Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak arrakastatsutzat jo du 2023 Kirolaren Europako urtea

2024/02/09

Urtean zehar, kirolaren inguruko 250 ekimen baino gehiago egin ziren: ekitaldiak, jardunaldi teknikoak, aurkezpenak edo ospakizunak. Ipuruako kirol-instalazioetarako aurreproiektu berria amaituta dago, eta alkateak inbertsio gehiago agindu ditu oraingo instalazioak eta ekipamenduak berriztu, handitu eta hobetzeko.

2023ko abenduaren 31n amaitu zen Eibarrek Kirolaren Europar Hiri gisa egindako ibilbidea; Kirolaren hiri-izendapena ACES Europe erakundeak eman zuen eta Europako Batzordeak babestu. Aurretik, Jon Iraola Eibarko alkatea, udal-ordezkaritza batekin batera, Bruselara joan zen, Europar Parlamentura, Kirolaren Europar hiri izendapena jasotzera.

Epai-mahaiak oso modu positiboan baloratu zuen herriak kirolarekin duen lotura estua.  Kirol horietako bat txirrindularitza da, izan ere,  XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Eibarko armagintzak egitura ekonomiko berri batera egokitzen jakin zuen, industria bizikletagintzara bideratuz. Gainera, hautagaitzaren beste indarguneetako bat herrian dagoen ehun soziala eta elkartegintza izan zen. Halaber, herriko azpiegiturak eta haiek zaharberritzeko dauden planak oso garrantzitsuak izan ziren.

Udalak uste du Eibarrek aise bete dituela ACESekin eta herritarrekin 2023an hartutako konpromisoak. Izan ere, urte horretan, kirolaren inguruko 250 ekimenetik gora egin dira Eibarren: ekitaldiak, albisteak, jardunaldi teknikoak, aurkezpenak edo ospakizunak.

Gure hirian lortutako jardueren edo lorpenen artean, nabarmentzekoak dira Euskal Herriko Itzulia eta Coliseo Antzokian egindako aurkezpena; Ipuruan kirol-instalazio berriak eta eraberrituak egiteko aurreproiektua; kirol-erronka ugari abiaraztea Wellk aplikazioaren bidez; Juggerreko munduko txapelketa, mundu osoko 600 pertsona erakarriz; edo San Juan jaietan egiten den boxeo-gaualdia, beste jarduera askoren artean.

Jon Iraola alkatea pozik agertu da lortutakoagatik, eta baita harro ere Eibarren kirola arnasten dela Europari erakusteagatik, alegia, "27.000 biztanleko herri batean gurean bezalako elkartegintza edukitzea, hainbeste kirol-ekimen egotea, hainbeste kirol-klub izatea, Ipuruako, Unbeko eta Orbeako instalazioak edukitzea, eta, gainera, gimnasio pribatuak egotea, ez sinesteko modukoa da. Lanean jarraituko dugu Eibar kirol hiria izan dadin. Horretarako, lanean dihardugu Ipuruako kiroldegia goitik behera eraberritzeko eta beste instalazioetarako material berriak erosteko”.

Gaur egun, Eibarrek 12.325 herritar ditu abonatuta Udalaren kirol-instalazioetan, hau da, eibartarren % 45ek antolatutako egituren babesean egiten dute kirola.