Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udala gogoeta-prozesu bat egiten ari da Armagintza Museoaren etorkizunaren inguruan

 Armagintza Museoa. Argazkia: https://armia-eibar.eus/eu.

Armagintza Museoa. Argazkia: https://armia-eibar.eus/eu.

2022/05/06

Hasitako gogoetak gure herriak duen industria-ondarea balioan jarri nahi du, museoaren premiak antzeman, bai eta oinarriak jarri museoak etorkizunean zer izan behar duen erabakitzeko. Portaleko egungo espazioa ez da nahikoa herriaren ondare industrial eta historiko aberatsa gordetzeko eta balioan jartzeko.

Eibarko Udalak gogoeta-prozesu bat jarri du abian Portaleko bosgarren solairuan dagoen Armagintza Museoaren etorkizunaren inguruan.

Gogoeta horren xede nagusia da gure herriak duen ondare industrial aberatsa, merezi duen bezala, balioan jartzea; izan ere, gaur egun ondare horren zati txiki bat baino ezin da erakutsi. Hortaz, etorkizuneko Museoaren oinarriak definitu eta finkatu beharko lirateke, museoa eskaparate bihurtuz herritarrak gure herriko industriaren historiara hurbiltzeko, eta egitasmo bideragarri bat garatuz, denboran iraungo duena eta, batez ere, ekonomikoki jasangarria izango dena.

Hausnarketa-prozesuan, batetik, gure herriaren museo-beharrak antzeman eta aztertu ahal izango dira, hau da, gure museoak zer beharko lukeen, lehen aipatutako helburua lortzeko zer giza baliabide eta bitarteko material beharko liratekeen, eta, bestetik, aztertu eta gainditu beharreko gabeziak eta mugak zerrendatu ahal izango dira, herriak merezi duen museoa izan dezan.

Lan hau udal planetan txertatzen da, hain maitea dugun Eibarko museoak erakunde bizia izaten jarrai dezan, eta, etengabeko hobekuntza bilatuz, Eibarko industriaren eta ondarearen erakusgarri izan dadin.

Hasitako hausnarketa-prozesuaren lehentasunezko zereginetako bat izango litzateke museoaren kokagune berria bilatzea, bereziki kontuan hartuta etorkizunean izan dezakeen hazkundea eta garapena, bai ikuspegi fisikotik, bai digitaletik.  Museoaren inguruan egindako azken azterketek argi eta garbi ondorioztatu dute Portaleko egungo espazioa ez dela nahikoa Eibarko ondare industrial eta historikoa gordetzeko, erakusteko eta balioan jartzeko.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “hausnarketa honek lasaia, zehatza, xehea eta zeharkakoa izan beharko luke; izan ere, museoan egindako edozein esku-hartzek, baita balizko lekualdatzeko aukerak ere, inbertsio ekonomiko handia eskatuko luke. Helburua da proiektu ekonomikoki jasangarri bat lortzea eta denboran iraungo duena; horregatik, funtsezkoa da gauzak ondo pentsatzea eta zer nahi dugun ondo neurtzea, zenbat kostatuko den egitea, zenbat mantentzea eta zer laguntza izan dezakegun beste erakunde batzuetatik.”

Iraolak azpimarratu duenez, “azkenaldian, hainbat komunikabidetan  herritarren  proposamenak azaltzen ari dira gaiari buruz, nolakoa izan beharko lukeen museoa eta non egon beharko litzatekeen.  Planteamendu horiek, ezin bestela izan, kontuan hartu behar ditugu.  Nolanahi ere, Alkatetza eta Udalaren talde teknikoa da prozesua gidatu behar duena eta planteamendu bat egin behar duena; gustatuko litzaidake, gaiaren garrantzia aintzat hartuz, planteamendu horrek ahalik eta adostasun eta kontsentsu handiena izatea. Dena dago zabalik.”

Horren harira, eta museoa beste leku batean kokatzeko aukeraren aurrean irtenbideak bilatze aldera, alkateak hauxe jakinarazi du: “Duela gutxi El Corte Ingleseko zuzendaritzarekin bildu naiz, jakiteko zein den merkataritza-zentroak instalazio horietan museoa jartzeko duen jarrera Udalarekin batera lan egiteko. Oraingoz, lehen kontaktu bat baino ez da, eta aukera emango liguke planteamendu zehatzago eta errealistagoak egiteko.

Era berean, Udalean goragoko beste administrazio batzuen konplizitatea bilatzen ari gara, behar diren balizko inbertsioei ekiteko”.

Azkenik, Jon Iraola alkateak nabarmendu duenez, “Armagintza Museoari buruzko gogoetaren helburua da balioan jartzea azpiegitura hori eta haren ondare-funtsak, eskualdeko eta inguruneko kultura-erreferente gisa, eta, horrez gain, azpiegitura hori etorkizunean Eibarrek izan behar duen trakzio-elementuetako bat bihurtzea, eta hiriak gure Erkidegoaren garapen ekonomikoan historikoki izan duen zeregina aitortzea; izan ere, ondasun hori, ukigarria eta ukiezina, gorde eta sustatu beharreko ondare bat da”.  

Askotariko funtsak Museoan

Armagintza Museoa 2007an ireki zenetik, Eibarko Udala pixkanaka bere ondare-funtsak aberasten joan da, interes historiko-kulturaleko artikuluak eta ondasunak erosiz, bai eta partikularrek edota hainbat erakundek —Udalaren ardurapean gera daitezen eta herritarrek ezagut ditzaten interesatuak— dohaintza garrantzitsuak eginez ere.

Museoak Armeria Eskolako Armen Museoak utzitako funtsekin ekin zion bere bideari eta gaur egun mila arma baino gehiago ditu, 5.000 industria- eta artxibo-objektu, ehun pieza artistiko eta 6.000 dokumentu inguru.

Ondorioz, material guztia gordetzeko leku gehiago behar da, eta hori ere kontuan hartu behar da hasitako gogoeta-prozesuan.

Gainera, Museoko ondare-funtsaren zati txiki bat baino ezin da erakutsi gaur egun.  Funts iraunkorrez gain, Museoak aldian behin beste era bateko erakusketak antolatzen ditu.