Eibarko Udalak Covidaren kontrako neurriak ez betetzeagatik 1.000 zigor-proposamen baino gehiago egin ditu, pandemia hasi zenetik

 Udaltzaingoaren ibilgailu ofizial baten irudia.

Udaltzaingoaren ibilgailu ofizial baten irudia.

2021/04/20

2020an, Udaltzaingoak irekitako zigor-proposamen gehienak etxeko konfinamenduko hilabeteetan egin ziren jendea kalean arrazoi justifikaturik gabe egoteagatik, baina beste salaketa batzuk ere egin ziren jende-kopurua gainditzeagatik edo maskara ez erabiltzeagatik. Aurten, urtarriletik martxora, salaketen arrazoiak izan dira taldeen muga ez betetzea, maskara ez erabiltzea edo oker erabiltzea, edo udalerriko sarrera-irteeren murriztapena ez betetzea.

Eibarko Udalak 1.000 zigor-proposamenetik gora ireki ditu Covid-19ko pandemiaren ondorioz ezarritako neurriak ez betetzeagatik, iazko martxotik lehen murriztapenak indarrean sartu zirenez geroztik. Proposamen horiek Ertzaintzara igorri dira, hura baita zehapenak aplikatzeko ardura duen erakundea, eta, proposamen gehienetan zigorra ezarri da.

Eibarko Udaltzaingoak egindako txosten batean zehazten dira azken urteari dagozkion salaketak, eta haien arabera 2020an 715 zehapen-proposamen egin ziren, eta aurtengo urtarriletik martxoaren 31ra arte, 313 proposamen.

Halaber, azpimarratu behar da 2020an hasitako zehapen-proposamen gehienak (411) inolako justifikaziorik gabe kalean egoteagatik izan zirela. Zigor guztiak martxo, apiril eta maiatza bitartean jarri ziren, etxeko konfinamendua indarrean egon zen bitartean.

2020an proposatutako gainerako zigorrei dagokienez, 84 taldeen murriztapena urratzeagatik izan ziren (lau, sei edo zortzi pertsonako taldeak, une bakoitzean ezarritako murriztapenaren arabera); 71, maskararen erabilerari buruzko araudia ez betetzeagatik; 43, agintaritzari ez obeditzeagatik; 27, alkohola bide publikoan edateagatik; 22, herriaren sarrera eta irteerak ez errespetatzeagatik; eta 21, gaueko ordutegiaren murriztapena urratzeagatik.  

2020an, halaber, Udalak beste arrazoi batzuengatik ere egin zituen zigor-proposamenak, esaterako, lokaletan edo sozietateetan jarduerak egiteagatik, ostalaritza-establezimenduetako ordutegiak ez betetzeagatik, eta ostalaritza-establezimenduetan ezarritako aforoak gainditzeagatik.  

2021eko urteari dagokionez, urtarriletik martxora bitartean, 313 zehapen-proposamen jakinarazi dira.  114, taldeko gehieneko kopurua gainditzeagatik; beste 50, maskara erabiltzeko derrigortasuna ez betetzeagatik; 37, herriko sarrera eta irteerak ez errespetatzeagatik; 33, gaueko ordutegiaren muga gainditzeagatik; 28, bide publikoan alkohola edateagatik; eta 22, ez obeditzeagatik.  

Halaber, urtarrilean 90 zehapen-proposamen erregistratu ziren, otsailean 178, eta martxoan 45.

Datu horiek ezagutu ondoren, Eibarko Jon Iraola alkateak adierazi duenez, "Zifra horiek Udaltzaingoak unean-unean indarrean dauden neurri eta murriztapenen kontrolean eta jarraipenean egiten duen lan garrantzitsua islatzen dute. Zalantzarik gabe, batzuetan zaila da arau-hauste guztiak antzematea, baina Udaltzaingoak lanean segitzen du neurriak betetzen direla bermatzeko”. Eta zera gehitu du, "gure agenteen lana ezinbestekoa izanik ere, norbanakoaren erantzukizuna eta erantzukizun kolektiboa ere derrigorrezkoak dira, eta horrek eskatzen du uneoro indarrean dauden neurriak betez jokatzea. Horrela bakarrik gainditu ahal izango dugu osasun-krisi hau".