Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak programa berri bat jarri du martxan haurren aurkako abusuak prebenitzeko

2018/12/19

“Tantaka, tabuak ipuinetatik lantzen” erakusketa ipuin baten ilustrazioetan oinarrituta dago eta irakasleei formazioa ematen die gida pedagogiko baten bidez. Ekimenean, Eibarko sei ikastetxetako haur-eskolako eta lehen mailako 1.200 haur inguruk parte hartuko dute irakasleekin lankidetzan.

Eibarko Udalak hurrengo asteetan haurren kontrako abusuak prebenitzeko programa bat jarriko du martxan; "Tantaka, tabuak ipuinetatik lantzen" izenburupean, ekimena udalerriko ikastetxeei zuzenduta dago eta elkarlanean antolatu dute Gizarte Zerbitzuen udal sailak eta Juan San Martin Liburutegiak.

Programak, haurren aurkako sexu-abusua jorratzen duena, bi ataletan oinarritzen da. Batetik, erakusketa baten antolaketa, Elisenda Pascual i Martík idatzitako eta Mercé Serra Vallsek ilustratutako "Clara y su sombra” albumaren irudietan oinarritua; erakusketara ikastetxeetako haur-eskolako eta lehen hezkuntzako ikasleak joango dira. Eta bigarren zatian, gida didaktiko bat egingo da irakasleentzat, haurren aurkako abusua prebenitzeko haien formaziorako balioko duena.

2014an jada aztertu zen haurtzaroko sexu-abusuen prebentzioa Gizarte Zerbitzuen sailean. Kanpaina hark "La regla de Kiko" ipuina erabili zuen; Eibarko ikastetxe guztietako lehen zikloan banatu zen eta familian irakurtzera bideratuta zegoen. Ikasturte honetan, ikastetxeei prebentzio-programa berri hau eskaini zaie eta eskolek oso modu positiboan erantzun dute.

Erakusketarako, “Clara y su sombra” ipuina oinarrizko tresnatzat hartuta, Ermuko udal liburutegiak lagatako materiala erabiliko da, izan ere, aurreko ikasturtean hango hainbat ikastetxetan egin zen programa. Erakusketan ipuinaren irudiak handitu egingo dira (testu barik, eta, hortaz, edozein hizkuntzatan ulertzeko moduan) eta, olana baten gainean inprimatuta, bisita gidatua egiteko eran jarriko dira.  

Erakusketan, ikasleak jolasteko itzalen kaxa bat dago, eskala errealean egindako ate bat, ikasleek berek egiten dituzten paperezko tximeletak zintzilikatzeko gune bat, eta ipuinaren protagonistaren errekreazioa, buzoi batekin batera, non umeei mezuak sartzeko aukera ematen zaien.  Ikastetxe bakoitzak erabakiko du zenbat gela bisitatuko dituen erakusketa ikastetxean dagoen bitartean.  

Beren parte-hartzea berretsi dute San Andres, Andra Mari, Urkizu, La Salle Isasi, Aldatze eta Amaña ikastetxeek.  Adin desberdinetako hirurogei gela inguruk parte hartuko dute programan, guztira 1.200 bat ikasle, irakasleekin lankidetzarekin batera; irakasleek prestakuntza espezifikoa izango dute ikasleekin egingo duten bisita gidaturako.

Programaren beste zatia irakasleen prestakuntzara zuzenduta dago. Ipuinaren egileak berak, Elisenda Pascual i Martík, landutako gida pedagokikoa oinarri hartuta, Garaitza elkarteak (Euskal Autonomia Erkidegoan haurtzaroko sexu-abusuak eta tratu txarren tratamendurako lan egiten duena) ikastetxeetan irakasleen prestakuntza egiteko berregokitze bat prestatu du, euskaraz egingo dena.

Ikastetxe bakoitzean pare bat orduko iraupena izango du prestakuntzak. Udal liburutegiak irakurketa-gida bat prestatuko du haurren kontrako sexu-abusuen prebentzioari buruzko material gehiagorekin; ikastetxeetan ez ezik, liburutegian ere banatuko da.

“Tantaka, tabuak ipuinetatik lantzen” programak hainbat helburu zehatz ditu. Batetik, haurtzaroko sexu-abusua prebenitzea ipuin bat eta erakusketa bat erabiliz; horrek aukera ematen du gaia modu ludikoagoan lantzeko, eta, horrez gain, irakurzaletasuna erabiltzeko elementu dinamiko gisa. Bestalde, irakasleei trebakuntza eskaintzen die eta gida pedagokiko bat ipuina lantzeko. Eta, hirugarrenik, jarduera osatu egiten da gai bera jorratzen duten beste irakurgai batzuk eskainiz.