Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko KIUBek 214 erreklamazio eta 1.742 kontsulta artatu zituen iaz, gehienak telefonoz eta Internetez egindakoak pandemia dela-eta

 KIUBek Eibarko udaletxean duen kokapen berriaren irudia.

KIUBek Eibarko udaletxean duen kokapen berriaren irudia.

2021/02/03

Gehien errepikatu direnak bidaiak bertan behera geratzeagatik egindakoak izan dira. Erreklamazioen atalean, ugarienak telefonia-zerbitzu, energia-hornidura eta banketxeekin lotutakoak izan dira.

Eibarko Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) iaz 1.742 kontsulta atenditu, eta 214 erreklamaziotan bitartekaritza-lanak egin zituen. Iazko berritasunik nagusiena izan da, Covid-19ak eragindako ezohiko egoeragatik, KIUBen arreta-kanalak nabarmen aldatu direla eta telefonoa eta modu telematikoa nagusitu direla arreta pertsonalizatuen aldean.

KIUBek egindako urteko balantzearen arabera, iaz egindako 1.742 kontsultetatik, bakarrik 339 egin ziren zuzenean bulegoan (2019an 1.304 izan ziren), Interneten, aldiz, 481 (aurreko urtean 359). Gainera, oro har, eta, pandemiaren ondorioz baita ere, kontsulta kopurua ere jaitsi egin zen, 2019an 2.056 egin ziren eta iazko urtean 1.742.

Kontsulten arrazoiei dagokienez ere izan da aldaketarik. Pandemiak eraginda, eta ezarri diren mugikortasun-murrizketak direla-eta, bidaiak bertan behera lagatzeagatik egindako erreklamazioak izugarri hazi dira; egindako kontsulta guztien % 16,23 izan dira. Arrazoi beragatik bertan behera lagatako hegaldiak ere asko hazi dira, izan ere, alor horretako kontsultak % 14,58 izan dira.

Bestalde, telefoniari buruzko kontsultek ugarienak izaten jarraitzen dute, nahiz eta aurten gutxiago izan, zehazki, egindako guztien % 6,64.

Azpimarratu behar da, halaber, Administrazio Publikoaren zerbitzuei buruzko kontsultek izan duten gorakada, % 4,43rekin, eta baita aseguruei buruzko zerbitzuen gainekoek, portzentaje bera izan baitute. Banketxeei buruzkoak ere ugari izan dira, %4,24rekin; eta zerrendari amaiera emanez, energia merkaturatzen duten enpresei buruz % 6,09 kontsulta egin dira.

Erreklamazioen atalean, Eibarko KIUBek iazko urtean 214tan egin du bitartekaritza-lana. Azken urteotan ohikoa izaten ari den bezala, telefoniako alorra da erreklamazio gehien sortzen dituena:112 erreklamazio, guztira (egindako guztien % 52,34). Arrazoiak beste urte batzuetakoen antzekoa da: fakturazioa, kontratazioa, betetzen ez diren baja-eskaerak, aparatuen funtzionamendu txarra eta eskatu ez diren zerbitzuak kobratzea.

Energiaren kasuan, berriz ere zerbitzu energetikoen komertzializazioak erreklamazioen bigarren tokian jarraitzen du, eta batez ere fakturazioarekin lotutako arazoak dira kexa nagusia; guztira 20 erreklamazio egin dira (% 7,90), dena den, 2019arekin alderatuta pixka bat jaitsi da kopurua. Banketxeei egindako erreklamazioak 10 izan dira (% 4,67). Posta-jarduerei dagokienez, Postetxea zerrendan sartu da 2020an lau erreklamaziorekin, kontratua ez betetzeagatik.

Eibarko KIUBek 2020an beste erreklamazio batzuetan ere egin du bitartekaritza-lana, besteak beste: kirol establezimenduetako zerbitzuak, edateko uraren banaketa, altzarien salmenta eta beste arlo ugari, 214 osatu arte.

Azkenik, azpimarratu behar da kexen eta erreklamazioen informazio, konponbide eta tramitazioaz gain, Eibarko KIUBek trebakuntza lana ere egiten duela, baina joan zen urtean ezin izan zela egin pandemiagatik.