Eibarko Udalak eskaintzen dituen ekintzailetza-programa guztien xehetasunak jasotzen dituen triptiko bat egin du

Hiru programen logotipoak.

Hiru programen logotipoak.

2023/06/27

Dokumentuak HELDU!, EHUNDU eta MAKE IN! programei buruzko informazioa biltzen du; ekintzaileei beren proiektuaren fase bakoitzean laguntzearren Debegesarekin elkarlanean arituz garatzen diren hiru ekimenak. HELDU! programaren edizio berrian parte hartu nahi duten ekintzaileek uztailaren 3tik 24ra eman ahal izango dute izena.

Eibarko Udalak triptiko bat egin du HELDU!, EHUNDU eta MAKE IN! ekimen-programei buruzko informazioa emateko, Debegesarekin elkarlanean arituta duela zenbait hilabete martxan jarri zituen ekimenak.

Dokumentua www.eibar.eus/ekintzailetza atalean lor daiteke, eta zuzenean eskuratzeko aukera ere badago sarbide publikoko guneetan, hala nola Pegoran, Portalean, liburutegian, lanbide-heziketako zentroan eta Debegesan. Debegesaren webgunean (www.debegesa.eus) ere kontsulta daiteke, ekintzailetzaren atalean.

HELDU! programaren edizio berrian parte hartu nahi dutenek uztailaren 3tik 24ra bitarte eman dezakete izena esteka honetan: https://heldueibar.debegesa.eus/heldu/. EHUNDU programarako izenak ere eman daitezke, urte osoan zabalik egoten baita izena emateko epea. Horiexek dira Eibarko Udalak osorik finantzatutako programa biak.

MAKE IN! programa oraintxe amaitu da; martxoan ireki zen eskualdeko udal guztiek finantzatzen duten egitasmo honetan parte hartzeko deialdia, eta III. edizioa 2024ko lehen hiruhilekotik aurrera egingo da.

Programa hauen helburua Eibarren eta eskualdean ekintzailetza sustatzea da; eta, Jon Iraola alkateak adierazi duen bezala, “Udalak konpromiso sendoa du enpresa- eta ekonomia-ekosistema bat sortzeko, eta, horregatik, egunero dihardugu lanean pertsona ekintzaileen eskura proiektuak gauzatzeko bideak eta baliabideak jartzeko, horrela, Eibarko enpresa-sarea bera ere indartzea lortuko baita”.

 “Debabarrena beti izan da pertsona eta enpresa ekintzaileen lurraldea. Hain gurea dugun espiritua berreskuratu eta pertsona ekintzaileei laguntzeko sare hori bultzatu nahi dugu, Eibarri hain emaitza onak eman dizkiona; beraz, ekintzailetzaren aldeko apustu sendoa egin nahi dugu jarduera ekonomikoa sortzeko iturri gisa” erantsi du Cristina Zumetak, Debegesako Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa Saileko arduradunak.

Programa bakoitzaren ezaugarriak 

HELDU! programak sustatzaileen enpresa-ideia bitarteko eta profesional onenekin zehazten lagundu nahi du, ideia aztertu eta garatzeko. Proiektuari hasieratik bertatik laguntzen zaio, bideragarritasun-plana aztertzeko eta proiektua definitzeko laguntza eskainiz. Eibarko ekosistema ekintzailea bultzatzea da xedea, enpresa-jarduera berritzaileen bidez. Horregatik, programa honetan parte hartzen duten pertsonek beren enpresa-jarduera udalerrian garatzeko interesa izan beharko dute.  

EHUNDUk, berriz, enpresa sortu aurretik enpresa-proiektu bakoitzak dituen eremu kritikoetan adituen laguntza teknikoa eskaintzen die ekintzaileei. Programa honetan, pertsonek ordu-poltsa bat izango dute beren proiekturako adituen aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko eta inguruko enpresekin alderatzeko. Baldintzetako bat da enpresa-jarduera Eibarren garatzeko interesa izatea. Programa hau negozio-plan bat edo bideragarritasun-plan bat duten pertsona ekintzaileei zuzenduta dago, osagai berritzailea garatuta eduki arren, konpondu gabeko behar espezifikoak dituzten planak dituzten berritzaileei zuzendua, alegia.

MAKE IN! bigarren edizioa bete berri duen eskualdeko programa dugu; merkatuarekin konektatu beharra duten industriari lotutako enpresa-ekimen edo startupentzako azelerazio-programa bat da. Debabarreneko industria-lehiakortasuna sustatzea da helburu nagusia, eskualdera proiektu berritzaileak erakarriz. Berariazko prestakuntzaz, aholkularitza espezializatuaz eta jagoletzaz gain, programa honek harreman zuzena eskaintzen du Debabarreneko industria-enpresekin. Aipatu diren azken bi esparru horiek —adituen aholkularitza eta jagoletza edo mentoretza— BPTD Enpresa Elkartearekin lankidetzan garatzen dira.