Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko auzoen izena duten arbolak eta zuhaixkak landatu ditu Udalak

Ipuruan, bolerako jardiñetan landatutako ipuruak (juniperus communis).

Ipuruan, bolerako jardiñetan landatutako ipuruak (juniperus communis).

2021/04/30

Ekimen hau, Ego Ibarra Batzordearekin eta Ingurumen eta Zerbitzu sailekin koordinazioan antolatu dena, herriaren 675. urteurrenaren harira egin da. Udalak sustatu egiten du hirigintza- edo segurtasun-arrazoiengatik erretiratu edo eraitsi behar diren arbolen birlandaketa.

Eibarko Udalak izen toponimikoa duten herriko auzoetan, izen bereko arbolak eta zuhaixkak landatu ditu.  Ekimen honek hiriaren sorreraren 675. urteurrenaren karietara antolatutako jardueretan du jatorria; aldi berean, beste pauso bat eman nahi du herrian arbola gehiago izateko egitasmoan, hala, ingurumena eta historia bateratuz.

Ego Ibarra batzordeak proposatu zuen arbolak eta zuhaixkak landatzea jatorri fitonimikoa duten auzoetan. Horrela, Ingurumen eta Zerbitzu sailen bitartez honako izenak dituzten espezieetako arbolak eta zuhaixkak landatu dira: Urki (urkia), Ipurua (ipurua), Gorosta (gorostia), Aginaga (hagin multzoa) eta Saratsuegi (sahatsaldea).

Zehazki, Urki Kurutzekua parkean hiru urki landatu dira (betula alba); Ipuruan, bolerako eta Argatxago jardiñetan, bost ipuru (juniperus communis); Gorosta auzoan bost gorosti (ilex aquifolium), Azitaingo industrialdeko parkeetan; Aginagan, landa-auzoko eskolaren inguruan, lau hagin (taxus baccatta); eta Saratsuegin, skate parketik eta kirol-pistetatik gertu lau sahats (salix) landatuko dira.

Jarduera hau aurrera eramateko beste arrazoi bat izan da, pandemiaren murrizketak direla-eta, aurten ezin izan dela Zuhaitz Eguna ospatu. Hala, espezie hauen landaketarekin, eten hori konpentsatu nahi izan da, eta, era berean, keinu bat egin Eibarko auzoen jatorriari.

Ildo horretan, Udalak lanean jarraitu behar du erdigunean arbola gehiago egon daitezen, eta, horretarako bertako zuhaitzak eta beste espezie batzuetakoak landatu dira hainbat lekutan, hala nola Mogelen, Argatxan, Amañan, Egogainen edo Eroskiko biribilgunean.

Botatako edo erretiratutako arbolak berriz jartzea

Bestalde, Udalak aurrera jarraitzen du azken urteotan egiten ari den zuhaitzak berriz landatzeko lanekin, eta hainbat arrazoirengatik (nagusiki arrazoi urbanistikoak edo gaixotasunak) herriko zenbait lekutan erretiratu edo bota behar diren arbolak kentzen direnean, berriak jartzen ditu.

Jon Iraola alkatearen hitzetan “Udalaren konpromisoa da erretiratzen diren arbolak leku berean birlandatzea, eta, ezin bada halakorik egin, beste arbola batzuk landa daitezela beste leku batzuetan, kentzen den zuhaitz bakoitzeko bi berri jarriz".

Izan ere, azken hilabeteotan, arbola batzuk kendu dira Urkizu, Untzaga, Julian Etxeberria, Sostoa, Argatxa edo Amañatik. Julian Etxeberriaren kasuan (kale hori Errebalekin lotzen duen plazatxoan), bi platanondo eta urki bat eraitsi behar izan ziren, ustelduta baitzeuden eta jausteko zorian. Toki horietan guztietan landatu dira dagoeneko arbola berriak edo datozen hilabeteotan egingo da, betiere espezie bakoitzaren landaketa-zikloak errespetatuz.

"Basoberritzeko eta arbolak landatzeko politika hau oso beharrezkoa da Eibarren, dituen ezaugarri orografikoek eta espazio urbano urriak are eta zailago egiten dutelako gune berdeak eta zuhaitzak izatea", adierazi du Jon Iraolak.