Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak aho batez onartu du "Emakumeen Munduko Martxa"ren deklarazio instituzionala

2015/10/05

Bozeramaileen Batzarrean Udal Talde politiko guztiek eman dute Agiri horren aldeko botoa. Era horretan, Eibarko Udalak berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, horretarako bere esku dituen bitarteko guztiak jarrita. Emakumeen Munduko Martxa Bergarara iritsi zen aurreko ostiralean, hilak 2, eta egun horretan bertan eman zitzaion onespena Deklarazio Instituzionalari.

Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzarra urriaren 2an bildu zen, eta han, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien ordezkariek “Emakumeen Munduko Martxa”ren Deklarazio Instituzionalaren aldeko bozka eman zuten. Hala ere, horren aurretik, Eibarko Udaleko Berdintasun Batzordean aztertu zen eta batzorde haren baietzarekin zetorren.

Udalak bere hitza eman du, berdintasunean oinarritutako gizarte bat lortzeko konpromiso horren haritik, beharrezkoak diren urratsak ematen jarraituko duela, bai.  Horretarako, bere esku dauden baliabide eta bitarteko guztiak ipiniko ditu berdintasunaren aldeko prestakuntza eta sentsibilizazioa jorratzearen alde lanean jarduteko; baita Tokiko II. Protokoloa bultzatzeko eta garatzeko ere, biolentzia sexistarekin betikoz amaitzeko.  Aniztasun sexuala kontuan hartuko du lan egitean; biolentzia sexistaren biktimak zaintzen dituztenen lan-baldintzak hobetzeko lan egingo du; emakumeak ahalduntzeko edo botereratzeko urratsak bultzatuko ditu.  Esandako xede horiek guztiok Deklarazioan finkatu diren jarduketa-lerro nagusiak osatzera datoz.

Eibarko Udalaren laguntza jasotzen duen Deklarazio Instituzionala Emakumeen Munduko Martxaren Europako Idazkaritzari bidaliko zaio.

Dokumentua, Emakumeen Munduko Martxa Bergara heldu zen egunean bertan, hilaren 2an, onartu zen. Horrela, Eibarko Udalak, Martxa hori hiritik pasatu ez bazen ere, mugimendu horrekin bat egin nahi izan zuen eta hiriak bere burua apaindu zuen. Udalak, Txaltxa Zelaiko lorategian dagoen San Andresen gurutzean, lila koloreko loreak landatu zituen; bestalde, Toribio Etxebarria eta Zuloagatarren kaleen artean dagoen lorategian, lore-sartze sinbolikoa egin zuten gure herriko Mugimendu Feministaren ordezkariek.

Aurten, baserriko emakumeak, lurra lantzen duten emakumeak ditugu Martxa honetako ikur; horregatik, Euskal Herrian zehar antolatu diren ekintzak, eta, hain zuzen ere, Eibarren, baserritarrek egiten duten lana lau haizetara zabaltzen ahalegindu dira, haiek egiten duten lana aitortzearren.

Emakumeen Munduko Martxa, Nazioarteko 4. Ekintza berdintasunaren alorrean, joan zen martxoaren 6an hasi zen Kurdistanen eta hilabete honetako 17an amaituko da Lisboan.