Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak, Armeria Eskola Elkartearekin batera, enplegua bultzatzeko beste programa bat jarri du abian fabrikazio mekanikoari buruzkoa

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2024/02/05

Programaren helburua da langabezian dauden edo lan prekarioa duten Eibarko 15 pertsonaren laneratzeko gaitasuna hobetzea. Izena emateko epea 2024ko otsailaren 5etik 24ra (bi egunak barne) egongo da zabalik.

Udaleko Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak, Armeria Eskola Elkartearekin batera, fabrikazio mekanikoaren arloan enplegua bultzatzeko programaren beste edizio bat jarri du abian. Programaren helburua da langabezian dauden edo lan prekarioa duten Eibarko 15 pertsonaren laneratzeko gaitasuna hobetzea, neurrira egindako ibilbideen bidez.

Eibarko Udalak programa honetan izandako esperientzia errepikatzea erabaki du, aurreko edizioetako emaitza onak ikusita.  Zehazki, iazko edizioan, parte hartu zuten 15 pertsonetatik erdiek baino gehiagok lortu zuten lan-merkatuan sartzea kontratu baten bidez, eta % 30ek beren formakuntza-prozesuan jarraitu zuten, beste formakuntza-ibilbide batzuen bidez.

8 hilabeteko programa izango da eta txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa, orga jasotzaileak gidatzeko prestakuntza eta gaitasun pertsonalei buruzko formakuntza eskainiko dira. Gainera, gutxienez 60 orduko praktikak egingo dira enpresetan eta parte-hartzaileek lan-munduan txertatzeko laguntza jasoko dute.  Klaseak Armeria Eskolako instalazioetan emango dira eta kurtso-hasiera otsailaren amaieran izango da.

Programan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: Eibarren erroldatuta egotea, langabetua izan edo lan prekarioa edukitzea, edo Lanbiden izena emanda egotea. Gainera, ezinbestekoa da gaztelaniaren behar besteko maila edukitzea, bai ahoz bai idatziz, eta baloratu egingo da esperientzia profesionala edota ezagutzak izatea fabrikazio mekanikoaren alorrean.  

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “guztiz garrantzitsua da Eibarko pertsonen laneratzea sustatuko duten programak egiten jarraitzea. Kasu honetan fabrikazio mekanikoaren sektorea oso lotuta dago gure udalerriarekin eta gure eskualdearekin, non fabrikazio mekanikoak eta industriak, oro har, berebiziko garrantzia duten gure garapen ekonomikoan. Gure inguruan berrikuntza bultzatzen duten eta enplegua sortzen duten sektoreak dira.”

Izen-ematea

Izena emateko epea zabalik egongo da otsailaren 5etik 24ra, egun biak barne. Interesdunak Pegoran eman ahalko dute izena aurrez aurre, edo www.eibar.eus webgunean modu elektronikoan. Bigarren kasuan, beharrezkoa izango da ziurtagiri digital bat edukitzea (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela, eta abar.). Aurkeztu beharreko agiriak hauexek dira: eskatzailearen NANa edo agiri baliokidea, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, lan-bizitza edo curriculum vitae eguneratua.