Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udala pozik agertu da, Amañako geltoki berria eta ondoriozko hirigintza trazadura inauguratu ondoren

Eibarko Udala pozik agertu da, Amañako geltoki berria eta ondoriozko hirigintza trazadura inauguratu ondoren

Amañako geltoki berriaren inaugurazio ekitaldia. Irudian, ezkerretik eskumara: Miguel de los Toyos, Eibarko Alkatea; Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta Ana Oregi, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburua.

2015/10/26

Aipatutako proiektuak aurrera atera ahal izan dira udal gobernuak hasieratik egindako apustu sendoari esker. Pasa den larunbateko inaugurazio ekitaldian, urriaren 24an, Eibarko alkate Miguel de los Toyosek Eusko Jaurlaritzaren eta Eibarko Udalaren artean lanak burutzeko izandako lankidetza eskertu zuen. Lanok ETSk, Euskal Trenbide Sareak, egin ditu eta hiru urtez luzatu dira.

Amañako geltoki berriaren inaugurazio ekitaldia aurreko zapatuan, hilak 24, izan zen. Bertan izan ziren Miguel de los Toyos, Eibarko Alkatea; Iñigo Urkullu Lehendakaria; Ana Oregi, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburua eta Eusko Trenbide Sareko zuzendariak.

Ekitaldian, geltoki berria zabaltzeaz gain –lurperatuta eta irisgarritasun hobearekin- gune berrian zehar ibilbidea egin zuten bertaratuek. Gogora ekartzea merezi du Amaña eta Ardantza bitarteko zatian trenbidea bikoizteko eta estaltzeko lanak egin dituela Jaurlaritzak azkeneko hiru urteotan, ETSren (Euskal Trenbide Sarea) bitartez.

Ekitaldian parte hartu zuten agintariek Amaña eta Legarre arteko pasealeku berria bisitatu zuten. Azken hori trenbidearen estalduraren ondorioz egindako lana da. Halaber, biribilgune berria egin dute, eta horrek Amañatik N-634 errepiderako ibilgailuentzako aspaldiko irteera berreskuratzeko aukera eman du.

Zapatuko inaugurazio ekitaldian egindako adierazpenetan, Eibarko Alkateak, Miguel de los Toyosek, Eusko Jaurlaritzaren eta Eibarko Udalaren arteko lankidetza eskertu zuen, 2012ko udazkenean abian jarritako obrak egiteko. “Gaur inauguratu eta errealitate bihurtutako proiektua posible izan da hasieratik Eibarko Udalak egindako sustapen eta apustu sendoarengatik, eta aurreko agintaldian Eusko Jaurlaritzak Eibarko hiriarekin hartutako konpromisoarengatik. Une hartan, Patxi Lopez, lehendakari ohia, zegoen gobernuan, eta Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko Sailburua zen”.

Miguel de los Toyosen hitzetan, “Amaña-Ardantza bitarteko zatian trenbidea  bikoizteko eta estaltzeko lanak garrantzi handikoak izan dira. Esfortzu handia eta bizilagunen aldetik pazientzia izugarria eskatu duten lanak izan dira azken urteotan egindakoak. Halere, gaurtik aurrera, aipatutako lanen amaierarekin batera, hiritar errealitate berri batez gozatzea posible da. Lan horrek tren zerbitzua hobetu du, eta Amaña eta Legarre auzoetako hirigintza antolaketa berria ekarri du. Modu horretan, Eibarrek aisialdirako leku berria izango du hirigunean bertan”.

Une horretan alkateak adierazi zuen, Eibarko Udalak eta Eusko Trenbide Sareak adostutako hitzarmena betetze aldera, oraindik ere Estaziñotik Azitainera arteko tartearen estaldura lanak egin behar direla. Zentzu horretan, De los Toyosek honako eskaera egin zion Jaurlaritzari: “egiteke dauden lanak ahaztu ez daitezela, eta bien arteko planifikazioa burutu dadila lanak ahalik eta azkarren egin daitezen”.

Gainera, Miguel de los Toyosek iragarri zuenez, Eibarko Emakumearen Mahaian jasotako eskaera baten harira, Amañako pasealeku berriari Berdintasun arloarekin lotutako izena eman nahi zaio.