Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko auzoetan denda txikiak sendotzeko plana jarriko du abian Udalak

Eibarko auzoetan denda txikiak sendotzeko plana jarriko du abian Udalak

Legarre kalea.

2019/12/16

Kanpainak auzo hauek hartuko ditu kontuan: Ipurua, Urki, Jardiñeta, Legarre, ekialdea eta Amaña. Planean jasotako neurrietako bat izango da Gabonetan txartelak banatzea auzoetako dendetan 200 erosketa-bonu zozketatzeko (ehun eurokoa bakoitza).

Eibarko Udalak, Eibar Merkataritza Zentro Irekiaren (ECCA) bidez, hiriko auzoetako denda txikiak aktibatu eta sendotzeko plan bat jarriko du abian. Ekimenaren helburua da gune horietan dagoen saltoki txikien jarduera soziala eta komertziala suspertzea.

Plan honen neurrietako bat Gabonetan gauzatuko da. Ipurua, Urki, Jardiñeta, Legarre, ekialdea eta  Amaña auzoetako berrogei saltoki inguruk txartelak emango dizkiete gaurtik, abenduak 16, datorren ostiralera arte, abenduak 20, erosketak egiten dituzten bezeroei.

Datorren ostiralean, abenduak 20, parte hartzen duen saltoki bakoitzak 100 euroko bost bonu zozketatuko ditu bezeroen artean. Zenbateko hori abenduaren 23tik 31ra bitartean bonua eman dion dendan bertan gastatu beharko da.

Zozketatuko diren 200 bonuen zenbatekoari dagokion aurrekontua 20.000 eurokoa da, eta Udalak finantzatuko du osorik.

Merkataritza Aktibatzeko Plan hau abian jartzeko, Eibarko Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak sektore honen garrantzia azpimarratu dute; izan ere, auzoetan bizi den biztanleria Eibarko biztanleria osoaren % 62 inguru da, eta gune horietako saltokien dentsitatea, berriz, hiri osoaren % 19.

Datu horien aurrean, kalitatezko merkataritza mantendu eta bultzatu nahi da, auzoetako establezimenduetan gaur egun dagoen kontsumo-eskaerei egokitutako zerbitzu batekin.

Hainbat faktore kontuan hartuta jarri da martxan plana. Lehenik eta behin, saltoki txikiek sozialki dinamizatzen eta aktibatzen laguntzen dute, bestela, eremu horiek degradatu egingo lirateke-eta. Gainera, garrantzitsua da adineko pertsonei arreta emateko, eta, beraz, salmenta-prozesua transakzio bat izateaz gain, erosketa-beharrei ere erantzuten die eta adiskidetasun- eta konfiantza-loturak sortzen laguntzen du.

Auzoetako saltoki txikiak, gainera, garrantzitsuak dira Km 0 eta sasoiko produktuak banatzeko. Une honetan, segur aski, mota horretako merkataritza da tokiko produktu gehien merkaturatzeko erabiltzen den tresna. Bestalde, kalitatezko produktua eskaintzen du, batez ere galkorren alorrean (fruta, barazkiak) eta haragian eta esnekietan.