Eibarko espazio itxietan Covid-19arekiko esposizioa murriztea bermatuko duten prebentzio eta kontrol neurriak sustatuko ditu Udalak
Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak mozio bat onartu du Udalbatza osatzen duten lau taldeek (PSE-EE, Eibarko EAJ-PNV, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos) aho batez sinatua, espazio itxietan, publiko zein pribatuetan, aireztapena sustatzeko prebentzio neurri batzuk hartzeko Covid-19arekiko esposizioa murrizteko helburuarekin.
Erabaki honen jatorrian Elkarrekin-Podemos taldeak aurkeztutako mozio bat dago, eta azkenean onartutako testua bat dator Eusko Legebiltzarrean bere garaian alderdi guztien babesarekin onartutakoarekin.
Lau alderdiek sinatutako Udalaren mozio honetan, aireztapena sustatzea proposatzen da, ikusi baita eraginkorra dela prebentziozko neurri gisa espazio itxietan SARS-CoV2-arekiko esposizioa murrizteko.
Gainera, gidaliburu eta gomendioen bidez, zenbait neurri sustatu eta bultzatuko dira gune itxietan, publiko zein pribatuetan, esaterako, garraio publikoan, ikastetxeetako jantokietan, saltokietan, ostalaritzako establezimenduetan, kultur guneetan edo lantokietan.
Jarduketa horien artean, aerosolekiko esposizio-indizeak kontrolatzeko hainbat neurri daude, hala nola pertsona bakoitzeko kanpoko aire-emariaren zeharkako metodoa, aireztapen egokia egiten ari dela egiaztatzeko
Era berean, besteak beste, CO2 mailako neurgailuen erabilera bultzatuko da, gomendatutako mailak gainditu ondoren airearen kalitatea berreskuratzeko beharrezko neurriak martxan jartzeko. Eta, azkenik, aerosolekiko esposizioa espazio itxietan areagotzen dela detektatzen denean airearen kalitatea berreskuratzeko alternatibak ezagutzera emango dira.