Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak 2016-2019 Komunikazio Estrategia ipini du abian

2016/04/22

Helburua da erakundearen barne eta kanpo komunikazioa hobetzea eta beharrezkoak diren erremintak ezartzea, Udala hiritarrei gehiago hurbiltzeko. Halaber, Udalaren eta hiritarren arteko komunikazioa hobetzeko xedearekin gogobetetze inkesta bat prestatu da. Inkesta udal web orriaren bidez bete ahal izango da, baita Pegoran —Herritarren zerbitzurako bulegoan—, Udal Liburutegian eta Armagintzaren Museoan ere.

Eibarko Udalak 2016-2019 Komunikazio Plana edo Estrategia ipini du martxan erakundearen barne eta kanpo komunikazioa hobetzeko helburu nagusiarekin. Plan horren baitan proposatu diren jarduera-eremuak bi izango dira: barne mailan, Udala bera –zerbitzu, sail, udal unitate eta talde politikoak barne- eta kanpora begira, hiritarrak eta gizartea orokorrean, baita hiriko hedabideak ere.

Aipatutako Estrategiaren bitartez lortu nahi dena honako hau da: beharrezkoak diren mekanismoak ezartzea komunikazio eraginkorra eta kalitatezkoa lortzeko, bai Udal barruan, bai hiritarrekin. Hala, baliabideak garatu nahi dira Udaletik sortzen diren harremanak eta komunikazioak modu zuzenean eta gardentasunez burutu daitezen. Gainera, proiektu honen bidez, Udaleko barne komunikazioa hobetzeko erremintak ezarri nahi dira.

Orain arte landutako ekimenetako bat udal langileei egindako elkarrizketa-zikloa izan da, Udalaren egoeraren analisia egiteko komunikazio alorrean. Kanpo-eremuan, berriz, hiritarrei zuzendutako gogobetetze inkesta prestatu da, Udalaren eta hiritarren arteko komunikazioa hobetzeko helburuarekin, eta proiektuaren gainontzeko puntuen idazketaren aurreko analisia osatzeko. Aipatutako galdeketa www.eibar.eus udal webgunearen bitartez bete ahal izango da; Pegoran —Herritarren zerbitzurako bulegoa—, Juan San Martin Udal Liburutegian eta Armagintzaren Museoan ere eskuragarri izango da.

Ondoren, hainbat helburu estrategiko eta espezifiko eta ekimen ugari zehaztuko dira, Plana osatzeko.

Espero diren onurak

Komunikazio Estrategiaren bitartez lortu nahi diren abantaila edo onurak hauek dira: udal sail eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea, eta horrela transmititutako informazioaren kantitate eta kalitatea areagotzea; hiritarrekiko koordinazio-pertzepzioa hobetzea, Udalak helarazten duen informazioa behar adinekoa dela eta modu errazean eta eraginkorrean transmititzen delako sentsazioa handitzeko; azkenik, hedabideekiko koordinazio-pertzepzioa ere hobetzea, informazioa nahikoa eta gardena dela eta aldian-aldian igortzen delako sentsazioa handiagotzeko.

Landutako komunikazio-ekintzak

Azken urtean, Udala hiritarrei hurbildu nahian komunikazio eremuan hobekuntza-akzio desberdinak garatu dira: udal web orriaren azal edo orrialde nagusian edukien berrantolaketa; udal sail eta zerbitzuen web atal berria; Kultura eta Gardentasunaren atarien webguneak, edota Udalaren kontu ofizialen sorrera Facebook eta Twitter sare sozialetan.

Eibarko Udalaren eta hiritarren arteko komunikazioa hobetzeko sortu berri den inkesta betetzeko SAKATU HEMEN.