Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak nagusientzako zentro sozialen eredu berri baterako ibilbide-orria diseinatu du, parte-hartze proiektu batean oinarrituta

Untzagako jubilatuen egoitzako artxiboko irudia.

Untzagako jubilatuen egoitzako artxiboko irudia.

2023/12/14

Helduak Zabaltzen ekimenak (Eusko Jaurlaritzak eta Euskofederpem elkarteak bultzatua) Eibarko nagusien zentroen egoera, beharrak eta erronkak aztertu ditu azken urte eta erdian. Azterlanean ondorioztatzen da zentroen eredu berri bat behar dela, kogobernantzan eta parte-hartzean oinarritua, eta horrek, besteak beste, lan-batzordeak eta figura dinamizatzailea sortzea ekarriko lukeela.

Helduak Zabaltzen ekimenak —Eusko Jaurlaritzak eta Euskofederpem Adinekoen Euskal Federazioak bultzatua— Pertsona Nagusien Zentro Sozialen eraldaketa errazteko eta digitalizatzen laguntzeko, Eibarko Pertsona Nagusien Zentroen funtzionamendua, beharrak eta erronkak aztertu ditu. Zentroek berek, Biztu koordinatzaileak eta Udalak eraldaketa-proiektu bati ekiteko beharra adierazia zuten, eta herria programaren lehen esperientzia pilotuetako baterako aukeratu zuten. Horrela, azken urte eta erdian parte-hartze prozesu bat egin da, eta horren ondorioek aukera emango diote Udalari Adinekoen Zentroen eredu berri baterako ibilbide-orria diseinatzeko.

Adineko Pertsonen Zentro Sozialak funtsezkoak dira harremanetarako, jarduera soziokulturaletan parte hartzeko, osasuna sustatzeko edo adinekoen bizitza komunitarioan parte hartzeko. Beren funtzioa betetzen jarraitzeko, errealitate berrietara egokitu behar dute,  gizartean aldaketa kultural, soziologiko edo teknologiko handiak gertatu baitira.   Egokitzeko premia hori zentro sozial guztien behar bat da, baina kasu honetan Eibarko egoerari erreparatu zaio.  Parte-hartze prozesu hori 2022ko apiriletik garatu da eta bertan parte hartu dute Eibarko lau zentroetako (Beheko Tokia, Ipurua, Untzaga eta Urki) kideak, Biztu koordinatzaileak eta Udalak. Prozesuan garbi geratu da eraldaketa baten beharra zentroak egungo eta etorkizuneko errealitatera egokitzeko.

Azterketak zazpi erronka nagusi identifikatu ditu, honako gai hauen inguruan:  antolaketa, jarduerak, zerbitzuak, komunitatea, arrakala digitala, dibertsitatea eta adinkeria. Helburua zera da: zentroetan kudeaketa parte-hartzaileagoa lortzea gobernantza-ereduak baliatuz, adinekoen interesak ezagutzea haien kezketara egokitutako jarduerak antolatzeko, beharrezko zerbitzuak eta zentroak koordinatzeko modua identifikatzea, gainerako udal-baliabideekin sareak ehuntzea, teknologia berrien erabilera erraztea, aniztasuna kudeatzea eta zentro sozialen eta adinekoen ikuspegi estereotipatua murriztea. Hori guztia azterlanean zehaztutako ekintzen bidez, hala nola sarrera-prozesuak birdefinitzea erabiltzaileen kezkak hobeto ezagutzeko, zuzendaritza-taldeetan parte hartzea erraztea, edo ate irekiko jardunaldiak antolatzea.

Eredu berri bat kogobernantzan eta parte-hartzean oinarritua

Datu guztiak eskuan, Zentro Sozialaren eredu berri bat ezartzea proposatzen da, kogobernantzan eta parte-hartzean oinarritua; eredu horrek gobernantza arindu eta indartuko du (horren barruan profesionalizazioak duen pisuarekin) eta planteatutako gainerako erronkei aurre egingo die. Funtzionamendu eredu berri hori lau funtsezko zutabetan oinarrituko da:  adinekoen elkarte bakarra eratzea, lan-batzordeak sortzea, dinamizatzaile-figura bat egotea eta harrera-prozesu bat definitzea.

Horrela, gaur egun dauden lau elkarteak, zentro bakoitzeko bat, bateratu egingo lirateke eta Zuzendaritza Batzorde bat izango lukete zentro guztietako ordezkariekin. Bateratze horrekin saihestu egingo litzateke zentroen arteko lehiakortasuna, murriztu gastu ekonomikoak eta boluntarioen higadura pertsonala, orekatu egingo litzateke zentro guztien arteko eskaintza eta prezioak bateratuko lirateke.

Lan-batzordeekin, bestalde, batzordekoak ez diren pertsonek parte hartu ahalko lukete gaur egun batzordeak berak egiten dituen zereginetan, eta batzordekide izan beharrik gabe parte hartu ahalko litzateke interesko gaietan.  Zentro bakoitzaren kogobernantzan parte hartuko lukete, ekintzak eta jarduerak zehaztuz eta bultzatuz. Printzipioz, batzorde horiek lau arlotan lan egingo lukete: arlo psikosoziala, txangoak, hitzaldiak eta aisialdikoak. Zentroen arteko dinamizatzaile profesionalaren figurak funtsezko bi helburu izango lituzke: Zuzendaritza Batzordeari alderdi teknikoetan laguntzea eta kudeaketa parte-hartzaileagoa bultzatzea.

Azkenik, harrera-prozesu formalago eta egituratuago bat ezarriko litzateke, erabiltzaile berrien interesak eta talentuak sakon ezagutzeko eta, horrela, haien parte-hartzea errazteko.