Eibarko Udala
hitzarmena

Eibarko Udalak eta UNICEF erakundeak hitzarmen bat sinatu dute udal mailan haurren eskubideak sustatzeko

2024/10/18
Eibarko Udalak eta UNICEF erakundeak udal mailan haurren eskubideak sustatzeko sinatu duten hitzarmenaren irudia.
Eibarko Udalak eta UNICEF erakundeak udal mailan haurren eskubideak sustatzeko sinatu duten hitzarmenaren irudia.

Udalak Haur eta Nerabeen Tokiko Plana garatu eta ezarri behar du. Horrez gain, adingabeek udalerrian duten egoerari buruzko diagnostiko bat ere egin behar du.

Eibarko Udalak, UNICEFekin lankidetzan, hitzarmen bat sinatu du herrian bizi diren haur eta nerabeen eskubideak sustatu eta defendatzeko duen konpromisoa indartze aldera. Akordio hau "Haurren Hiri Lagunak" ekimenaren barruan kokatzen da, zeina UNICEF Espainiako Batzordeak gidatzen baitu 2001. urteaz geroztik. Ekimenaren xedea  Tokiko Erakundeei laguntzea da, udal mailako haurren eskubideen bermatzaile diren aldetik, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean ezarritakoa betez.

Sinatutako hitzarmenaren bidez, Eibarko Udalak “Haurren Hiri Lagunak” ekimenaren esparruan lan egiteko borondatea adierazi du, haurren eskubideei buruzko tokiko politikak sortuz eta abian jarriz. Ahalegin horren barruan sartzen da Haurren Tokiko Plana eta adingabeek hirian duten egoerari buruzko diagnostikoa egitea, eta haurren eta nerabeen parte-hartzea izango duen organo bat eratzea.

Jon Iraola alkateak honakoa adierazi du: “Gaur aurrerapauso bat egin dugu, hitzarmen honek Eibarko haurrentzako onura nabarmenak ekarriko dituelako ilusioarekin.  Badakigu bide luzea dugula aurretik, baina ziur gaude denon artean lortuko dugula gure hiria  gero eta leku hobea izatea bai bizitzeko, bai hazteko.

Era berean, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzu, Berdintasun eta Adinekoen zinegotziak gaineratu duenez, "proiektu hau ez da mugatzen programa edo ekimen puntualak ezartzera; aitzitik, epe luzera begirakoa da, alegia, haurren eskubideak errespetatzeko kultura sustatzean oinarritzen da, herritar guztiak inplikatuz, familiak eta ikastetxeak, elkarteak eta haurrak eurak, prozesuan rol aktiboa izan dezaten".

Hitzarmenak ezartzen duenez, gehienez 24 hilabeteko epean, Eibarko Udala Haurren eta Nerabeen Tokiko Plana garatu eta ezartzen hasi behar da, zeina funtsezkoa izango baita “Haurren Hiri Lagunak” ekimenerako hautagaitzarako. Planak “Haurren Hiri Lagunak” ekimenaren Idazkaritza Iraunkorrak aurrez ezarritako adierazleetan oinarritutako jarraipen-sistema bat izan beharko du, eta haren arrakasta bermatzeko beharrezkoak diren baliabide finantzario eta politikoez hornituta egon beharko da.

Hala ere, hitzarmena sinatzeak berak ez dakar berekin herria “Haurren Hiri Laguna” izendatzea. Izan ere, horretarako, prozesuak zenbait baldintza behar ditu, besteak beste, Eibarko haurren eta nerabeen egoerari buruzko partaidetza-diagnostiko bat sortzea, haurren  parte-hartzea izango duen organo bat eratzea eta UNICEFek egindako ebaluazioak gainditzea.

Helburu horiek guztiak lortuz gero, Hautagai izateko eskaera egin ahal izango da, eta, ondoren,  Aitortutako Erakunde aitortza-eskaera.

UNICEFek, bere aldetik, konpromisoa hartzen du, batetik,  Eibarko Udalaren hautagaitza- eta aintzatespen-prozesua errazteko aholkularitza, dokumentazioa eta informazioa emateko; bestetik, “Haurren Hiri Lagunak” ekimenaren jardueretan eta ekitaldietan parte har dezan sustatzeko.

Hitzarmen honek bi aldeen arteko lankidetza indartzeaz gain,  lan koordinatu eta eraginkorra egiteko oinarriak ezartzen ditu. Elkarlan horrek haurren eta nerabeen bizi-kalitatea hobetuko duten tokiko politikak ezartzea bultzatuko du, eta baita haien oinarrizko eskubideak errespetatzea eta sustatzea ere.