Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak hiru lursail erosi ditu Urko eta Kalamua inguruan, bertako basoa berreskuratze aldera

Planoa.

Planoa.

2023/10/27

Udalak Pagaegikorta baserria eta 23’5 hektareako lursailak erosi ditu; partzelak oso bisitatuak diren eremuetan daude, paisaia-balio handikoak dira, eta espezie ugarirentzako korridore ekologiko baten barruan kokatzen dira. Basoberritzearen ingurumen-onurez gain, proiektuak bidezidor naturalak egokitzea erraztuko du, eta herritarrak inplikatuko ditu naturaren kontserbazioan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Eibarko Udalak hiru zoru-partzela erosi ditu monolaborantzari aurre eginez bertako basoa berreskuratzeko eta era horretan Eibarko ingurune naturalaren kontserbazio- egoera hobetzeko. Erosi diren ondasunak Pagaegikorta eta haren lursailak dira: hiru partzela 23,5 hektareako azalerarekin. Lursailak bi gunetan daude banatuta:  nagusia, baserriaren beraren ondoan, Urko mendiaren magalean, eta bestea, Markina eta Elgoibarrekiko mugaren ondoan, Garagoiti-Kalamua inguruan. Ingurumen-onurez gain, proiektuak bidezidor naturalak irekitzea eta egokitzea erraztuko du, ingurune naturalerako sarbidea erraztuz; eta herritarrak naturaren kontserbazioan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan inplikatzea bultzatuko du, zuhaitzak landatzeko boluntariotza-jardunaldien bidez.

Pagaegikorta baserria eskuratzea aukera ezin hobea da azalera eta kokapen estrategiko handiko lursail bat erosteko; izan ere, 23’5 hektareako azalera gehiena Babes Berezikotzat katalogatuta dago. Gainera, paisaiaren aldetik balio handiko tokiak dira, jende asko joaten baita bi gailur horietara, eta gailur-lerro baten parte izanik korredore ekologiko gisa funtzionatzen dute espezie askorentzat, eta horrek balio handiagoa ematen die ingurumenaren aldetik.

Lursailetako pinuak botatzeko lanak urriaren erdialdean hasi eta hemendik bi hilabetera amaituko dira gutxi gorabehera. Denbora-tarte horretan inguruan dabiltzanei ohartarazten zaie kontuz ibiltzeko, bereziki Izua aldean eta Urkorako igoeran. Seinaleztapen-kartelak jarri dira, jendeari ohartaraziz langileei abisatu behar dietela obren gunea zeharkatu nahi izanez gero. Segurtasuna bermatzeko beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola segurtasun-tartea errespetatzea, bideak ibilgailuekin ez oztopatzea, pilatutako zuhaitzetara ez hurbiltzea eta moztutako egurrak ez zapaltzea.

Ingurumen-berreskurapenerako irtenbideak

Kantauri isurialdeko zati handi batean bezala, Eibarko lurzoruaren erabilera oso intentsiboa izan da, eta jatorrizko baso-estaldura ia osoa larre eta laboreekin ordezkatu da. Azken hamarkadetan, gainera, espezie exotikoak dituzten baso-monolaborantzak ugaritu dira, batez ere Monterrey edo insignis pinua eta larizio pinua, biodibertsitateari kalte egin diotenak. Halaber, azken urteotan Cryptomeria japónica ziklo luzeko koniferoek edo Eukaliptus generoko espezieek ordezkatu dituzte bertako arbolak eremu askotan. Espezie horiek oso azkar hazten dira, baina ondorio larriak dituzte biodibertsitatean eta uraren zikloan.

Egoera honen aurrean, zenbait administrazio eta jabe beste aukera batzuk lantzen ari dira, ez baso-ustiapenaren bidez etekin ekonomiko zuzena lortzeko, baizik eta biodibertsitatea, paisaia eta ziklo hidrologikoa berreskuratzeko. Hala, babes-funtzio hori duten baso-lursailak berreskuratzea planteatzen da; izan ere, aldaketa global baten aurrean gaude, eragin klimatiko garrantzizkoak dituena.

Basoetan erlazioak sortzen dira ekosistemari erresilientzia eta egonkortasuna ematen dioten elementuen artean (biodibertsitatea). Ondorioz, lurzoru emankorrak sortzen dira,  nutrienteen zikloari eta ziklo hidrologikoari mesede egiten zaie eta higadura saihestu egiten da; gainera, basoek tenperaturaren, haizearen eta hezetasunaren erregulatzaile gisa jarduten dute, eta CO2 atzitzaile egonkor garrantzitsuak dira.

Helburu horrekin, Eibar basoak berreskuratzen ari da, Udalaren, bere lurrak lagatzen dituzten partikularren, eta Baso Biziak eta Lurgaia Fundazioa bezalako tokiko taldeen inplikazioari esker. Ekimen horiek bat datoz Eibarko Udalaren ingurumen-politikarekin, zeina honako plan eta ekimenetan jasota baitago: Eibarko 2025eko Plan Estrategikoa, Eibarko 2022-2030eko Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana (KEJEP), Eibarko udalerriko ingurumen-balio handieneko eremuen egoera ekologikoa kontserbatzeko eta hobetzeko Azterlana; horrez gain, Eibarko Udala Udalsarea 2030 Iraunkortasunaren aldeko udalerrien Euskal Sarean dago, edo Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko lanetan dabil.

Udalak 173.324,21 euro inbertitu ditu baserria eta lursailak erosteko, eta, horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren 35.000 euroko dirulaguntza jaso du. Halaber, beste dirulaguntza bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari baso autoktonoa berreskuratzeko proiektu honetarako.