Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak dirulaguntzak emango dizkie auzokideen komunitateei fatxadak zaharberritzeko edota igogailuak jarri eta aldatzeko

Urkizuko etxebizitzak.

Urkizuko etxebizitzak.

2022/06/15

190.000 euroko aurrekontua du programak aurten eta dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik egongo da azaroaren 10era arte (egun hori barne). Aurten ere emango ditu dirulaguntza hauek Udalak, jakitun baita kostu handia direla halako obrak komunitateentzat.

Eibarko Udalak fatxadak zaharberritzeko edota igogailuak jarri eta berritzeko obretarako dirulaguntza deialdia jarri du martxan 2022. urte honetarako: aurtengo udal aurrekontuetan 190.000 euroko partida bat bideratu da.

Gobernu-taldeak, deialdi honen bidez, berretsi egiten du auzokideen komunitateekin duen konpromisoa.

Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Programa hau urte luzez egin ondoren, egiaztatu da dirulaguntza huek oso garrantzitsuak direla irisgarritasuna bermatzeko eta eraikinen fatxadak zaharberritzeko, eta, jakitun gara obra horiek gastu handia direla komunitateentzat; horregatik, ahal den neurrian, lagundu nahi diegu herritarrei kostua ez dadin izan eraikinean hobekuntza-lanak ez egiteko arrazoi".

Gainera “gure asmoa da azken urteotan hiri osoan egiten ari diren udal-planak eta irisgarritasuna pixkanaka hobetzeko filosofia auzokideen komunitateetara ere zabaltzea, horrek herritarren bizi-kalitatea hobetzea ekarriko baitu”.

Honako lanak lagunduko dira diruz: fatxadak zaharberritzea, igogailuak jarri edo ordeztea, igogailuak zero-kotara jaistea ataritik irisgarritasuna bermatzeko (lehendik dauden desnibelak kenduz) edota plataforma jasotzaileak jartzea. 

Bete beharrekoei dagokienez, jarraian zehazten dira zer baldintza bete behar dituzten komunitateek.

Igogailuen kasuan, eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak eta jarduerak lagunduko dira diruz: bizitegi-eraikinen barruan edo eraikinetara iritsi ahal izateko kanpoko aldetik igogailuak ipintzea edo igogailu zaharrak kendu eta berriak ipintzea; modernizazioak; atariraino eta atariaren eta igogailuaren artean egon daitekeen aldea edo desnibela gainditzeko, arrapalak, plataforma jasotzaileak, elementuak edo beste obraren bat egitea.

Bestalde, eta eraikuntza-kostuak igo direnez, % 10 igo da baita ere jasoko diren dirulaguntzen zenbatekoaren muga.

Hala, gehieneko zenbatekoak hauexek izango dira: igogailu berria jartzeagatik, ematen den laguntza ez da 9.900 eurotik gorakoa izango; igogailu zaharra ordeztu eta zero kotara jartzeko obra egiteagatik edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, zenbatekoa ezingo da izan 7.425 eurotik gorakoa; igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, 4.950ekoa izango da emango den gehieneko laguntza; eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 2.475 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa. 

Hori guztia obraren aurrekontu osoaren % 10eko gehieneko mugarekin.

Fatxaden kasuan, dirulaguntza “oroharreko prezioan” emango da, eta gehieneko zenbatekoa honako hauetatik txikiena izango da: Obraren kostuaren % 10; edo 6,6 euro zaharberritutako fatxadako metro koadro bakoitzeko.

Gainera, zenbatekoa 13,2 eurokoa izango da fatxada metro koadro bakoitzeko, fatxada berriztatzeaz gain, eraikinen inguratzailearen isolamendu-obrak egin eta urteko energia-eskaera murrizten bada. Nolanahi ere, dirulaguntza hori jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da, zaharberritzearekin batera, eraikinak gutxienez C kalifikazio energetikoa lortzea edo bi letratan hobetzea obra egin baino lehen zuen kalifikazio energetikoa. Gainera, isolamendu-obrei dagokien zenbatekoa emateko, obra egin ondoren, gutxienez C mailako energia-ziurtagiria lortu eta egiaztatu beharko da, edo ziurtagiria bi mailatan hobetu hasierako agiriarekiko.

Ateratzen den zenbatekoari gehitu ahal izango zaio ezohiko kostuen % 20raino, baldin eta erakunde publikoek fatxada zaharberritzea eskatzen badute; amiantoa kentzeagatik sor daitezkeen kostuak ere diruz lagunduko dira.

Aurtengo dirulaguntzak eskatzeko epea ekainaren 15ean hasiko da eta azaroaren 10ean amaitu (biak barne). Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten jabekide-komunitateek dirulaguntzaren deialdia kontsulta dezakete eta eskaera-orriak jaitsi ditzakete www.eibar.eus udal webgunearen "Tramiteak eta zerbitzuak" ataleko "Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak" tokian sakatuta. Eskaerak modu elektronikoan egin beharko dira, eskatutako dokumentazioa eskaerari erantsita.