Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak, jendaurrean, bere burua "Etxegabetzerik Gabeko Udalerri" deklaratzen du

2015/10/29

2015eko urriaren 26an egindako Osoko Bilkuran Stop Desahucios Debabarrenak egindako adierazpen instituzionala onartu zuten PSE-EEk, EH-Bilduk eta Irabazik. EAJ-PNV abstenitu egin zen eta beste alternatiba bat aurkeztu zuen. PSE-EEk jeltzaleek aurkeztutako alternatibaren aurka bozkatu zuen.

Eibarko Udalak, 2015eko urriaren 26an egindako osoko bilkuran, Stop Desahucios Debabarrenak aurkeztutako mozioa onartu zuen. PSEE-EEk, EH-Bilduk eta Irabazik aldeko botoa eman zuten; EAJ-PNV abstenitu egin zen, eta beste aukera bat aurkeztu zuen. Halere, PSE-EEk azken alternatiba horren aurka bozkatu zuen.

Desahuzioak edo jendea etxetik botatzea: udalaren jarrera azaltzeko mozioak honako alderdi hauek batzen ditu:

1.- Udal honek, jendaurrean, bere burua “Etxegabetzerik Gabeko Udalerri” deklaratzen du.

2.- Udal honek beharrezkoak diren bitarteko eta udal baliabide guztiak erabiltzen segituko du lehen etxebizitzako kaleratze eta utzarazteak geldiarazteko eta, behar izanez gero, beste bizileku bat izateko aukera bermatzeko.

3.- Udal honek etxegabetzeei aurrea hartzeko jarduera guztiak koordinatuko dituen pertsona bat edo organismo bat izendatuko du, Kaleratzeak Stop Desahucios-ekin eta etxebizitza duin baten eskubidearen alde lan egiten dugun gainontzeko gizarte-erakundeekin lankidetzan arituko dena.

4.- Udalak, kaleratze-aginduren baten edo hipoteka-exekuzioko prozedura baten komunikazioaren aurrean, bitartekotza lana egiten segituko du fede oneko zordunen eta finantza erakundeen artean, eta azken horiei prozesua geldiaraztea eskatuko die kaltetutako pertsona horientzako konponbide negoziatu eta justu bat bilatzeko asmoz, konponbide hori persona horiek duten egoerara eta ordaintzeko benetan duten aukerara egokituta. Nolanahi ere, finantza-erakundeei eskatuko zaie familiek etxebizitzaren jabetzari eusteko egin behar duten ahalegin ekonomikoak ezin diela ekarri gizartetik baztertuak izateko egiazko arriskurik.  

Etxearen jabetza galtzea saihestu ezin izan den kasuetan, Udalak, etxea galdu duten horiei beste bizileku bat ematea eskatuko dio finantza-erakundeari. Beharrezkoa balitz, esandakoaz gain, legez aurreikusitako mekanismoak ipiniko ditu martxan, kaltetuek duten etxebizitza-eskubide horri Eusko Jaurlaritzak ahalik eta azkarren erantzun diezaion, etxebizitzaren alorrean eskumena duen administrazioa baita.

5.- Udal honek etxe kaleratzea edo utzaraztea dakarten kasu guztien berri eman diezaioten galdegingo die Epaitegi eskudunei, kolektibo zaurgarriak detektatu ahal izateko, gizarte zerbitzuen txostena egiteko eta  beste bizileku bat proposatzeko.

6.- Udal honek, Alokabidek kudeatzen duen Etxebizitza Publikoen Parkeari dagokionean, LAKUAKO GOBERNUAri beharrezkoak diren erabaki eta lege-aldaketak urgentziaz egiteko galdatzen dio, GASTEIZKO LEGEBILTZARRAk pasa den 2014ko apirilaren 7an etxebizitza publikoen maizterrei buruz hartutako akordio hura gauzatzeko.

7.- Udalak udalerri honetan diharduten finantza erakundeetara joko du hutsik duten etxebizitza stock hori gizarte-alokairuko programa publikoen zerbitzura jar ditzaten eskatzeko.  Erantzukizunik jaso ezean, kasu horietan hartu beharreko neurriak aztertuko dira, besteak beste, finantza erakunde horiekin lan egiteari uztea.

8.- Udal honek lehenbailehen egingo du  etxebizitza hutsen urgentziazko inbentario bat, titulartasun publikokoak zein pribatukoak. Udalak, bereak diren etxebizitzei dagokienean, beharrezkoak diren baliabide eta bitarteko guztiak jarriko ditu hiriak duen bizileku premiaren zerbitzura jartzeko prest egon daitezen;  etxegabetzea saihestu ezin izan duten  fede oneko zordunak lehenetsi beharreko kolektiboen artean sartuta.