Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak lehiakortasunari eta jasangarritasunari buruzko topaketa bat antolatu du Eibarko industria-enpresa ertain eta txikientzat (ETE)

Topaketaren kartela.

Topaketaren kartela.

2024/02/20

Helburu nagusia da Eibarko Industrien Ekosarea programan izandako emaitzak eta ondorioak partekatzea. Topaketak balioko du, halaber, ETEentzako eskura dauden jasangarraitasunaren alorreko baliabideak ezagutarazteko.

Eibarko Udalak, Margube Aholkularitzako eta Formakuntzako enpresarekin batera, “Jasangarritasuna Eibarko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasun-faktore. Kasu praktikoak eta aukerak” izeneko topaketa antolatu du otsailaren 29rako.  

Topaketa 11:00etan hasiko da eta 13:30ean amaitu luntx batekin. Lau zatitan egongo da banatuta, denak ETEen jasangarritasunarekin eta lehiakortasunarekin lotuak.

Lehenengo zatian Eibarko Industrien Ekosarea programa emango da ezagutzera eta lortutako emaitzak eta ondorioak partekatuko dira. Bigarrenean, enpresek jasangarritasunaren arloan izaten dituzten erronka eta aukera nagusiak azalduko dira.  Hirugarren zatiak izango du tarterik handiena eta alor horretan hainbat euskal entitatek ETEei eskaintzen dizkieten dirulaguntzak eta bestelako baliabideak aurkeztuko dira.

Atal hori Vanesa Hortas Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziak, Luis de Velasco EEEko laguntza arloko arduradunak eta Aitziber Cortazar Debegesako Garapen Jasangarriaren arduradunak aurkeztuko dute. 

Laugarren eta azken zatian, itxieraren eta luntxaren aurretik, espazio bat egongo da, bertaratzen direnek ETEen jasangarritasunari eta lehiakortasunari lotutako zalantzak, kezkak edo erronkak planteatzeko.

Topaketa Errebal Plazaren “A” aretoan egingo da, 11:00etatik 13:30era bitartean. Xehetasun guztiak kontsultatu eta izena emateko, esteka honen www.eibarkoindustrienekosarea.eus Albisteak atalera jo daiteke edo telefono honetara deitu; 943 202 818.

Eibarko Industrien Ekosarea

Topaketak balioko du, baita ere, Eibarko Industrien Ekosarea programari amaiera emateko.  Eibarko Udalak bultzatutako programa hau aitzindaria da ingurumenaren alorreko aholkularitza estrategikoan.

2023ko maiatzetik, 18 industria-enpresak hartu dute parte programan eta Margubeko teknikarien laguntza jaso dute, jasangarritasunari eta lehiakortasunari lotutako hainbat erronkari aurre egiteko:  1) Karbono-aztarna kalkulatzea eta erregistratzea, bai eta aztarna hori murrizteko plan bat egitea ere; 2) Energia aurrezteko plan bat egitea eta identifikatutako neurri batzuk martxan jartzea; 3) Diagnostiko bat egitea enpresak indarrean dagoen ingurumen-araudiari zenbateraino egokitzen zaion jakiteko, eta, horren arabera, identifikatutako aldaketak martxan jartzeko; 4) Enpresak sortzen dituen hondakinak aztertzea eta horien kudeaketa optimizatzea, betiere 0 hondakinaren helburua lortzera bideratuta. 

Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Eibarko Industrien Ekosarea programa ahalegin bat izan da ETEek, Udalak eta Margubek elkarrekin egindakoa, Eibarko industria-enpresa txiki eta ertainetan ingurumen-jasangarritasuna sustatzeko. Herriko industria-sarearen lehiakortasuna indartzen laguntzeko ahalegin bat, jarduera ekonomikoa 2030 Agendaren estrategiarekin bat eginez”.

Programan parte hartu izana aitortzeko, Eibarko Industrien Ekosarearen parte izan diren enpresa guztiek oroigarri bat jasoko dute programan parte hartu dutela eta jasangarritasunarekin konprometituta daudela adieraziz.