Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak amaitu ditu ortu ludiko bat jartzeko obrak Ego Gaineko Zentro Gerontologikoarentzat

Legarreko frontoiaren estalkian jarri duten ortu ludikoa.

Legarreko frontoiaren estalkian jarri duten ortu ludikoa.

2020/03/17

Ortua duela gutxi egin da, eta Legarreko frontoiaren estalkian dago. Zentroan egoitza duen Nahasmendu Mental Larrien Tratamendurako Unitateak erabiliko du.

Eibarko Udaleko Ingurumen Arloak, Ego Gain Zentro Gerontologikoak eskatuta, ortu ludiko bat jarri berri du Legarreko frontoiaren estalkian, eta horren bidez, zentro horretan egoitza duen Nahasmendu Mental Larrien Tratamendurako Unitateak martxan jarri ahal izango ditu gaixoen tratamendurako terapia espezifikoak.

Hala, obrak egin dira Legarreko frontoiko estalkiaren eremu batean: berdegune bat eraiki da landareak landatzeko lur-kutxatilekin, eta hainbat loreontzi jarri dira fruta-arbolekin, landare usaintsuekin eta beste apaingarri batzuekin, zentroak aurrerantzean izango duen baratze ludikoa osatzeko.

Egitasmoaren kostua 8.800 euro ingurukoa izan da

Behin obrak amaituta, eta Udaleko Ingurumen Arloarekin hartutako konpromisoekin bat etorriz, Nahasmendu Mental Larrien Tratamendurako aipatutako Unitatea arduratuko da baratzea landatzeaz eta hura mantentzeaz eta kudeatzeaz, betiere nekazaritza ekologikoaren printzipioei jarraituz.

Ekimen honen helburua da unitate horretako gaixoek ingurumenarekin eta, zehazki, nekazaritza ekologikoarekin lotutako gaiak lantzeko gune bat izatea. Horren harira, baratze ludikoa funtsezko tresna da ingurunea zaindu eta hobetzearekin eta ingurumen-baliabideen erabilera jasangarriarekin konprometitutako jarrerak eta balioak eraginkortasunez garatzeko.

Ortuak aukera emango die Tratamendu Unitate horretako arduradunei terapiak martxan jartzeko, hala, beren pazienteen gaixotasun mentalak hobeto tratatu ahal izateko. Baratzeak bultzatutako aire zabaleko jarduera horien bidez, batetik, ingurumenarekiko kontaktua bultzatu eta sustatzen da; eta, bestetik, paziente horientzat hain garrantzitsuak diren trebetasun pertsonalak garatzen dira, hala nola beren autonomia, erantzukizuna, konpromisoa edo talde-kohesioa; bestalde, oinarrizko alderdiak lantzen dira, hala nola integrazioa eta gizarte-trebetasunak.