Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalaren adierazpena, Haurren Aurkako Sexu-abusua Prebenitzeko Nazioarteko Eguna dela eta

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2021/11/19

Kontuan hartuta gobernuek eta gizarte zibileko erakundeek paper garrantzitsua izan behar dutela haurren eskubideak sustatzeko eta errespetatzeko, Haurren Eskubideen Hitzarmenean (19. eta 34. artikuluak) berariaz adierazten den bezala, eta haurrak abusuetatik babesten laguntzeko, WWSFk, Emakumeen Munduko Gailurra Fundazioak 2000. urtean, Haurren aurkako Abusuak Prebenitzeko Munduko Eguna abiarazi zuen, urtero, azaroaren 19an ospatzeko, Haurren Eskubideen Egunarekin sinergian (azaroak 20). Egun horren xedea da haurren aurkako sexu-abusuak badaudela agerraraztea eta prebentzio programak hedatzeko dagoen premia handiaz ohartaraztea.

Euskadi mailan, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen barruan dago Haurren arkako sexu-abusuei heltzeko ponentzia, biktimen prebentziorako, detekzio goiztiarrerako eta babeserako elementuak identifikatzeko, ez errepikatzeko eta erreparatzeko bermeak eskaintzeko. Gainera, “Euskadin haur eta nerabeen abusu eta sexu-esplotazio kasuetan jarduteko jarraibideen gida” bat dago, Arartekok egina. Baina haurtzaroko sexu- abusuen aurrean erakundeek emandako erantzunen azterketan eta hobekuntzan aurrera egin den arren, lan asko dago egiteko oraindik.

Haur eta nerabeen aurkako indarkeria eta tratu txarrak, batez ere sexualak badira, arazo unibertsala eta kezkagarria dira. Aldi berean, pertsonen aurkako indarkeriarik suntsitzaileenetako bat da, eta horren ondorioak bizitza osoan pairatuko dituzte. Euskal instituzioetan badakigu haurren sexu-abusuak berekin dakarrela desberdintasun- edo botere- asimetria testuingurua, normalean engainuaren, indarraren, gezurraren edo manipulazioaren bidez gauzatzen dena. Nolanahi ere, haurren edo nerabeen eskubideen urraketa larria da.

Laguntza terapeutiko psikologikorik ezaz gain (hori funtsezkoa da), maila judizialean egoera hau gertatzen da: biktima, gehienetan, urte asko igarota bakarrik ausartzen da salaketa jartzera, delitua preskribatuta dagoela. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak jarduera-irizpidea aldatuko du, delitu horien preskripzio-denbora luzatuz. Baina, zalantzarik gabe, haurren sexu-abusuen inguruko funtsezko problematika, zeina gainerako indarkerien oinarrian baitago, oso errealitate isildua da oraindik. Abusu gehienak familia barrukoak edo gertuko zirkulukoak dira; izan ere, horrelakoak dira abusuen % 88,5, ANAR Fundazioak Espainian 2008tik 2019ra bitartean haurtzaroan izandako sexu-abusuen bilakaerari buruz egindako ikerketaren arabera, eta urte askoan gordetzen dira, isiltasun eta ezkutatze tradizio luze batean, eta gero eta beharrezkoagoa da gure gizartearen eszena politikoan eta publikoan azaleratzea.

OMS/OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bost adingabetatik batek sexu- abusua jasaten du 17 urte bete baino lehen. Europan, AEBetan eta Kanadan, haurren % 20k jasan dituzte sexu-abusuak. Euskadin, 1.500 adingabek jasaten dute indarkeria urtero, zigor fisikoaren, sexu-indarkeriaren edo ziberjazarpenaren biktima izanik. Estatistika horietako gehienak agintarien aurrean salatutako kasuetan oinarritzen dira, eta horrek sexu-abusuen errealitatea gutxiesteko joera sortzen du, gizarte-arazo horretan dagoen isiltasun eta sekretismoaren fenomenoa dela eta. Haurtzaroko sexu-abusuen zifrak askoz ere handiagoak direla jakinda, funtsezkoa da azterketak ikuspegi integral batetik egitea, eta, batez ere, ikuspegi feminista batetik eginda egotea problematikaren tamaina neurtu ahal izateko eta behar den urgentziarekin jardun ahal izateko.

Haurren sexu-abusuak dimentsio asko ditu, eta administrazioko hainbat agenteren eta organoren esku-hartzea eskatzen du. Horrez gain, haurrak eta nerabeak dauden erakunde publiko edo zerbitzu guztien inplikazioa behar da, erakunde horietan detektatu eta erreparatu baitaitezke halako portaerak.

  • Eibarko Udalak ezinbestekotzat jotzen du arreta jartzea bitartekoak handiagotzeko osasun-sistemak, hezkuntza-sistemak, erakunde-sistemak eta gizarte-sistemak arazo hori identifikatzeko eta hainbat motatako erreparazio-mekanismoak abian jartzeko. Horrela, haurtzaroan sexu-abusuak jasan dituen orok erreparaziorako eskubidea gauzatu ahal izango du, eta prebentziozko neurriak abian jarriko dira, baliagarriak izango direnak ez bakarrik horrelako kasuak saihesteko, baizik eta gizartea arazo horren garrantziaz kontzientziatzeko ere.
  • Eibarko Udalak, eragiten diguten legeek eta Haurren Eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenek bezala, haurren interes gorena aitortzen du eta adingabeak eskubideen subjektu titular gisa aitortzen ditu, baita ahalik eta babes handiena merezi duten subjektu gisa ere.
  • Eibarko Udalak sentsibilizazio-kanpainak egin behar direla azpimarratzen du, gizartea kontzientziatzeko, goizago detektatzeko eta indarkeria-egoera horietan goiz esku hartzeko. Adingabeen hurbileko inguruneetako pertsonei bereziki zuzendutako kanpainak, etxeko edo eskolako indarkeriaren zantzuak identifikatzeko tresnak eskainiz, batez ere haurren indarkeriarekin lotuta daudenak. Horrela, pertsona horiek guztiek gizarte-arazo larri hori identifikatu eta alarma martxan jarri ahal izango dute.
  • Eibarko Udalak azpimarratu nahi du garrantzitsua dela gaur egun dauden baliabideak ezagutaraztea, egoera horiek identifikatzen dituztenek eta abusuak eta tratu txarrak jasaten dituzten biktimek eskura izan ditzaten dauden baliabideak, eta babestuta eta lagunduta senti daitezen. Horretarako, funtsezkoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak bere eskumenekoak diren araudiak, arreta-ereduak eta zerbitzuak egokitzea Arartekoak egindako jarraibideetara, hain zuzen ere haurrak sexu-abusuen aurrean prebenitzeko, arreta emateko eta babesteko.
  • Eibarko Udalak inplikazioa eskatzen die erakunde guztiei, haurren abusuaren seinaleak prebenitzeko eta identifikatzeko, bereziki sexu-abusua helduen eta haurren arteko elkarreragina dagoen ingurune guztietan, ahalik eta azkarren identifikatzeko neurriak hartu ahal izateko eta ondorengo kalteak mugatzeko.
  • Eibarko Udalak gogorarazten du beharrezkoa dela erakunde guztiek gai hori hezkuntza-sistemaren barruko ikasketa-programetan sartzea, haurren abusua antzemateko tresnak eskura izan ditzaten, bereziki pertsonal medikuak, hezitzaileek eta adingabeen zein gazteen zaintzan inplikatutako langile guztiek.
  • Eibarko Udalak begi onez ikusten du Save The Children-en eskutik Euskadira iritsiko den "Barnahus" izeneko sexu-abusuen biktima diren adingabeei arreta integrala emateko proiektu pilotua, euskal errealitatera egokitzeko lehen urrats gisa, espazio berean bilduko baitituzte kasu horietan esku hartzen duten sail guztiak, judizialak zein soziosanitarioak. Gainera, prest agertzen da halako ekimenetan parte hartzeko.
  • Eibarko Udalak bere borondatea adierazten du udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa bultzatzeko sexu-abusua eta haurrei zuzendutako tratu txarrak prebenitzen dituzten elkarteekin batera. Helburua da ekimenak garatzea eta beharrezko baliabideak bermatzea, arreta egokia, kalitatezkoa eta eskubide guztietara ahalbidetzea bermatuko duena, egoera horiek prebenitu, detektatu eta arreta egokia eskaini ahal izateko, arretarako eta babeserako protokolo eta neurri eraginkor guztiak abian jarriz.
  • Eibarko Udalak aitortu eta balioetsi egiten du arazo larri hori desagerrarazteko inplikatutako erakunde eta elkarte guztien ahalegina eta lana, eta babesa emateko dei egiten du. Aitortu eta eskertu egiten du, halaber, biktima anonimoek eta jendaurrean agertzeko gai izan direnek egindako ahalegina, askotan haiek izan baitira erakundeen hutsuneari aurre egiteko lan egin dutenak, komunikabideetan kontzientziatuz edo sistema judizialean bidea irekiz.