Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalaren adierazpen instituzionala, estatu espainiarrean lapurtutako umeen lege-proposamenari buruzkoa

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/11/24

2020ko otsailaren 26an, Estatu Espainarrean lapurtutako umeen Lege Proposamena sinatu eta erregistratu zen, eta 2020ko ekainaren 23an lege proposamena aintzat hartzea onartu zuten ia aho batez Diputatuen Kongresuko Alderdi Politiko guztiek. Gaur egun, Alderdi Politikoek lanean dihardute zuzenketak izapidetzen.

Lege hau 2017an hasi zen prozesu luze baten ondorio da, orduan aurkeztu baitzitzain lehen aldiz Kongresuko Taldeei Proposamena, zeinek aho batez onartu baitzuten legea izapidetzea 2018ko azaroaren 20an. Hala ere, eta prozedura aurreratuta bazegoen ere, hauteskunde-deialdiak bertan behera utzi zuen lehenengo izapidetze hura.

Asko dira hasieratik lanean jardun duten entitateak Estatu Espainarrean lapurtutako umeen Legea onartzeko. Legea CeAqua Argentinako Kereilaren aldeko Estatuko Koordinadorak sustatzen du, "Todos los niños robados son también mis niños-CeAqua/ Lapurtutako ume guztiak dira nire umeak" elkartearen proposamenez (Koordinadoran dagoen elkartea). Bertan ume lapurtuen auzian biktima diren eta Lege Proposamen hau babesten duten Estatu Espainiarreko elkarte ugarik parte hartzen dute: Adelante Bebés Robados (Madril eta Gaztela-Mantxaren ordezkaritza); Asociación Bebés Sustraídos Bizkaia “Itxaropena”; Asociación de Bebés Robados de Andalucía (ABEROA); Asociación de Afectados por Bebés Robados de Andalucía (ABRA); Asociación de Víctimas de bebés robados y de adopciones ilegales de Alicante (AVA); Asociación Orígenes de Baleares; Camino a la Justicia; Sevilla bebés robados; Sos Bebés Robados de Almería; Sos Bebés Robados Cáduz; Sos Bebés Robados de Cantabria; Sos Bebés Robados Galicia; Sos Bebés Robados Huelva; Sos Bebés Robados Jerez de la Frontera; Sos Bebés Robados Madrid (Madril eta Kanarietako ordezkaritza); Todos los niños robados son también mis niños-CeAqua (entitate bultzatzaile gisa).

Halaber, Giza Eskubideen aldeko estatuko elkarteek eta nazioartekoek babesten dute Legea, besteak beste, Espainiako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak (APDHE), Amnistia Internazionalak eta Identitate Eskubidearen aldeko Argentinar-Europar Sareak (Maiatzeko Plazaren Amonen ordezkariak Espainian); horietaz gain, hainbat entitate memorialista, feminista eta akademiko daude babesleen barruan.

Proposamen honen garrantzia umeen lapurreten krimenek Espainian izan zuten larritasunean datza; izan ere, lapurretak 50 urte baino gehiagoz gertatu, eta Estatuaren lurralde osoan hedatu baitziren. Horregatik, Lege Proposamen honen helburua da ume-lapurrreten delituaren biktimei, alegia, gizateriaren aurkako krimen baten biktimei, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren eskubideak ziurtatzea eta berriz ez dela gertatuko bermatzea, eskubide horiek baitira Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen zutabeak.

Hain da larria gaia, ezen Nazio Batuen organismo batzuek esku hartu behar izan duten: Plabo de Greiff, egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea bultzatzeko Nazio Batuen Errelatore Berezia; eta behartutako desagerketei buruzko Nazio Batuen Lantaldea. Era berean, Europako Parlamentuak interes handia adierazi eta Eskabideen Batzordearen Misioa bidali zuen, zeinak Txosten bat landu zuen 31 gomendiorekin, 2017ko azaroan argitaratua.

Proposamen hau onartzeak esan nahiko luke Espainiak azkenean Nazio Batuen eta Europako Parlamentuaren gomendioak beteko lituzkeela, jarduera-irizpide eta -mekanismo homogeneoak ezartzean Autonomia Erkidego guztietan, eta diktadura osoan eta demokraziaren aldi baten gertatutako delitu horiek modu eraginkorrean ikertzeko erakundeak eta organismoak sortzean eta koordinatzean. Lege honekin lehengo eta oraingo biktimen eskubideak sendotzen dira, jada ez dauden eta oraindik beren familien bila edo beren identitatearen bila ari diren biktimen eskubideak. Azkenean, aipatu ditugun eskubideak bermatzen dira, alegia, egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriz ez gertatzeko bermearen eskubideak, hain garrantzizkoak direnak, bai biktimentzat bai zuzenbidezko estatu demokratiko baten jardunarentzat.

2020ko irailaren 17an ireki zen Justiziaren Batzorde barruan dagoen Proposamenari zuzenketak egiteko izapidea. Legea geldirik geratu da izapide horretan.

Kontuan hartuta Espainian ume lapurtuen dramak eragin duen eta oraindik eragiten ari den oinazea, beharrezkoa da erantzun bateratu eta kolektibo bat ematea. Horregatik, Eibarko Udalak hauxe eskatzen dio Diputatuen Kongresuari:

1. Zuzenketen izapidea amaitzea, legeak parlamentuko prozesua jarraitu eta behin betiko eta urgentziazko onespena eman arte.

2. Onartzen den Legeak ahalik eta gehien errespeta dezala Estatu espainarrean lapurtutako umeei buruzko Lege Proposamenaren jatorrizko testua (122/000039), horixe baita kontsentsu sozial eta politiko handiena jaso duena. bai testuaren lanketan bai izapidetzeko parlamentuko prozeduraren hasieran.