia eman zioten. Alkate-makila berriz eskuratuta, Agirre lehendakari hautatzeko laugarren mahaiko hiru kide haietako bat izan zen. Mahai hori Santanderren 1937an fusilatu zuten Florencio Marquiegui Debako alkatearekin partekatu zuen.

Ondoren, gerra iritsi zen; alkateak Eibar hornitzeko eginahalak egin zituen, biztanleria zibil gehiena herritik atera eta tokiko industria mobilizatu zuen;  gero, Santanderrera abiatu zen, handik Sestaora eta, azkenik, Frantziara ihes egiteko ahalegin hura egin zuen, ezerezean geratu zena. Donostian atxilotu zuten, Burgosera eraman, eta, ondoren, Valdenocedako kartzelara; han gaixotu zen. Burgosko ospitalean hil zen 1939ko urriaren 24an. Handik aurrera, ahanztura eta frankismoaren gau iluna. 

Ez ditugu gertakari haiek ahaztu nahi; ezin ditugu ahaztu alkate hura eta eskubide guztiak ostu zizkioten Udalbatza hura osatu zuten kide guztiak; gure obligazioa da fusilatu zituzten eibartarrak gogoratzea,  ez ahaztea beren obligazioa betetzeagatik ostrazismora kondenatuak izan ziren udal langileak, desterratu zituzten maistra haiek guztiak, Eibartik ihes egin eta erbestean bizi behar izan zuten pertsona guztiak, beren herrian isiltasun astun derrigortu batean bizitzera behartutako eibartarrak.

Min ematen duten ahanzturak daude, eta ez dute atzera bueltarik. Horregatik, horrenbesteko tristura eta hainbeste heriotza eragin zituzten gertaerak akorduan izateko eta horrelakorik berriro ez gertatzeko, bidezkoa da Alejandro Telleria Estala Eibarko alkatea gogoratzea. Gure herriko alkate izandakoa, bere azertu eta akats guztiekin,  jendearen bizitza hobetzen ahalegintzen diren pertsona guztien ikurtzat har dezakegu;  modu zintzoan, ideal baten alde lan egiten duten pertsona guztien ikur. Inork jasan behar ez dituen egoeretan hil ziren pertsona guztiak gogoratu nahi ditugu, gure historia itsutzen duen ahanzturaren leizean sekula berriro erori ez daitezen. 

 

Bideoa: Alejandro Telleria "Alkate Txikixa" omentzeko ekitaldia