Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak haurren integrazioa eta ongizatea sustatzen ditu, zerbitzuen eta dirulaguntzen programa zabal batekin

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

2024/04/30

200 haur baino gehiago izan dira onuradunak 2023an. Eskaini zaizkien zerbitzuak, besteak beste, hauexek dira: eskolaz kanpoko jarduerak, aisialdi osasuntsua eta familiarentzeko laguntzak, gurasotasun positiboaren eta parte-hartze komunitarioaren ikuspegiaren ildotik.

Eibarko Udalak dirulaguntza-lerro bat du tutoreentzat edo harrera-familientzat, eskolaz kanpoko jarduerak egiteko eta aisialdiko eta denbora libreko espazioetan (ludoteka eta Afariketan) parte hartzeko.  

2023. urtean 204 neska-mutiko izan dira dirulaguntza horien onuradun. Laguntza hauen helburua da adin txikikoen parte-hartzea eta integrazioa modu osasuntsuan sustatzea berdinkideen harreman-espazioetan, kirol eta aisialdi arloko jarduera ludikoen bidez.

Jon Iraola alkateak zera esan du: “Eibarko Udalak haurren integrazioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa funtsezkoa da hiri inklusibo eta ekitatibo bat lortzeko.  Zerbitzuen eta dirulaguntzen programa zabal baten bidez, gure zeregina da neska-mutikoei beharrezkoak diren tresnak ematea garapen egoki eta zoriontsua izan dezaten.  Haurrei ematen diegun arretan jokatzen da gure herriaren etorkizuna, eta modu aktiboan parte hartu behar dugu haren eraikuntzan”.

Bestalde, Eibarko Gurutze Gorriari ere dirulaguntza izenduna ematen zaio. Horren bidez, erakundeak beste premia batzuk asetzen ditu, hala nola, eskola-materiala, jostailu berriak Gabonetako kanpainan eta higiene-produktuak barne hartzen dituzten jaioberrientzako produktu-sortak. 2023. urtean, 300 lote banatu dira, 196 jostailu hezitzaile eta eskola-materialerako 95 kit.

Oinarrizko beharrizanak asetzera bideratutako prestazio eta laguntza ekonomikoez gain, Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak familiekin, haurrekin eta nerabeekin lan egiten du, amatasun eta gurasotasun positiborako ekintzak sustatuz, haurrei tratu ona ematea ziurtatzeko xedez.

Haurrei zuzendutako udal-zerbitzuen barruan, Eibarko Udalak ingurune irekian esku hartzeko programa du. Programa horretan, tresnak ematen zaizkie gazteei, ezagutzak eta gaitasunak eskura ditzaten eta testuinguru desberdinetako baliabideetan eta zerbitzuetan parte har dezaten, hala nola eskolan, baliabide komunitarioetan eta berdinkideen taldeetan. Gainera beste eragile batzuekin ere lan egiten da, hala nola eskolekin eta Osakidetzarekin, aldian behin bilerak eginez.

2023an 55 adingabek jaso zuten arreta ingurune irekian; haietatik 31 neska eta 24 mutil.  

Halaber, familian esku hartzeko programa aktibatu egiten da balorazio sozio-familiarra egin eta gero; balorazioan, familiak onartutako irizpideak ezartzen dira. 42 familiak jaso dute arreta baliabide ezberdinetan, hezitzaileen bidez edo esku-hartze terapeutikoen bidez. Arreta jaso duten adingabeen kasuan, 38 mutil eta 26 neska izan dira, 9 eta 12 urte artekoak.  Adingabeen % 13k bi programetan jaso dute arreta.