Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak erabaki du aurrera egitea frankismoaren krimenen aurkako kereilan, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ikertzeko eskabideari uko egin ondoren

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/07/14

Alderdi guztiek, Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformarekin batera, aho batez eta adostasunez adostu dute Estatuko eta nazioarteko erakundeetara jotzea, kereilarekin aurrera jarraitzeko. Miguel de los Toyos alkateak beharrezkotzat jotzen du "ikertzea, egia jakitea, justizia egitea eta diktadura frankistak eragindako kalteak ordainaraztea".

Eibarko Udalak erabaki du aurrera jarraitzea frankismoaren krimenen aurkako kereilan, eta nazioarteko instantzietara iristea, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ezetsi egin baitu Udalak berak Eibarko Epaitegiaren autoaren aurka jarritako apelazio-errekurtsoa. Auto horretan, Francoren diktadurak udalerrian gizateriaren aurkako krimenengatik egindako erantzukizun penalak argitzeko ikerketa-eskaera ezetsi zen.

Probintzia Auzitegiaren autoaren berri izan ondoren, Udaleko Bozeramaileen Batzordea Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformarekin bildu da duela egun batzuk —kereilak bultzatu dituen elkartearekin hain zuzen—, eta, elkarrekin eta aho batez, auziarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, eta Espainiako Estatuko eta nazioarteko instantzietara iristea.

Prozesu horren jatorria zein den jakiteko, 2016ko urrira jo behar da, orduan erabaki baitzuen Udalak akusazio gisa aurkeztea Argentinako jurisdikzioan irekitako prozeduran Eibarren frankismoaren biktimei dagokienez, helburua izanik Espainiako Estatuko epaitegietan ekimen judizialak irekitzea Francoren diktadurak egindako krimenengatik erantzukizun penalak argitzeko.

2017ko otsailean, Udalak Argentinako jurisdikzioak irekitako auzian akusazio gisa aurkezteko prozedura hasi zuen, egia argitzeko eta bidezkoa den justizia aplikatzeko, udalerrian frankismoak egindako krimen guztiengatik.  2019ko ekainean, bildutako dokumentazio guztia Argentinara eta Eibarko Epaitegira igorri zen. Dokumentuen artean, frankismoaren garaian Eibarren desagertutako pertsonen zerrenda bat jaso zen, 1945era arte errepresaliatutako pertsona eta enpresen kopurua, frankismoa bizi eta pairatu zuten pertsonen 50 testigantza baino gehiago, eta frankismoaren garaian errepresaliatutako 200 pertsona baino gehiago jasotzen duen zerrenda bat.

2019ko irailean, Eibarko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak auto bat eman zuen, kereila izapidetzea ez onartzea eta auzia artxibatzea erabakitzeko. Autoa ezagututa, Udalak Eibarko Epaitegiaren erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Prozesu horretan, ekainaren 2an, Auzitegi horrek apelazio-errekurtsoa ezestea erabaki zuen, eta, ondorioz, Eibarko Epaitegiaren ebazpena berrestea.

Udaleko Bozeramaileen Batzordea ez dago ados erabaki horrekin eta prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki du, Espainiako Estatuko instantzia judizialetara zein nazioarteko instantzietara (kasu honetan, NBEko Giza Eskubideen Kontseilura) joz, beharrezkoa balitz. Akordio hori Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformarekin adostu da.

Miguel de los Toyos alkateak adierazpen hauek egin ditu: "ez dugu etsiko, eta behar diren instantzietara jotzen jarraituko dugu, beharrezkoa iruditzen baitzaigu ikertzea, egia ezagutzea, kalteak ordainaraztea eta justizia egitea frankismoaren krimenak argitzeko". Horren harira, esan du auziarekin aurrera jarraitzea “tresna bat dela Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren aldeko Plataformak gizartearen beroa eta udalaren babesa senti ditzan.