Eibarko Udala
diagnostiko soziala

Eibarko Udalak diagnostiko sozial anbiziotsu bat egingo du, biztanleen premiak antzeman eta haiei erantzuteko

2025/07/09
Gizartekintza Arlorako sarbidea.
Gizartekintza Arlorako sarbidea.

Udalak prozesu parte-hartzaile eta zorrotz bat jarriko du martxan, elkarrizketak, foro tematikoak eta inkestak barne hartuko dituena Helburua: herriaren egungo errealitatera egokitutako politika sozial eraginkorragoak egitea.

Eibarko Udalak, Gizartekintzako arloaren bitartez, iragarri du diagnostiko sozial bat egiteko prozesuari ekin diola, 2025eko irailean hasi eta 2026ko hasieran amaituko dena.  Azterlan horren helburu nagusia da Eibarko biztanleen premia sozialak sakonki ezagutzea, errealitate soziala abiadura handian eraldatzen ari den testuinguru batean.

Ekimena Gizartekintza Sailak berak 2024an egindako barne-gogoetaren ondorioz sortu da. Orduan, zerbitzuaren funtzionamenduaren balorazio xehe bat egin zen, eta hainbat faktore aztertu ziren, hala nola profesionalek jasaten duten lan-karga, egunero artatzen diren askotariko egoerak eta kasuen konplexutasun gero eta handiagoa. Ebaluazio horren ondorioz, saila berrantolatu egin zen, arreta-figura berriak sortu ziren eta lan-metodoak birdefinitu ziren, herritarren eskaerei modu arinagoan eta efizienteagoan erantzuteko.

"Berrantolaketa horrek benetako zentzua izan dezan eta herritarrei ematen zaien arreta benetan hobetu dadin, Eibarko gizarte-premiei buruzko ezagutza eguneratua eta osoa behar dugu", adierazi du Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuen eta Haurreriaren zinegotziak. “Ez da nahikoa argazki estatiko bat izatea. Funtsezkoa da ulertzea zer gertatzen ari den gure herrian, nola bizi diren gure bizilagunak, zerk kezkatzen dituen eta zer espero duten zerbitzu publikoetatik", gaineratu du.

Diagnostikoa gizarte-azterlanetan eta bizikidetza-planetan espezializatutako Gizagune enpresak egingo du, eta hiru maila osagarritan egituratuko da.  Lehenik eta behin, elkarrizketa sakonak egingo dira udal-ordezkari politikoekin, erakundearen kezkak jasotzeko, kudeaketa sozialean dituzten zailtasunak identifikatzeko eta gobernu- eta oposizio-erantzukizuna dutenen ikuspegiak ezagutzeko. Ondoren, eztabaida-foroak antolatuko dira herriko erakundeekin, auzo-elkarteekin, kirol-klubekin, gazte-erakundeekin eta Eibarko gizarte-sarearen beste eragile batzuekin. Topaketa horietan funtsezko gaiak jorratuko dira, hala nola osasun komunitarioa, herritarren parte-hartzea, gazteria, berdintasuna, irisgarritasuna edo bizikidetza espazio publikoan.

Helburua da elkarrizketa-gune eraikitzaile bat sortzea, premiak detektatzeko, esperientziak partekatzeko eta konponbideetan kolektiboki pentsatzeko.

Azkenik, prozesuaren faserik zabalena kalean egingo dena izango da, kalean zuzeneko inkestak egingo zaizkie-eta Eibarko 500 bat pertsonari. Elkarrizketa horiek profil ezberdinetako lagin bat biltzeko diseinatuta egongo dira, generoa, adina, bizi diren auzoa eta beste aldagai sozioekonomiko batzuk kontuan hartuta egingo direlako. Herritarrei zuzenean eta hurbiletik entzun nahi zaie, haien iritziak, kezkak eta proposamenak jaso, eta, horrela, udalerriaren erradiografia sozial errealista eta eguneratua eraiki.

Jon Iraola Eibarko alkateak lan honen garrantzia azpimarratu du etorkizunerako oinarri gisa: "Gure konpromisoa da datozen erronka sozialei aurre egiteko prestatuago egongo den hiri kohesionatu eta justuago bat eraikitzea.  Horretarako, datuak behar ditugu, baina  baita ahotsak, istorioak eta errealitateak ere.  Diagnostiko honek hori guztia emateaz gain, aukera emango digu ibilbide-orri bat egiteko gure gizarte-zerbitzuak hobetzeko xedez".

Gainera, Iraolak azpimarratu du diagnostikoaren arrakasta herritarren inplikazioaren araberakoa izango dela: “Eibartarrei parte hartzeko deia egiten diegu, beren bizipenak eta kezkak jakinarazteko. Haiek baino ez baitakite zein den beren egunerokoa, eta beraien ekarpenak ezinbestekoak dira".

Azterlana 2025. urtearen amaierarako edo 2026. urtearen hasierarako egongo da amaituta. Une horretan, emaitzak jendaurrean aurkeztuko dira, eta ebidentzian oinarritutako esku-hartze ildo berriak jarriko dira martxan, herritarren benetako beharrak eraginkortasunez betetzeko.