Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko KIUBek bitartekaritza-lana egin zuen 2022an 147 erreklamaziotan eta 1.426 kontsultari eman zion erantzuna, gehienak telefonoz eta Internet bidez egindakoak

KIUBen bulegora sartzeko atean dagoen kartela..

KIUBen bulegora sartzeko atean dagoen kartela.

2023/03/21

Berriz ere telefoniari buruzko kontsultak izan dira gehienak, eta ondoren elektrizitatearen eta gasaren merkaturatzaileei buruzko kexen eta bidaien ingurukoak. Erreklamazioen atalean ere telefoniari eta energiari dagozkionak izan dira gehienak.

Eibarko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 2022an 1.426 kontsulta artatu zituen eta bitartekaritza-lanak egin zituen 147 erreklamaziotan. Aurreko ekitaldietan bezala, eta pandemiak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz, arreta emateko bide nagusiak telefonoa eta modu telematikoa izan ziren; bi kanal horiek dezente gehiago erabili ziren aurrez aurreko arreta baino.

Kontsumitzaileen Bulegoak argitaratutako balantzearen arabera, iaz egindako 1.426 kontsultetatik 175 bakarrik izan ziren zuzenean bulegoan egindakoak, 774 telefonoz egindakoak izan ziren, eta 477 Internet bidezkoak. Zifra horiek erakusten dute, oro har, kontsulten kopuruak behera egin duela 2021eko datuekin alderatuta, urte hartan 1.956 kontsulta izan baitziren eta iaz 1.426.

Kontsulten arrazoiei dagokionez, telefoniari buruzko gaiak dira, berriz ere, lehenengo postuan daudenak, alegia, 185 kontsulta, guztien % 13,03. Fakturazioa, Interneteko konexioak eta telefono-konpainien aldaketak izan dira gairik kontsultatuenak. Bigarren tokian, gasaren zein elektrizitatearen energia-merkaturatzaileak; 150 kontsulta izan dira guztira (% 10,57), eta gehienak fakturazio berriak eta kontratazioan dagoen informazio faltak eragindakoak izan dira.

Aseguruei eta haien estaldurei buruzko kontsultak 98 izan dira (guztien % 6,88) azken ekitaldi honetan, eta erabiltzaileak beren aseguru-etxeekin gogaitu samartuta daudela antzematen da.  Banketxeengatiko kontsultak, beste behin ere, asko igo dira: kontsulta guztien % 8,35; gainera, mesfidantza handia antzematen da bezeroen artean ezarri dituzten ordutegiengatik, eskainitako arretagatik eta pertsona nagusiei ez laguntzeagatik.

Administrazio Publikoaren zerbitzuengatik egindako kontsultak % 4,42ra jaitsi dira; iaz % 5,54 izan ziren.  Produktu elektronikoengatik egindako kontsultak % 5,90 izan dira.  Eta, azkenik, azpimarratu behar da autoen salmentagatik aurreko urtean baino kontsulta gehiago egin direla; guztien % 7,62.  

Erreklamazioen atalean, berriz, Eibarko KIUBek 147 kasutan egin zuen bitartekaritza-lana iazko urtean. Aurreko urteetan bezala, telefoniako alorra da erreklamazio gehien eragin dituena: 57 erreklamazio, egindako guztien % 38,77. Arrazoiak beste urte batzuetakoen antzekoak dira: fakturazioa, kontratazioa, betetzen ez diren baja-eskaerak, aparatuen funtzionamendu txarra eta eskatu ez diren zerbitzuak kobratzea.

Energiaren komertzializazioak, beste behin ere, erreklamazioen bigarren lekuan jarraitzen du. Kexarik ohikoenak fakturazioa eta haren formatu berria dira; guztira 13 erreklamazio egin dira, % 8,84.

2022an 5 erreklamazio egin dira (% 3,40) ordenagailuak eta, batez ere, telefono mugikorrak erostean izandako arazoengatik. Erreklamazio gehienak funtzionamendu txarragatik eta bermealdian izandako arazoengatik egin dira.  

Gainerako erreklamazioen arloak hauek izan dira: banketxeak, Correos-eko zerbitzua, edo altzarien salmenta, besteak beste.