Eibarko enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntza-programa berriz ere martxan jarri du Udalak
Eibarko Udalak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin batera, beste behin, herrian finkatutako enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntza-programa jarri du martxan. Programaren helburua da laguntza ekonomikoa ematea enpresek Eibarko pertsona langabeak ohiko lan-merkatuan kontratatzea errazteko.
Jon Iraola alkateak hauxe azpimarratu du: “Dirulaguntza hauek are justifikatuago daude, testuinguru sozialaren eraginez ekonomian eta enpleguan jasaten ari garen ondorio negatiboak direla-eta; laguntza hauek ahalbidetu egingo dute Eibarko langabeak lan merkatuan sartzea eta herriko enpresek kontratatzea erraztea. Dirulaguntza hauek Udalak azken urteotan bultzatu dituen enplegu- eta formakuntza-programen barruan kokatzen dira, “guztiak ere Udalak enplegua sortzen daukan inplikazioaren adierazle”.
Aurtengo deialdiak 269.900 euroko partida ekonomikoa du; 169.450 euro Udalak finantzatzen ditu eta gainerako 100.450 euroak Lanbidek. Dirulaguntza hauek eskuratzeko, bai kontratatuak izango diren pertsonek, bai enpresa kontratatzaileek baldintza batzuk bete behar dituzte.
Kontratatutako pertsonak Eibarren erroldatuta egon beharko du 2022ko urtarrilaren 1etik, gutxienez; kontratazioaren unean langabetua izan eta LANBIDEn enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon behar du; ez du enpresaburuarekin ahaidetasun-harremanik izan behar; eta ezin du enpresa berak kontratatu, kontratazio hori aurreko deialdietan diruz lagundu bada.
Diruz lagunduko diren kontratuak 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean egindakoak izango dira. Aurreko urteetan ez bezala, deialdi honetan, kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izango da, eta kontratu mugagabearen bidez formalizatu beharko da. Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan beharko dira; azken horiek lanaldiaren % 50 izan beharko dute gutxienez.
Diruz lagundu daitekeen aldia hamabi hilabetekoa izango da, gutxienez, baina luzeagoa ere izan daiteke, eta kontratuak dagokion sektoreko hitzarmenaren arabera egin beharko dira. Kontratu horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute enpresaren batez besteko plantillan, kontratatutako pertsona horiek lanean hasi aurreko 6 hilabeteotan. Onuradun bakoitzeko ez da 4 kontratutik gorako diru-laguntzarik emango.
Interesa duten enpresek dirulaguntzak lortzeko eskabideak aurkezteko epea zabalik dago 2023ko urtarrilaren 10era arte. Eskabideak Udalaren web-orriaren bidez (www.eibar.eus) egin beharko dira, deialdiaren oinarrietan eskatzen diren dokumentuak eta informazioak aurkeztuz.
Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionez, 8.000 eurokoa izango da lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko eta lagunduko den epea 12 hilabetekoa. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, dirulaguntza % 50eko lanaldiarekiko proportzionala izango da.
Laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du kontratatutako pertsonaren urteko soldata-kostuen % 75 gainditu, enpresa kontratatzailearen Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatik egindako kotizazioa barne.
Halaber, 10.000 euroko laguntza bat emango da kolektibo berezietako pertsonentzako lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, eta diruz lagun daitekeen 12 hilabeteko aldi bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratazioen kasuan, dirulaguntza proportzionala izango da % 50eko lanaldiarekin lan egindako lanaldi bakoitzeko.
Atal honen barruan kolektibo berezitzat jotzen dira DSBEren jasotzaile titularrak; 35 urtetik beherako pertsonak; iraupen luzeko langabeak; eta 55 urtetik gorako pertsonak. Eta, gainera, dirulaguntzen zenbateko guztiak % 10 gehituko dira kontratuak emakumeentzat direnean.