Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak zuzeneko beste dirulaguntza bat emango die krisiak eta alarma-egoerak kaltetutako ostalaritza-sektoreko enpresei eta autonomoei

1.000.000 €-tik beherako negozio-kopuru gordina duten eta COVID-19ak sortutako krisiak eta alarma-egoera berriak kaltetu dituen Eibarko ostalaritza-sektoreko autonomo eta enpresentzat ezohiko dirulaguntza (2020).

Eibarko taberna baten irudia.

2020/11/20

Establezimendu bakoitzak –eskabidea onartuz gero- 500 euroko laguntza finkoa jasoko du, 200 euro gehiago lokala errentan badago, eta beste 150 gehiago, langileen batez besteko plantilla hiru lagunetik gorakoa bada. Dirulaguntzen plan hau presaz onartu da eta Eibarko taberna eta jatetxeei zuzenduta dago. Helburua da COVID-19ari aurre egiteko bete behar diren murrizketa berriak direla-eta oso zigortuta dagoen sektoreari laguntzea.

Eibarko Udalak ezohiko dirulaguntza ekonomikoen programa berri bat onartu du 1.000.000 eurotik beherako negozio-zenbatekoa duten ostalaritza-sektoreko autonomoentzat eta enpresentzat, Covid-19k sortutako krisiak eta egungo alarma-egoerak eragindako jarduerari eusteko likidezia emateko. Udalak dirulaguntza hauetarako jarri duen partida 100.000 eurokoa da.

Laguntza honen onuradun izan ahalko dira 2020ko azaroaren 6an Eibarren ostalaritza-lokala irekita eta martxan duten pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta 1.000.000 eurotik beherako negozio-zifraren zenbateko garbia badute. Gainera, baldintzetako bat da azaroaren 6an alta emanda egotea Eibarko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan. Halaber, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren azpitalde hauetako batean ordaindu beharko dituzte zergak: Jantoki-zerbitzuak; kafetegietan; janaridun eta janari gabeko kafetegi eta tabernetan; jantoki, kafetegi eta kafetegi-tabernetako zerbitzu bereziak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa gutxienez 500 eurokoa izango da eskaera bakoitzeko, betiere oinarri hauetan exijitutako baldintza guztiak betez gero.  

Dirulaguntzaren zenbatekoa handitu egingo da bi kasutan:  Batetik, establezimenduaren titularrak jarduerari lotutako lokala errentan baldin badu, alegia, ez bada lokalaren jabe, baizik eta haren errentari, 200 euroko gehigarri bat izango du. Eta establezimenduaren titularrak 2020ko azaroaren 6an 3 pertsonatik gorako batez besteko plantilla baldin badu, 150 euroko gehigarri bat izango du.

Dirulaguntza eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea gaur ostirala, azaroak 20, ireki da eta aurtengo abenduaren 4an amaituko da.

Dirulaguntzen eskaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.eus udal webgune honen bidez. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.) Gainera, eskabidearekin batera deialdiko oinarrietan —udal webgunean kontsultatu ahalko dira— zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Udalaren laguntza hauek bateragarriak dira Kontsumo, Merkataritza eta Turismoko sailburu Javier Hurtadok iragarritako dirulaguntzekin, bai eta beste administrazio publiko edo pribatu batzuek emandakoekin ere, baldin eta helburu bera badute.

Udalak abian jarritako ostalaritza-sektorerako laguntza-programa berri hau koronabirusaren pandemiaren krisia piztu zenetik bultzatzen ari den neurri sozioekonomikoen paketearen barruan kokatzen da.  Kasu honetan, Udalaren erantzun azkarra ostalaritzari ezarri berri zaizkion murrizketek eragin dute (itxiera-ordutegia 21:00etara murriztu zenean hasi ziren sortzen), sektore hori berez oso zigortuta baitago osasun-krisiaren dela-eta.

Erlazionatutako edukia