Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko igogailu publikoen ordutegia goizeko ordu biak arte zabaldu da

2016/03/14

Herritarrek hala eskatuta hartu du erabakia Eibarko Udalak, eta ez du baztertzen igogailuek egunean 24 orduz funtzionatzea datorren urtetik aurrera jendeak ondo erabiltzen baditu. Igogailuen ordutegia zabaldu da bakarrik, eskailera mekanikoek martxan daudenean egiten duten zaratak eragozpenak eragingo lizkiekeelako herritarrei.

Udal-titulartasuneko Eibarko hamahiru igogailu publikoek goizeko 2:00ak arte funtzionatuko dute egunero; ordu horretan funtzionatzeari utziko diote, goizeko 6:30ean zerbitzua berriro hasi arte. Horrela, hiru orduz zabaldu da funtzionamendu-ordutegia (orain arte, gaueko 11etan gelditzen ziren); igogailuen erabiltzaileek hala eskatuta hartu du erabakia Eibarko Udalak.

Herritarrekin egindako bileretan, zein herritarrek bere kasa egindako eskaeretan, hainbatetan azaldu izan da igogailuen ordutegia zabaltzeko eskaera. Halaber, eskailera eta arrapala mekanikoen ordutegia ere zabaltzeko eskatu izan da; kasu horretan, baina, Udalak erabaki du ordutegia ez zabaltzea eta 23:00etan mantentzea gelditzeko ordua, eskailera eta arrapala mekanikoek egiten duten zaratak gauean eragozpenenak eragiten dizkielako horien inguruan bizi diren pertsonei.

Badira hainbat egun igogailuen ordutegia zabaldu dela, eta goizeko ordu biak arteko ordutegi berriaren berri emango duten errotulu berriak laster jarriko ditu Udalak igogailu bakoitzaren sarreran. Igogailuen ordutegia zabaltzeko erabakia aurreneko pausua da igogailuak egunean 24 orduz funtzionatzen edukitzeko prozesuan. Horrela, azpiegitura ondo erabiltzen bada, 2017tik aurrera, egun osoan egongo dira martxan igogailuak.

Pedro Escribano Zerbitzuetako Eibarko zinegotziaren esanetan, auzoko bizilagunen eskaerei erantzuteko hartu da igogailuen ordutegia zabaltzeko erabaki hau, haren abantailak eta desabantailak aztertu ondoren. Hauxe esan du: “Ikusi dugu igogailuen erabiltzaile ugari ibiltzen dela oraindik gaueko 11etatik aurrera, asteburuetan batez ere; hori dela eta, hartutako erabakiari esker, Eibarko bizilagunek, batez ere mugigarritasun urria dutenek, ordutegi malguagoan erabili ahal izango dituzte igogailuak etxeratzean”.

Udalak zerbitzu publiko hauen eskaintza zabaldu nahi du eta, horren bidez, ahalik eta erosoen egin horiek erabiltzea. Horrela, herritarren eskaerei erantzun die, eta berretsi egiten da irisgarritasun-sistema modernoak eskaintze aldera lan egiten jarraitzeko Udalak duen konpromisoa, zeinei esker Eibar eredua baita Estatu osoan mugigarritasun arloan.

etiketak: Ordutegia, Igogailuak