Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udala lanean ari da udalerriko naturguneen egoera ekologikoa zaindu eta hobetzeko

Eibar.

Eibar.

2022/05/10

Eibarko ingurumen-balio handiko eremuen egoera ekologikoa zaindu eta hobetzeko Azterlanean bost gune nagusi bereizten dira: Agiñaga, Arrikurutz-Kalamua, Urkoren hegoaldea, Mandiola-Gorosta-Arrate bailarak eta Otaola-Kiñarra. Azterlanak, Eibarko natura ondareari buruzko Inbentario batean oinarritua, ingurumen-balio handiko guneak bereizten ditu, berezitasunaren eta kontserbaziorako garrantziaren irizpideei kasu eginez. Azterlan honek balioko du Eibarko udal-mugarteko lurzoru urbanizaezinaren araudia zonakatzeko eta berrikusteko proposamen bat egiteko, gaur egun garatzen ari den HAPO berrikusteari begira.

Eibarko Udala pausoak ematen ari da herriak dituen ingurumen balio handiko eremuen egoera ekologikoa ezagutzeko eta, hala, haietan gauza daitezkeen balizko esku-hartzeak definitzeko. Zehazki, duela hilabete batzuk, Ingurumeneko Udal Sailak azterlan bat enkargatu zuen: “Eibarko udalerriko ingurumen-balio handiko eremuen egoera ekologikoa zaindu eta hobetzeko Azterlana” izenekoa. Bertan zehazten dira ingurumen-balio handiko guneen ezaugarriak.  

Hala, lan honi esker, lurzoru urbanizaezinaren xehetasunak jaso eta zonifikazio-proposamen bat egin ahal izango da. Proposamen hori Hiri Antolamenduko Plan Orokor berrian jasoko da —oraingo dokumentua berrikusten ari da—, eta bertan balio handiko eremuak, eta, beraz, babes-maila handiagoa behar dutenak eguneratuko dira.  Halaber, aukera ematen dio Udalari gune horien inguruko garapenaz gogoeta egiteko eta potentzial ekologiko handiena duten lursailei lehentasuna emateko.

Azterlanaren jatorria 2017-2018an Udalak egindako Natura-ondareari buruz egindako Inbentarioa da, udal-webgunean dagoena eskuragarri. Bertan, Eibarko naturaren ikuspegitik interesekoak diren eremuak identifikatzen dira, haien berezitasuna eta garrantzia kontuan hartuta. Hauexek dira eremuak: Agiñaga, Arrikurutz-Kalamua, Urkoren hegoaldea, Mandiola-Gorosta-Arrate bailarak eta Otaola-Kiñarra.

Hala, landa-lan espezifiko batez osatutako Azterlanean 5 gune horietako ezaugarri-fitxa batzuk jasotzen dira: haien deskribapena, kokatzen diren tokiaren mapa, hartzen duten azalera, lurzoruaren erabileren banaketa, intereseko habitatak eta espezieak. Gainera, espazioen kartografiak eta ekologiaren eta paisajearen ikuspegitik  interesgarriak diren beste elementu batzuk ere jasotzen dira, mehatxuak edo presioak, ingurune bakoitzaren kontserbazio-egoera eta gestio-proposamen batzuk.

Azkenik, lanean lursail-zerrenda bat jasotzen da —gehienak pribatuak— eta tokiko administrazioak haietako batzuk eskuratzeko tresna posible batzuk deskribatzen dira.

Azterlan honek agerian jartzen du gune hauek ezaugarri bereziak dituztela, ingurumen balio handiagoa ematen dietenak, beste toki batzuekin alderatuta. Kasu batzuetan, landazabaleko paisaia osatzen duten elementuen kontzentrazioa da; beste batzuetan, baso autoktonoen azalera, batez ere interesekoak jotzen diren motak; eta, azkenik, badira sastrakak eta mendi-larreak dituzten eremuak ere.

Era berean, fitxetan jasotzen da guneetako bakoitzak bere arazoak dituela, eta horrek eragiten diola intereseko elementuen kontserbazioari. Beraz, gestio-eredu desberdinak beharko dira balio horiek zaintzeko. Horren harira, garrantzitsua da lurzoru urbanizaezinaren zonakatzeak eta hura arautzen duen araudiak eremu horien ezaugarriak behar bezala jasotzea, haien ingurumen-balioa zainduko dela bermatuz kudeatzeko. Horregatik, Dokumentu honek Eibarko udalerriko lurzoru urbanizaezinaren antolamendua ezartzeko irizpide batzuk ere jasotzen ditu, eta irizpide horiek kontuan hartuko dira zonakatze-proposamena egiteko eta lurzoru urbanizaezinaren araudia berrikusteko.

Azterlanak 11.500 euroko kostua izan du (BEZik gabe), eta  % 45 (5.175 euro) Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ordaindu du.

Hala esan du Jon Iraola Eibarko alkateak: “Azterlan honek oso informazio baliagarria eskaintzen digu, balioko diguna Udaletik ingurumen-politikak garatzeko eta martxan jartzeko, eta, era berean, aukera emango digu lanean jarraitzeko Eibar 2025 Plan Estrategikoaren helburuak betetzeko, gure konpromisoa baita dauden naturguneak eta baliabideak balioan jartzea".