Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Eibarko Hiriaren 2017-2027 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoa" deritzon behin-behineko txostena aurkeztu da

"Eibarko Hiriaren 2017-2027 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoa" deritzon behin-behineko txostena aurkeztu da

"Eibarko Hiriaren 2017-2027 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoa" dokumentuaren erredakzio taldeko kideak.

2017/05/26

Aipatutako dokumentuak sei eremu nagusi batzen ditu; erakundeak, elkarteak eta kirol, gizarte eta kultur eragile edo agenteak elkartzen ditu, besteak beste. Behin-behineko dokumentua da eta 2017ko ekainaren 24ra arte egin ditzakete ekarpenak herritarrek pe2017-2027@sportstudio.es helbidera mezu bat bidalita. Behin betiko dokumentua prest egon behar da uztaila amaieran.

"Eibarko Hiriaren 2017-2027 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoa" deritzon behin-behineko txostenaren aurkezpena hartu du aste honetan Portalea Kultur Etxeak. Bertan izan dira dokumentua idatzi duen erredakzio taldea eta koordinatzaile nagusia. Sport S.L. Studio enpresak idatzi du aipatutako plana 37.510 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin. 2017ko otsailean martxan ipini zuen proiektua ondorengo pertsonez osatutako lantaldeak: Mº Jesús Monteagudo, Luis Solar, Iñaki Ugarteburu, Patxi Pescador (administratzailea), Boni Teruelo (koordinatzailea), Julián Gómez, Xabier Leizea, Fernando Andrés, Mº Luisa García, Luis Natividad, Marian Izpizua, Maider Blasco eta Fernando París.

Proiektua bideratu duen erredakzio taldearen esanetan, "lan honetan kirolaz ondorengoa ulertuko da: antolatutako edo bestelako parte hartzearen bitartez adierazpen edo egoera fisiko eta psikikoaren hobekuntza helburutzat duen jarduera fisikoa, baita harreman sozialen garapena edota maila guztietako txapelketetan emaitzen lorpena ere". Aldi berean, gogoratu dute "Europa osoan onartuta dagoen definizio modernoa eta zabala" dela.

Plan horren egiteko nagusia "eibartarrak motibatzea da bizimodu aktiboa eta osasuntsua izan dezaten beraien bizitzan zehar".

Planak datozen urteotan garatu edo landu beharreko sei eremu nagusi biltzen ditu: herritarren beharrak eta hiriko kirolguneak; kirola, osasuna eta heziketa; kirol ekitaldiak; kirola eta emakumea; kirola eta euskera eta irisgarritasun soziala. Proposatutako ardatz edo atal bakoitzean diagnosi bat eta datozen urteotan hobetzeko proposamenak eta ekintzak bildu dira.

Proposamen nagusienetako bat da udal kirol instalazioak sortzea eta egungo beharretara moldatzea irisgarriagoak, erakargarriagoak eta seguruagoak izateko. Zalantzarik gabe, horrek guztiak anbizio edo asmo handia eskatuko du berrikuntza sakonak egiteko. Ipurua udal estadioa bezalako kirol-instalazioak berriztea eta modernizatzea proposatu da, adibidez, erosoagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa egiteko. Gainera, Ipuruako kiroldegia berriztea proposatzen da. Halaber, komentuko edo moja-etxeko partzela erabili nahi da Ipuruako kiroldegia berritzeko. Edonola ere, asmoa da gaur egungo 10.000 baino gehiago diren abonatu eta erabiltzaileei zerbitzua eskaintzen jarraitzea.

Planean jasotako beste gai garrantzitsua da udalaren laguntzarekin sustatu nahi diren gertaerak edo ekitaldiak; izan ere, guzti-guztiak hiriaren plan estrategikoarekin bat egin beharko dute eta horien eragina edo inpaktua ebaluatu beharko da.

Behin-behineko plana eskuragarri dago herritarrentzat sportstudioserviciosdeportivos.com web orrian. Interesatuek beren proposamenak eta gomendioak egin ahal izango dituzte datorren ekainaren 24ra arte pe2017-2027@sportstudio.es helbidera mezu bat bidalita.