Eibarko Udalak Asteklima sari bat irabazi du 20.000 biztanletik gorako udalerrien kategorian, “Asteklimako interesgunea” ekimenagatik
2024ko urriaren 18tik 27ra, ASTEKLIMA Klimaren eta Energiaren Astea egin zen bosgarren aldiz Euskadin, “Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da” lelopean. Ekimen hau, 2019ko martxoan sortua, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatzen du, EEE (Energiaren Euskal Erakundea) eta Ihobe (Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) erakunde publikoen bitartez. Haren helburua da euskal gizartea trantsizio energetiko eta klimatiko baten garrantziaz kontzientziatzea eta mobilizatzea.
ASTEKLIMAren esparruan, Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez eta Ihoberen laguntzarekin, hainbat jarduera garatu zituen herritarrak klima-aldaketaren aurrean konpromiso pertsonalak hartzearen garrantziaz sentsibilizatzeko, klima-aldaketa baita gaur egungo ingurumen-erronka handienetako bat.
Jon Iraola alkateak ekimen honen balioa azpimarratu zuen:
“Eibarko Udalean lanean dihardugu herritar guztiak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan inplikatzeko; denoi eragiten digun erronka bat da. ASTEKLIMAK aukera eman digu esfortzuak batzeko, kontzientziatzeko, eta, batez ere, erakusteko keinu txiki guztiak garrantzitsuak direla etorkizun jasangarriagoa bat eraikitzeko. Harro nago gure toki erakundeek erakutsi duten konpromisoaz, eta, bereziki, Udal Liburutegiak eta Egoaiziak aurten egin dituztenen ekimenez."
Juan San Martin Liburutegiak saria jaso zuen Asteklima interesgunearen proiektuagatik. Astean zehar, Liburutegiak erakusketa tematiko bat eskaini zuen klima-aldaketari buruz eta baita irakurketa-gidak ere, bai helduentzat bati umeentzat diseinatuak. Helburu horretarako bi gune espezifiko jarri ziren Liburutegian. Horrekin batera, ikastetxeetan gidak banatu ziren, haien erabilera sustatuz hezkuntza-baliabide gisa.
Irakurketa-gidak esteka hauetan daude eskuragarri:
- Haurrentzako gida: https://www.eibar.eus/eu/kultura/jsm-liburutegia/argitalpenak/umeentzako-irakur-gidak
- Helduentzako gida: https://www.eibar.eus/eu/kultura/jsm-liburutegia/argitalpenak/irakur-gidak
Bestalde, Eibarko Egoaizia GGKEa saritu zuten GKE eta elkarteen kategorian "kontsumo arduratsu eta ekologikoaren azoka" izeneko ekimenagatik, zeinak 30 proposamen jasangarri baino gehiago bildu zituen. Azoka ikaskuntza- eta mobilizazio-espazio bat bihurtu zen trantsizio energetiko eta klimatikoaren inguruan.
Ebaluazio-batzordeak nabarmendu zuen jarduera horiek bat datozela Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legearen helburuekin, eta, nabarmendu zuen baita ere jarduera horien berrikuntza, sormena, parte-hartze maila eta inpaktua gizartearen kontzientziazioan.
“Horrelako ekimenak sustatzen jarraituko dugu, ziur baikaude elkarrekin benetako aldaketa eragin dezakegula gure ingurunean eta munduan", esan zuen Ana Telleria lehen alkateordeak.
ASTEKLIMA ezinbesteko erreferente bihurtu da klima-aldaketari aurre egiteko ekintza kolektibo eta indibidualen sustapenean, ekintza txiki bakoitzak garrantzia duela frogatuz.".