Eibarko Udalak industriaren aldeko apustua egin du enplegu-plan aitzindari batekin

Industriaren arloan prestakuntza- eta enplegu-programa berri bat emateko lizitazioa egingo da. Iraupena 12 hilabetekoa izango da eta eskolak Eibarren edo inguruko herrietan emango dira.
Industria sektorea indartzeko eta lan-aukerak eskaintzeko asmoz, Eibarko Udalak mekatronika industrialean eta mekanizazioan prestatzeko programa anbiziotsu bat jarriko du abian. Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Enplegu Sailak bultzatutako ekimen honen helburua da Lanbiden (Euskal Enplegu Zerbitzua) izena emanda dauden langabeen edo lan prekarioa dutenen enplegagarritasuna hobetzea.
Ekimen honek herriarentzat duen garrantzia azpimarratu du Jon Iraola Eibarko alkateak: “Eibar tradizio industrial handiko hiria da. Programa hau erantzun konkretu eta eraginkorra da bizilagunei lan-aukera berriak eskaintzeko, gure ekonomian giltzarri izaten jarraitzen duen sektore batean”.
Udalak formakuntzaren aldeko apustua egitea erabaki du, lan-merkatuan berriro sartzeko bidea baita. “Ez dadila prestakuntza falta eragozpen izan kalitatezko enpleguak lortzeko", gaineratu du Iraolak.
Programak 310 orduko iraupena izango du, eta prestakuntza teorikoa jasotzea eta sektoreko enpresetan praktikak egitea uztartuko ditu. Mekatronika industrialari eta mekanizazioari buruzko ezagutzak emango dira, baita zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza ere. Besteak beste, gaitasun hauek landuko dira: estresaren kudeaketa, talde-lana eta komunikazioa.
Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Enplegu Saileko zinegotziak tokiko enpresekiko loturaren garrantzia azpimarratu du: "Programa honek kontu teknikoetan trebatzeaz gain, lan-merkatuaren errealitatearekin harremanetan jartzen ditu parte-hartzaileak. Inguruko enpresen laguntza izango dugu ikasleen gizarteratzea errazteko”.
Gainera, planak orga jasotzaileen erabilerari buruzko prestakuntza eta praktikak ere jasotzen ditu. Emakumeen parte-hartzea lehenetsiko da, programan emakumeen ordezkaritzaren % 50 gutxienez lortze aldera.
Eibarren industria-enpresa txiki eta ertain asko daude. Ikerketa baten arabera, herriko enpresen % 55 sektore honetakoak dira; horrek indartu egiten ditu era honetako ekimenak, enpresen jarraipena eta hazkundea bermatzeko.
“Industriak kalitatezko enpleguak eta batez bestekoen gainetik dauden soldatak eskaintzen jarraitzen du. Sektore honetan formakuntza sustatzea apustu bat da enplegu egonkor eta ondo ordaindutako baten alde", azaldu du Vanesa Hortasek.
Programak 33.000 euroko aurrekontua izango du. Iraupena 12 hilabetekoa izango da eta eskolak Eibarren edo inguruko herrietan emango dira. “Gure helburua da, ikastaroa amaitzean, parte-hartzaileek ezagutzak eskuratzeaz gain, lan-merkatuan modu egonkorrean sartzeko aukera gehiago izatea ", adierazi du zinegotziak.