Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak parte-hartze prozesu bat ipiniko du martxan autobus geltokiaren kokapena zehazteko

2016/11/11

Aholkularitza bati ikerketa bat egitea eskatu zaio hiriarteko autobusean mugikortasuna, autobus-terminala kokatzeko aukera eta sor daitezkeen aldaketen afekzioak aztertzeko. Ikerketarekin batera inkestak egingo zaizkie autobus zerbitzuetako erabiltzaileei eta Eibarko bizilagunei, orokorrean.

Eibarko Udalak autobus geltokiaren kokapena zehazteko prozesu bat ipiniko du abian. Horretarako, eta lehen pauso bezala, Leber Planificación e Ingeniería enpresari ikerketa bat egiteko eskatu dio. Ikerketa horren ezaugarri nagusienetako bat izango da herritarrei beren lehentasunei buruz galdetuko zaiela, parte-hartze prozesu baten bitartez. Inkestak abenduaren 2ra arte egingo ditu aipatutako enpresak.

Ikerketa aurrera eramateko ardura duen enpresak, lehendabizi, datuak eskuratuko ditu hirian zehar ibiltzen diren hiriarteko autobus zerbitzuen eskaintza eta eskakizuna karakterizatzeko. Lurraldebus eta Eusko Tren konpainiei datuak eskatuko dizkiete, autobus eta trenbidearen arteko harremanak erraztea baita asmoa.

Bidaiari-kopurua eta mugimenduak, jatorria eta norakoa edo zerbitzuen ordutegiei buruzko datuak eskuratu eta gero, 400 inkesta burutuko dituzte guztira, bi motatakoak. Alde batetik, hiriarteko autobus zerbitzuen erabiltzaileei galdeketa egingo zaie bai egungo geltoki zentralean bai hiriko bestelako geralekuetan; bestetik, Eibarko kaleetatik doazen oinezkoei aleatorioki egingo zaie galdeketa.

Egungo geltokian eta geralekuetan galdeketa egiten zaien pertsonen kasuan, besteak beste, honako alderdi hauek ezagutu nahi dira: bidaiaren jatorria eta norakoa, trenbidearekin intermodalitatea, erabilitako autobus-linea, bidaiaren arrazoia, bidaiaren maiztasuna, egungo autobus geltokiaren kokapenari eta beste geralekuei buruzko gogobetetze maila.

Herritarrek gaur egungo geltoki eta geralekuei buruz atsekabea adierazten badute, beste aukera batzuei buruz galdetuko zaie, baita beraiek proposatutako toki horren abantaila eta desanbatailen inguruan ere.

Eibarko kaleetan galdeketa aleatorioki egiten zaien oinezkoei hiriarteko autobus zerbitzuen erabiltzaileak diren edo ez galdetuko zaie eta hala ez bada, beren zergatia zehazteko eskatuko zaie; aipatutako zerbitzuen erabiltzaile badira, zerbitzu mota horren ohiko erabiltzaile direnei egiten zaien antzeko inkesta egingo zaie. Hiriarteko autobus zerbitzuen erabilpenari buruzko informazioaz gain, sexua, adina eta bizilekua pertsona motaren arabera bereiziko dira.

Kokapen berriari buruzko analisia

Bidaiari konpainien datuak eskuratuta mugikortasunaren inguruan eta inkestak burututa, Leber enpresak autobus geltokiaren kokapen berria aztertuko du baldin eta aukera garbi bat ikusten den aurretik egindako inkestetan. Kokapen berriaren analisiaren barruan egungo hiriarteko autobus zerbitzuetan beharrezkoak diren ibilbide aldaketak sartuko lirateke toki berrira iristeko.

Egungo egoerarekin alderatuta, bidaiaren denborarekin dagoen desberdintasuna aztertuko da. Zentzu horretan, geralekuak Eibarko hirigunean egotearen egoera baloratuko da, baita hiriko geraleku bakarra autobus geltoki berrian izatearena ere. Halaber, hiriarteko autobusen egungo erabiltzaileen irisgarritasunaren analisia egingo da; izan ere, autobus-terminalaren geltokiaren aldaketak erabiltzaileei eragingo diete.

Lanaren ondorio bezala, kokapen berriaren deribatu diren irisgarritasunaren aldaketak erakutsiko dira, baita egungo erabiltzaileei afekzioa beraien helmugetara desplazamendu denborari dagokionez ere. Aintzat izango dira gainera eskaeran sor daitezkeen aldaketak eta trenbidearekin intermodalitate berria.

Bestalde, autobus-linea bakoitzeko banakatutako ibilgailuen bidaiaren iraupena zenbatean murrizten edo luzatzen den erakutsiko da; azkenik, autobus geltokiaren toki aldaketak suposatuko lukeen eraginaren balorazio orokorra egingo da zehazten den beste toki batera, betiere kontuan izanda ikerketa honek ez duela bere gain hartuko analisian geltoki berriaren eraikuntza-kostua.

Ikerketa hau EH-Bildu Udal Taldeak aurtengo aurrekontuetara aurkeztutako zuzenketa baten ondorio da.