Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Kontsumitzaileen Bulegoak (KIUB) 1.200 kontsulta jaso ditu aurtengo lehen seihilekoan; horietatik 154k erreklamazioaren bidea hartu dute

Eibarko Kontsumitzaileen Bulegoak (KIUB) 1.200 kontsulta jaso ditu aurtengo lehen seihilekoan; horietatik 154k erreklamazioaren bidea hartu dute

Eibarko Kontsumitzaileen Informazio Udal Bulegoa (KIUB).

2019/09/20

Telefonia eta gas zein elektrizitate hornidura dira kontsulta eta erreklamazio gehienen arrazoi nagusiak.

Eibarko Kontsumitzaileen Informazio Udal Bulegoak (KIUB) aurten guztira 1.201 kontsultari erantzun die, eta horietatik 154k erreklamazioaren bidea hartu dute. Telefoniarekin eta energia-hornikuntzarekin (gasa eta elektrizitatea) lotutako gaiak izan dira beste behin kontsulten, kexen eta erreklamazioen motibu errepikatuenak urtearen lehen sei hilabeteetan.

KIUBek ezagutzera eman duen balantzearen arabera, dinamika bera dago aurreko urteetan ere: telefonia da arazo gehien eragiten dituena, eta ondoren energia-hornikuntza, izan ere, kexa asko jartzen ziren bezeroak harrapatzeko modu erasokorragatik, eta lortu zen hori moztea “atez ate” bezeroak erakartzea debekatzen duen Dekretu berriarekin; baina "mesfidantza arrasto bat geratu da erabiltzaileengan, eta askotan etortzen dira KIUBera, gehiago jakin nahi dutelako beren hornikuntza-kontratuei buruz”, adierazi dute Kontsumitzaileen Bulegotik.

Gainera, banketxeekin eta aseguruekin lotutako gaiengatik ere kontsulta ugari egiten dira. Berria da, bestalde, aurten kontsulta gehiago egin izana ibilgailuen konponketari buruz.

Laburbilduz, urteko lehen seihilekoan, telefonia kontsulten % 19,58-koa izan da, energia (gasa eta elektrizitatea) % 14,44, auzokideen komunitateak % 8,59, ibilgailuen konponketak % 8,59, banketxeekin lotutakoak % 7,90, alokairuak % 7,56, aseguruak % 6,87 eta beste gai batzuk gainontzeko % 26,47. 

Kontsulten ondorioz sortutako erreklamazioei dagokienez, 85 erreklamazio bideratu dira urtearen lehen seihilekoan eta gai hauek izan dituzte oinarrian: 85 telefonia (guztien % 62), 12 energia (% 7,8), sei ibilgailuen konponketa (% 3,9), bost Internet bidezko sarreren salmenta (% 3,25), lau entitate finantzarioak (% 2,6) eta beste 42 hainbat gai (% 20).  Erreklamazioen kasuan dinamika aurreko urteetako berdina da, eta telefonia da kexen gai nagusia.

KIUBen urtearen lehen sei hilabeteetan erregistratutako 1.201 kontsultetatik 761 modu presentzialean egin dira kontsumitzailearen bulegoan bertan, Udaletxeko beheko solairuan. 220 telefonoz egin dira eta beste 220 posta elektronikoz. Batez beste hamabi erabiltzaileri erantzun zaie egunero.

Kontsulten eta erreklamazioen gestioaz gain, Eibarko KIUBek formazioa eta informazioa ematen ere egiten du lan; horretarako hitzaldiak eta kanpainak antolatzen ditu kontsumoarekin lotutako iruzur posibleak prebenitzeko

etiketak: KIUB, Eibar