Eibarko Udalak herriko merkatariekin duen hitzarmena berritu du diru-laguntzak emateko
Eibarko Udalak gaur, hilak 9, berritu du herriko merkatariekin diru-laguntzak emateko duen akordioa. Hitzarmenaren helburua da hiriaren merkataritza eta aisiako sektorea bultzatzen jarraitzea. Hitzarmenak sinatu dituzte Miguel de los Toyos Alkateak, Ana Aranberrik, Eibar Merkatarizta Gune Irekiko Presidentak, eta Vanesa Torresek, Merkatarien Elkarteko Presidentak. Prentsaurrekoan, Alberto Albistegui, Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza Saileko Zinegotzia ere izan da.
Gaur goizean sinatu duten lehen akordioa 2016 urtean kontsumoa sustatzeko kanpainak burutzeko (gabonetako erakusleihoen II. lehiaketa, moda desfileak...) Eibarko dendarien elkartearen aldeko diru-laguntza izenduna bideratzekoa izan da. Diru-laguntza horren zenbatekoa 27.000 eurotakoa da.
Bestalde, Udalak beste bigarren hitzarmen bat sinatu du Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin, diru-laguntza Eibarren urte honetan zehar egingo diren ekitaldien urteko plana egiteko (merkataritza biziberritzeko, alegia). Kasu honetan, diru-laguntzaren zenbatekoa 35.900 eurotakoa izango da. EMGIako arduradunek azpimarratu dute enplegua eta formakuntza atalean egiten den lana, baita merkataritza eta ostalaritza zerbitzuaren sektorearen ekintzak. Hala, aurreko urtean egindako bitartekaritza lanari esker, 13 pertsona kontratatu ziren. Formakuntza saioei dagokienez, berriz, era guztietako sei ikastaro eskaini ziren, 84 bat parte hartzailerekin. Aldi berean, ikasleei zuzendutako diru-laguntzak edota bonuen kanpainan (2050 bonu inguru trukatu ziren iaz) egindako lana gogora ekarri dituzte, besteak beste.
Diru-laguntzak emateko baldintzak
Udalak emango dituen diru-laguntza bietan ere, argitaratuko den publizitatean, agerian utzi beharko da Eibarko Udalak laguntza eman duela. Argitaratzen diren idatzi, iragarki, ohar eta gainerakoak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz idatzi eta ezagutzera eman beharko dira. Propaganda ere, bai ahozkoa eta bai idatzizkoa, euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz egin beharko da. Azkenik, jendaurreko ekitaldietan antolatzaileek egiten duten jarduna (aurkezpenak, sarrera, agurrak, oharrak…) euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz izan daitezen ahaleginak egingo dituzte. Ume eta gaztetxoei bereziki zuzendutako emanaldiak nagusiki euskaraz izango dira.