Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Eibarko Gizarte Diagnostikoa' izeneko ikerketa aurkeztu dute

'Eibarko Gizarte Diagnostikoa' izeneko ikerketa aurkeztu dute

IKEI aholkularitzako ordezkariak eta Idoya Sarasqueta, Gizartekintzako zinegotzia.

2018/02/27

Egindako ikerketan Eibarko Gizarte Zerbitzuen egoera jaso da, herriko gizarte diagnostikoa egin da, eta etorkizunerako erronkak planteatu dira.

Udalbatza Aretoak Eibarko gizarte diagnostikorako ikerketaren aurkezpena hartu du gaur asteartea, otsailak 27. Bertan izan dira Idoya Sarasqueta Gizartekintza saileko zinegotzia eta IKEI aholkularitzako ordezkariak. Ikerketaren helburua izan da Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariei gehien arduratzen dizkieten zazpi giza-esparruetan analisi sakon bat egitea: gizarte baztertze eta barneratzea; immigrazioa eta aniztasuna; haurtzaro, nerabezaro eta familia; mendekotasunak; desgaitasunak eta gaixotasun mentala; adineko pertsonak eta mendekotasuna; eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Horretarako, metodologia kuantitatibo eta kualitatibo batean oinarritutako diagnostiko parte hartzailea burutu da, gizartearekin loturiko esparru desberdinetan lan egiten duten eragile eta erakunde guztien partaidetza berezia bateratuz.

Halaber, proiektuaren fase eta analisi esparru guztietan genero- ikuspuntua zeharkako ardatz gisa jaso da. Bestalde, kontuan hartu dira, bai, denbora-ikuspuntua, baita Eibarko gizarte errealitatea inguruko udalerriekin ( Debabarrena, Gipuzkoa eta EAE) alderatuz ere. Gainera, informazio gehiena sexuaren arabera, adin taldeen arabera eta jatorriaren arabera (bertakoak eta atzerritarrak ) sailkatuta eskaintzen da.

Ikerketan jasotzen dira, halaber, Eibarko gizarte zerbitzuen jarduerak eta nabarmentzen da gizarte zerbitzuen jarduera nagusiena Eibarko gizarte beharren antzematea eta horiei beharrezko arreta eskaintzea dela. Gainera, azken bost urteetan erakundeen jarduerak gora egin dutela adierazten da ikerketan eta gizarte behar berriei egokitzeko aldaketak egin beharko dituztela aitortzen dute eragile edo erakunde nagusiek. Eibarren gizarte behar handiak daudela nabarmentzen da, eta erakundeen eta gizarte zerbitzuen arteko harremana eta koordinazio maila ona dela adierazten da. Eibarko biztanleriak uste du behar gehien dituzten giza-taldeak adineko pertsonak eta langabezian daudenak direla. 

Landutako ikerketan zortzi ideia nagusi jasotzen dira konklusio gisa, eta bakoitzarentzat erronka bat proposatzen da. Gauzak horrela, Eibarko biztanleriaren gizarte beharrak eta horien konplexutasuna hazi egin direnez, planteatutako erronka da antzematea, prebentzioa eta esku hartzea hobetzeko, beharrezko tresnak martxan jarri, lan-sarea indartuz. Zahartzapenak eta bakardadeak asko arduratzen du jendea, eta, horretarako, proposatzen da hazten doan adineko pertsonen giza-taldeari estaldura eta arreta egoki bat ematea, beren etxebizitzan mantenduz eta zahartze aktibo bat sustatuz. Desgaitasuna, mendekotasuna eta gaixotasun mentala hazten doaz eta arazo hori duten pertsonen beharren ikuspena handitzea proposatzen da, baita horiei zuzendutako arreta indartzea ere. Bestalde, behar ekonomikoak eta gizarte baztertze egoerak mantentzen dira eta baliabide ekonomiko eskasak dituzten pertsonei zuzendutako laguntza ekonomikoak bermatzea proposatzen da, eta baztertze egoeran dauden pertsonen arreta sarea garatzea ere. Gainera, arriskuan dauden adingabeen eta horien familien prebentzioa, arreta eta esku-hartzea indartzea aurreikusten da, udalerrian dauden baliabideak hobetuz. Beste erronka bat da substantzia arriskutsuen kontsumoa saihestea, eta ondorioz, pertsona, familia, komunitate eta biztanleria orokorraren osasunean horien eragin kaltegarria murriztea. Amaitzeko, berdintasuna sustatzen duten jarduerak indartu nahi da, batez ere gazteen artean.

IKEI aholkularitzatik adierazi dutenez, "ezinbestekoa da kontuan izatea etorkizuneko jarduerak martxan jartzeko zeharkako oinarriak ezagutzea: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, kultura aniztasuna, adin talde guztiei ematen zaien arreta, komunikazioa eta zabalkundea, eta sare-lana eta elkarkidetza".