Eibarko Udala
Basarrixa Hurretik

Eibarko Udala Landaola Sarietarako izendatu dute

2025/03/13
"Basarrixa Hurretik" programako ikasleak.
"Basarrixa Hurretik" programako ikasleak.

“Basarrixa Hurretik” ekimenak baserriaren mundua hurbildu nahi die Eibarko ikasleei. Sari hauek Gipuzkoako landa-garapenaren arloko ekimenik onenak saritzen dituzte.

Landaola Sarien 8. edizioan Eibarko Udala izendatu dute erakunde publikoaren kategorian, "Basarrixa Hurretik" programaren bidez landa-garapenarekin duen konpromisoa aitortzeko. Ekimen honek aukera eman die Eibarko eskolei lehen sektorera hurbiltzeko, tailer eta ibilbide didaktikoen bidez.

Sariak antolatzen dituen Landaola Federazioa entitate bat da, Gipuzkoako Landa Garapeneko sei elkarteak biltzen dituena: Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkome. Haren eginkizuna da landa-ingurune jasangarria sustatzea, lehen sektorea profesionalizatzea eta lurraldeko landa-eremuen sare sozioekonomikoa indartzea. Sari hauek landa-garapenarekin konprometitutako proiektu berritzaileak aitortzea dute xede. Hainbat kategoria daude: erakunde publikoak, erakunde pribatuak, landa-inguruneko emakumeak eta ibilbide profesionala.

“Basarrixa Hurretik” hezkuntza-proiektu bat da, helburu duena eskoletako ikasleak Eibarko lehen sektoreko errealitatearekin harremanetan jartzea. Baserrietara egindako bisiten eta bestelako ekintzen bidez, ikasleek bertatik bertara ezagutzen dute herriko abeltzaintzaren eta nekazaritzaren errealitatea. Jarduerak adin ezberdinetara egokituta daude eta lantzen diren gaiak hauek dira: landa-bizimodua, elikagaien ekoizpena eta ingurumenaren jasangarritasuna.

Jon Iraola Eibarko alkatea pozik azaldu da izendapenarekin: “Izendapen hau landa-ingurua balioan jartzeko eta inguru hori belaunaldi berriei hurbilarazteko egiten ari garen lanaren isla da.  Nahi duguna da gazteek ulertzea lehen sektorearen garrantzia eta baita sektore horrek gure gizartean duen inpaktua ere”.

Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak “Basarrixa Hurretik” ekimenaren inpaktu positiboa azpimarratu du: “Programa honek hezteaz gain, kontzientziazioa ere sustatu nahi du, eta bertako produktuak erostearen eta gure ekoizleei laguntzearen garrantzia erakutsi. Ohorea da guretzat probintzia mailan lan horri egin zaion aitortza”.

Landaola Sarien egitekoa da Gipuzkoako landa-garapen arloko ekimen onenak aitortzea. Eibar beste udalerri batzuekin lehiatuko da bere kategorian, hala nola Oiartzun, Oñati, Legazpia, Berastegi eta Azkoitiarekin.