Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak agur egingo dio Europako Kirol Hiriaren urteari kirolak hirietan duen paperari eta inpaktuari buruzko hainbat jarduera antolatuz

2023/11/09

Jarduera nagusia, “Hiriak martxan: jarduera fisikoa eta garapen soziala” izeneko jardunaldia, azaroaren 16an egingo da, eta bertan profesionalek eta adituek hartuko dute parte. Azaroaren 15ean mahai-inguru bat egingo da Eibarrekin zerikusia duten kirolariekin eta azaroaren 16an amaituko da “Eibar martxan” erronka, aste osoan zehar egingo dena.

Eibarko Udalak agur esango dio Europako Kirol Hiriaren urteari hainbat jarduera eta topaketa antolatuz kirolak eta jarduera fisikoak hiriaren ehunean eta pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan duten inpaktuaz eztabaidatzeko.

Azaroaren 15ean “Eibar: Europako Kirol Hiria... Etorkizuneko erronkak” izeneko mahai-ingurua egingo da Eibarko kirol arloko jendearekin. Coliseo antzokian izango da 18:30ean eta hauek izango dira parte-hartzaileak: Julian Eraso (Itzulia), Eider Olarreta (Eibar Rugby Taldea), Pello Osoro (triatleta), Ander Romarate (igerilaria), Ane Campos (Eibar KE) y Aitor Elordi (ASPE). Mahai-inguruan gogoeta egingo da Eibarrek kirol arloan dituen erronken inguruan.  Jarduera hau AKEBAIk antolatu du eta euskaraz izango da.

“Hiriak martxan: jarduera fisikoa eta toki garapena” jardunaldia

Coliseo antzokian eta Errebal Plazan egingo da azaroaren 16an “Hiriak martxan: jarduera fisikoa eta tokiko garapena” izeneko jardunaldia. Bertan hainbat arlotako  profesionalek eta adituek parte hartuko dute eta herritarrei ere protagonismoa emango zaie. Ekimena «Eibar martxan» kirol-erronkarekin amaituko da, zeina azaroaren 9an hasiko den.

Jardunaldiaren helburu nagusia zera da: kirolak eta jarduera fisikoak lurraldean, gizartean eta ekonomian duten eraginaren inguruan gogoeta egitea. Horregatik formatuak elkarrizketa irekiak egiteko aukera emango du, profesionalen, adituen eta herritarren arteko begirada bateratu bat izateko.  

Jon Irola alkatearen hitzetan, “aukera ona da esperientziak partekatu, adituengandik ikasi eta planteatutako erronketarako soluzio jasangarri eta inklusiboak eraikitzen saiatzeko.

Horregatik, kirolari eta jarduera fisikoari lotutako pertsonek ez ezik herritarrek ere parte hartzea funtsezkoa da udalerrien, hirien eta lurraldeen etorkizuneko diseinua bultzatzeko”.

Jardunaldia Coliseo antzokian eta Errebal Plazan egingo da 9:30etik 17:00etara. Lehen hitzaldia hauxe izango da: «Kirola eta Hiri Agenda. Hiri aktiboa garapen-estrategia gisa», Juanma Murua kirol-gestioko ekonomialari eta aholkulariak emango du. Jarraian “Eibar martxan” azalduko da, kirola, jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsua sustatzeko Eibarko Udalak daraman estrategia. 

Ondoren elkarrizketa irekien txanda izango da; betiere kirolaren eta hiriaren arteko harremana ardatz izanik, hiru arlotan banatuko dira solasaldiak:  Hiria, Gizartea eta Ekonomia.

Horretarako, hiru areto egokituko dira izen horiekin eta areto bakoitzak bi mahai-inguru izango ditu.  ‘Hiria’ aretoan udaletako kirol-politika berriez eta haien gestioaz jardungo dute, eta nola `kiroleztatu´ espazio publikoak eta haien jasangarritasuna. ‘Gizartea’ aretoan gai hauek landuko dira: jarduera fisikoa tresna sozial gisa eta oinarrizko kirol-taldeen etorkizuna. ‘Ekonomia’ aretoan: kirol-ekimenek lurraldean eta ekonomian duten inpaktua.

Bertaratzen direnek beren esperientziak eta iritziak partekatuko dituzte lan-mahietan planteatutako erronken inguruan. Mahaietan sektoreko erreferente diren eta gaian esperientzia handia duten pertsonek parte hartuko dute.  Besteak beste, Iñaki Iturrioz (Gipuzkoako Foru Aldundia), Patxi Galarraga (Projekta Urbes), Ekain Larrinaga (Bilboko Udala), Xepe Gallastegui (Urkiko Klub Deportiboa), Laura Espín (BIC Gipuzkoa) eta Arrate Fernandez (Eibar KE).

Luntxaren ostean, espazio bat egongo da mahai bakoitzeko ordezkariek goizean landutakoa partekatzeko. Hala, jardunaldian parte hartzen duten guztiek aukera izango dute parte hartu ez duten mahaietan izandako emaitzak lehen eskutik ezagutzeko.

Parte hartu nahi dutenek www.eibarmartxan.eus webgunean eman dezakete izena. Helbide horretan, halaber, zer aretotan parte hartu nahi duten aukeratu eta informazioa eskuratu ahal izango dute ekimenaren inguruan, zeina Kirolaren Europar Hiri izendapenaren testuinguruan garatu den. Horren harira, eta aitorpen hori dela-eta zera esan du Jon Iraolak: «bultzada bat da aurrera egiten jarraitzeko hiri osasuntsuago, inklusiboago eta jasangarriago bat lortzeko xedez.  

Testuinguru horretan, kirola eta jarduera fisikoa tresna bat dira, aurrerapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko irtenbide sortzaileak emateko, gure historian zehar ikusi ahal izan dugun bezala».

Wellk enpresak antolatutako kirol-erronka batekin amaituko da ekimena

Ekimena «Eibar martxan» kirol-erronkarekin amaituko da, zeina azaroaren 9tik eta 16ra bitartean egingo den Welk-en eskutik.

Erronkaren xedea da herrian kirol-jarduera egiteko espazioak edo aukerak identifikatzea eta, aldi berean, espazio horiek nola hobetu proposatzea. Azken helburua da hiri guztia kirol fisikorako espazio gisa ulertzea eta herritarren parte-hartzearen garrantzia balioan jartzea.

Parte har daiteke banaka edo kirol-kluben bidez, eta, horretarako, proposamenak esteka honetara igorri behar dira: https://linktr.ee/wellkapp.  Proposatutako tokien kokapenarekin batera, irudiak eta iruzkinak bidal daitezke.  

Wellk-ek proposamenok hiriaren mapa batean txertatuko ditu, eta edozeinek kontsultatu ahal izango du esteka berean.  

Parte-hartzaile guztiak tokiko produktuen saski baten zozketan sartuko dira; zozketa azaroaren 15ean egingo da eta hilaren 16ko jardunaldia amaitzean entregatuko da Coliseo antzokian.